Hitz gakoaren errituala

14 de Febrero 2015

Hatz-marka digitalak ezagutzeko gaitasuna duten gailu berriek passwordak ezabatuko ote dituzte aurki? Posta digitalean sartzeko, hegaldi bat edo hotel bat erreserbatu zein erosketak egiteko, edozein webgunetara sartzeko hautatzen ditugun hitz gako horiek burukomin bihurtu dira askorentzat. Ahaztu egiten zaizkigulako, beti bat eta berbera izatea ez delako aski, zenbaki bat eta maiuskula bat galdatzen zaizkigulako orain gure hobebeharrez... Hackerren mamu abstraktua aitzakia, etengabe eskatzen digute gure sekretua berritzeko. Zein hitz hautatu, honenbestez, gure gako gisara? Zein buru mekanismo kontziente edo inkontzientek gidatzen gaitu hautu horretan? Asko omen dira, euren memoria txarrean konfiantzarik ez eta, “incorrect” hitza erabiltzen dutenak, sistemak berak gogorazten baitie hartara erratzen direnean: “Your password is incorrect”. Ian Urbinak gaiari buruzko artikulu interesgarria argitaratu zuen joan zen azaroan The New York Times egunkarian: The Secret Life of Passwords. Ondorio esanguratsuak erdietsi ditu Urbinak, nork geure hitz gakoa hautatzeko erabiltzen dugun estrategiari begira jartzen gaituztenak. Izan ere, ziztuan tekleatu arren, uka ezina da halako “erritual azkar” bat dela hitz gakoa sartzea. Eta erritualek esan nahi dute zerbait. Password bat, dio Urbinak, “gorputzeko leku pribatu batean dauzkagun tatuaien parekoa da, intimoa, trinkoa eta adierazkorra”. Gaia ikertu ondoren, errepikatzen diren portaera batzuk topatu ditu. Bi mila passwordetik bi password hitza bera direla, adibidez. Edo “love” hitza dela hitz gakoak eraikitzeko gehien erabiltzen dena (deklarazio bat edo sorginkeriazko konjuru?). Izan aditzaren forma ezberdinak leudeke gero, eta ondoren “sexy”, “hot” eta “pink” adjektiboak. Ian Urbinak “team” hitza zein sarri agertzen zen ohartu zenean sentitu zuen harridura aipatzen du. Ez zuen talde lanaren aldarrikapen hori espero AEBkoa bezalako gizarte indibidualista batean, nonbait. Aurki konturatu zen, ordea, ez zeukala auzolanarekin zerikusirik hizki pilaketa hark, gaztelaniazko “teamo” hitz elkarketaren hasiera zirela, alegia...“Ilove” hizkien ondoren letorkeenari buruz, estatistikek diote lau aldiz gehiago direla gizonezkoen izenak gero datozenak, emakumezkoenak baino. Egin dezala nork bere irakurketa.

  Garbi dago era guztietako amodio deklarazio ezkutuetarako leku aproposa dela hitz gakoa (izan senideen arteko maitasuna, ezkutukoa, gauzatua edo maskota bati eskainia), hori beti gogoratuko dugulakoan. Souvenir antzeko zerbait,  “otoitz express” bat edo errezo inkontziente bihurtua. Behin udan maitemindu zinen neskaren izena erabil zenezake hitz gakoa eraikitzeko, eta horri, ezagutu zenueneko hilabetea eta jainkosa mitologiko baten izena erantsi. Ez litzateke harritzekoa, hainbat urte beranduago, udako afera amaitu ostean ere, hitz gako berbera erabiltzen segitzea. Gorroto adierazpenak diren kasketa fosilizatuak ere izan litezke hitz gako. Asko ei dira, kasu, “Ihatemyboss”, “myfamilyhatesme”, edo “Killmeplease” passworden trazakoak. Beste batek, jaio aurretik galdu zuen haurrari jarri asmo zion izena erabiliko dizu. Baina izan liteke zerbait friboloa edo zorion enkapsulatua –paradisu galdua– iradoki lezakeena ere: kantu bat, maratoi erdian lortu zenuen marka zoragarri hura, gurasoekin uda pasatzen genuen herriaren izena, taberna bat, pertsonaia literario bat, inizial zerrenda bat, txiste pribatu bat, ahulezia bat (txokolate marka bat)...

  Leku –edo ezleku– konfesionala da internet, gero eta gehiago, eta Ian Urbinaren aburuz, geure hitz gakoa ahazten dugunean konputagailuaren automatismoak purgatoriora eramaten gaitu hainbat urte lehenago guk geuk hautatutako “segurtasunezko galderarekin” aurrez aurre jartzen gaituenean, batez ere, guk inolaz ere ahaztuko ez genuen hura ere ahaztu dugula jabetzen garelarik: “Zein zen zure txikitako lagunik onena?”. Horrek ez du esan nahi jendeak sareari ematen dion informazioa ezkutatzen saiatzen denik beti. Ian Urbinak “nudista digitalak” esaten die, adibidez, euren hitz gakoari inolako garrantziarik eman ez, eta “123456789” bezalako password errazak apropos erabiltzen dituztenei. Ez da agian zuhurtzia falta, baizik eta praktikotasun arrazionala; masa itzelaren baitan babestuta, jendetzan bat gehiago izate hutsak babestuko dituen itxaropena dute. Geure burua interesgarriegi eta espiagarriegi jotzearen handinahikeriak galtzen gaituela, alegia, askotan. 

Territorios gehigarrian argitaratua.