Baietz etzi itzuli
Dibisa atzerritarrak eurotara aldatzen saiatzea bezala da itzultzea: txanpon txiki gogaikarriak zenbatu beharra dago, inoiz ez digutelako zifra biribilik itzultzen. Itzulezinak dira hitzak, baiki, baina ez dugu horregatik amore emango: demagun, bat aipatzeagatik, ingelesezko stocking. Media omen gaztelaniaz, baina nire iritzia jakin nahi baduzue, media bat ez da stocking erdira ere iristen. Euskaraz askoz okerragoa da, hala ere, galtzerdi ematen baitu hiztegiak stocking-en baliokide. Silk stocking, honenbestez, “zetazko galtzerdi” litzateke. Barkatu, baina urrundik ere ez da gauza bera. Lekutan dago inori galtzerdia orkatiletik kentzea edo izterretik stocking bat eranztea. Itzulpen egokia, hitzen zehaztasuna, inportantea da libidoa bere lekuan mantentzeko.
Bidaia luzea egiten dute berbek batzuetan, esan gabe doa. Bizzarro hitzak, adibidez, ausarta esan nahi du italieraz, eta bada dioenik, ausardia bizarrarekin edo bular bilotsua izatearekin lotzen zenez, euskaratik letorkeela: euskaldunek behiala marinel portugaldarrak zikin eta bizarra egin gabe ikusten zituzten nonbait, krakatsu –kraka eta gripea portugesen kontua soilik balira bezala– eta bizardun izendatu zituzten. Haiek eraman bide zuten gero Italiara hitza eta handik jasoko zuketen gero ingelesak eta frantsesak, bizarre, esanahia apur bat aldatuz (ausardia arraroa baita egunotan, egia: bizarroa da ausardia). Eta guk orain berriro haiei lapurtu diegu hasieratik gurea zena... Corominas hizkuntzalariak uko egiten dio teoria honi, edonola ere, baina batek daki.
Bitxia da txandal hitzaren jatorria ere. Hitz modernotzat hartuko duzue askok, baina 1893tik dator: Parisko Le Halles merkatu erraldoian, Emile Zolak “Parisen sabela” izendatu zuen hartantxe sortu zen. Barazki saltzaileek mahuka motzeko jertse arin bat erabili ohi zuten lanerako, orgatilak batera eta bestera aise mugitu eta lanaren kirola erosoago egiteko. Marchant d´ail hitzetik letorke, beraz, txandal hitza. Alegia... “baratxuri tratante” edo baratxuri saltzaileek zerabilten arropatik... Hortik chandail laburdura lehenbizi eta gure txandala gero. Ezagunagoa da agian euskarazko “txortan” hitzaren jatorria: Terranovako uretan edo Gran Solen ibili ondoren portuetako putetxe anglofonoetara egindako bisitetan sortua omen. Euskal arrantzaleek dirua edo denbora (edo biak) izaten zituzten nonbait urri, eta oferta bereziari heltzen bide zioten beti, ez happy hour eta ez early bird, baizik eta, denbora labur eta dirua eskas zutenentzako eskaintza: short time. Italiarrek dioten legez, si non è vero è ben trovato...
Hor daukagu alderantziz hitza ere, berba nudista inondik ere (edo Ondarrun esango luketen bezala, “popabisteru”), bistan dagoena erantzi eta gauzen ifrentzuaren, edo ezkutatzen zaigunaren gainean argi pixka bat eman nahi luke alde erantzian dabilen hitz honek. Kaxmir jertsea edo galtzerdia eranzten duen hitza da alderantziz. Edo zergatik ez, behin eranzten hasita, izterrerainoko stocking luzearekin ongi ezkontzen dena.
Euskarak hitz eder-ederrak dituenik ezin uka. Etzidamu da nire kuttunetako bat. Ez dut beste hizkuntzarik ezagutzen etziren ondorengo eguna adierazteko hitz bakarra daukanik. Etzi bera ere arraroa da, izatez: pasado mañana diogu gaztelaniaz, the day after tomorrow ingelesez, baina inoiz ez hitz bakarrarekin. Guk, aldiz, lau letra baino ez ditugu erabiltzen: etzi. Atzoren aurreko hereneguna ere aipagarria da, herensugeak sugetik bezala, heren bat bakarrik baitu egunetik herenegunek, gugandik urruntzen doan egun lauso horrek. Etzidamu, ordea, gaindiezina begitantzen zait, etzi baino haratago doalako, aurreikuspen edo planifikazio itzela eskatzen duen hitza izaki. Ez biharko eta ez etzirako, hiru egun barrurako hitz bat izateak berak gutxi esango balu euskaldunez, zera da zoragarriena, nola izendatzen dugun egun hori, etziri eransten zaion damu atzizki horren bitartez. Etzidamu. Ez al duzue zer edo zer ironikoa antzematen hitz honen baitan? Esan nahiko baligute bezala, “edozer egiten duzularik ere, baietz etzi damutu!”. Filosofia sarkastiko-erlatibistan bete-betean sartzen da etzidamu berba. Irakaspena? Alu samarra izan beharra dagoela hitz politak eta iraunkorrak asmatzeko.
L, O, V, E, H, A, T, E... hatz bakoitzean hizki bana eta esku bakoitzean hitz bat, LOVE eta HATE tatuatzen zituen Robert Mitchumek La noche del cazador filmean. Guk, XXI. mendeko hipster bizardunok, beste zortzi letra horiek tatuatu genitzake hatz-kozkorretan: eskubikoan ETZI eta ezkerrekoan DAMU.
(Territorios gehigarrian)