Poeta osoa, poeta pitzatua
Duela 40 urte, 1974ko urriaren 4an, bi vodka edan, hirugarren bat eskuan hartu, eta bere amaren larruzko jaka luzea soinean, etxeko garajean giltzapetu zen AEBek eman duten poetarik handienetako bat. Cougar auto gorriaren bolante aurrean jarri eta motorra piztu zuen gero. Baina ez motorra bakarrik –eta xehetasun hau ez da hutsala–, irratia ere bai. Anne Sextonen amaiera lazgarriaren teatraltasunak laburbiltzen du bere bizitza. Adikzioa, alaba ere baden amaren larru babestailea, abiaduraren poz bizia, bere buruko ahotsak tapatzeko irratia. Musika oso ozen jartzeak baretu egiten omen zituen bere zentzuak, lasaiago idazten laguntzen zion. Anne Sexton poeta laudatua, buruko eritasunak ezin gainditurik, bere urtebetetze egunaren inguruan saiatzen zen bere buruaz beste egiten. Oraingoan ez zuen hutsik egin. Berrogeita bost urte zituen. “Zure Jainkoa zure idazmakina da” esan zion behin elizgizon batek, hark eskatu bezala dekretuz fededun bihurtu ezin zezakeela azaldu zionean. Zertan sinetsi bilatzen baitzuen Anne Sextonek. Sostengu hori aurkitu gabe hil zen: Jainkoarengana arraunean joan behar latz hori izan zen inprentarako prest utzi zun azken liburua, bere guztiak bezala, izenburuan asko –gehiegi, beharbada– esaten zuena. Sukar batean idatzi zuen, hogeita hamar egunetan. Bere buruarengandik ihesi eta topatzen ez zuen irla baten bila arraunean beti (“istorio hau amaitzen baita/ arraunean naukala oraindik”). 1960an Eroetxeraino eta ia-ia osorik bueltan argitarartu zuenetik, AEBetako psikiatra askok terapia adibidetzat erabiliko zuten Sextonen literatura konfesionala. Komeni baita gogoratzea, extimitateaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, hau ez dela deus berria. Bere maitale, guraso, senar, alaba eta medikuei buruz etengabe idazten du Sextonek. Bizi ala hil (1966) izenburu erdiragarria Saul Bellowen zita bati zor dio: “Bizi ala hil, baina ez dena pozoitu”. Bidean harrapatzen duten guztia herrestan eramaten dutelako Sextonen poemek, denbora alderantzizkatu eta jatorrira itzuli nahiko balu bezala (“altzari zaharkitu haiekin zuhaitz bat egin”). Sendagaiek lur jota uzten zuten, baina haiek hartzeari lagatzean, ahotsak itzultzen ziren. Gai zen, hala ere, pozari eta gozamenari abesteko, masturbazioari gorazarre egin eta bere umetokia laudatzeko (“Gaixorik eta hilzorian zeundela esan zuten,/ baina oker zeuden./ Eskolume batek bezala abesten duzu.”). Amodiozko gutunak idazteko gai da sutan diren eraikinetik, festak, koktelak eta enkontru gozoak dastatzeko. Gray zen bere ezkontaurreko deitura, eta gustatzen zitzaion Dorian Grayrekin bere burua parekatzea: ezkutuan zahartzen den erretratua denon bistara jartzen du, ordea, Sextonek; gardena da bere armairua. Arratoiak eta zakurrak, animaliak oro har, sarri ageri dira bere poemetan; gustuko zuen oso, adibidez, dog hitza, jainkoaren hain antzeko delako: aski da alderantziz irakurtzea (God). Ms. Dog izendatzen zuen zenbaitetan bere burua.
1971ean ipuin tradizionalak hartu eta bere kasa berridatzi zituen: Txanogorritxoren bertsioan, honela zioen: “Eta ni. Ni ere bai./ Oso bare kokteletan,/ nire buru barruan/ bihotza parez-pare zabalik ebakuntza egiten didaten bitartean.” AEBak ere ez ziren haren jomuga kritikotik libratu: “Gu gara Amerika./ Guk betetzen ditugu hilkutxak./ Gu gara heriotzaren dendari./ Azaloreen moduan sartzen ditugu hilkutxatan (...)/ Hauxe da heriotzaren merkatua./ Amerika, non daude zure egiaztagiriak?”
Bizitza osoan ondoan izan zituen medikuak. Psikiatra guztiei berdin gertatzen omen zitzaien: amorez hartzen zuten lehenbizi, amore ematen zuten gero. Haien harrokeriari idatzi zien, zorrotz: “Sendabidea jartzean,/ eguzki berritan daude./ Hilko balute inor,/ lurra mozorrotzaile./ Bihotza geratzeaz bainoago/ harrokeriaz behar lukete ardura./ Harroegi badira/ –gertatu ohi da–/ zaldiz doaz etxetik utikan,/ baina Jainkoak ditu/ itzularazten oin bitan.”
Poesia ez zen, beharbada, ezeren sendabide, baina suizidio saiakera batetik besterako tarteak luzeagoak izatea lortzen zuen, behintzat. Denbora irabaztea. Bere burua kristalezko ontzi batekin parekatzen zuen Sextonek: “baina kolpatu eta pitzatzen denean soilik ematen du hark bere benetako argia, nire arimaren zokorik ilunenean begiratu ondoren soilik”.
Oso antzeko esamoldeak ditugu euskaraz
horretarako, egia esan: denok dakigu pertsona osoa edo pitzatua zer
den. Eta denok dakigu pitzatuta bizitzea dela, agian, benetako artea.
Halabeharrez pitzatuta. Puskatu gabe, ahal dela.
Territorios gehigarrian.