Idazmakinak: binilo berria?
Garai batean bazen zerbait idazmakinaz idaztea. Zenbat aldiz ez ote dugu Paul Auster ikusi, bere Olympia makinarekin? Cormac McCarthyk kontatu ohi duenez, Olivetti Lettera 32 bat erabili zuen hamarkada luzetan, noizean behin hautsa kentzea baino mantenu gehiagorik eskatzen ez ziona. Ez zuen, gainera, McCarthyk leku aratz eta garbietan lan egiten, hain zuzen: Suttree nobelako pasarte asko, Tennesseeko abeletxe batean idatzi zituen, txerriz inguratuta. Txirrindulariek bizikletekin bezala, idazleak idazmakinekin agertu behar argazkietan. Hala zen legea. Izenetik bertatik hasita (Smith Corona, Underwood), armekin parekatzen ziren sarri idazmakinak –Remington etxeak, izatez, biak fabrikatzen zituen–.
Brian Awehalik horrela idatzi du duela zenbait aste East Bay Express astekarian: “Idazmakinekiko interes berritua ez da moda kontua bakarrik. Eguneroko martxa moteltzeari dagokion zerbait da, kontzentrazioa mantendu eta sakontzeari eta, neurri batean, baita desatxikimendu digitala garatzeari ere”. Slow Write honi buruz gehiago jakin nahi duenak, irakur beza Richard Polten manifestua (The Typewriter Insurgency). Gil Scott-Heronen The Revolution Will Not Be Televised kantuari keinu ironikoa egiten zaio bertan: “The Revolution Will Be Typewritten” aldarrikatzen da, oraingoan.
Zenbait argazki-karrete gehiago fabrikatuko ez zirela jakin zutenean argazkilari profesionalak stock guztia erosteari ekin zioten moduan, euren idazmakina xaharraren fetitxeari eusten dioten idazle nostalgikoek ere eskuratu ahala tinta-txirrika erosi zituzten ordenagailuak nagusitzearekin batera.
AEBetako azken idazmakina lantegia aspalditxo itxi zuten, eta Brasilen eta Txinan bakarrik jarraitzen dute modelo zehatz batzuk seriean ekoizten. Eta, hala ere, San Francisco inguruan bada bizpahiru denda idazmakinak saldu, erosi eta konpontzen soil-soilik lan egiten dutenak. Izan ere, idazmakinak oparitzea modan jarri ei da. Oparitzea bakarrik ez, erabiltzea ere bai. Balio sinboliko handia dute, zertan uka. Emakumezkoak lan mundura sartzearekin zerikusi handia izan zuten, esate baterako, bulegoetako idazkari eta mekanografista izatea baitzuten ia sarbide bakar. Eta objektu bezala ere xarmarik ez zaie falta. Biniloarekin gertatu den antzeko zerbait gertatzen ari da idazmakinekin, zenbaiten ustez: diskoa garbitzearen errituala, orratza kontu handiz jartzearena... lotura fisikoen bila dabilela jendea, lainotik ihes. “Teknologia gure bizitza erosoagoa izan dadin gauza ederrak egiten ari da, baina erosoena ez da beti plazer eta poz gehien ematen diguna”, dio Doug Nichol zinegileak. Idazmakinen inguruko dokumental bat egiten ari da.
Hau dena, osasunaz ez hitz egiteagatik, jakina. Epe luzera egunero zortzi ordu pantailaren aurrean egotearen eraginak ikertu gabe daude oraindik –gu gara lehen akuriak–, baina garbi samar dago loaren arazoak areagotu eta melatonina indizeak aztoratzen dituela begiari zuzenean eragiten dion argi horrek. Uste baino landareen antz handiagoa dugula, alegia.
Bitxia da –edo agian logikoa erabat– Silicon Valley hain gertu egonda, motelagoa denarekiko, mekanikoa eta zaharra denarekiko, erritualarekiko gustua hain garatua izatea San Franciscoko badian. Oaklandeko pabilioi galdu batean, ospitale zatar eta erraldoien artean, gutxien espero duzun lekuan, espresso bat har zenezake zure ondoan kafe-makinak konpontzen dituzten tailer zoragarri batean. Sosegu halako bat ematen du akats mekanikoen bila dabilen langile patxadatsua zure ondoan mahoizko jaka soinean ikusteak.
Tranbia-gidarien arteko zintzarri-txapelketa bat antolatzeko gai den hiri honek estimatzen du, uka ezina da, esku-lana. Ez da kasualitatea bertan bizi den idazle bat izatea –Dave Eggers– The Circle liburuaren egilea. “Zerbait gertatu bada, jende guztiak jakin behar du” lemapean lan egiten duen korporazio handi eta ez-batere-fikziozko bat du nobelak abiapuntuan. Horra hor idazmakinak erabiltzeko beste arrazoi bat: geronek elikatutako zelata globalaren aurrean, gero eta gehiago dira gailu desentxufatuak aldarrikatzen dituztenak. Hipertestuaren liluraz haratago, idazketa linealera itzuliko gara? Batek daki. Segurua dena da erresistentzia bat egon badagoela, eta hori beti da interesgarria. Twitter-ek bere egoitza jartzeko eraikin berri bat erosi ondotik auzotarrek hizki erraldoiez egindako ongietorria irakurri besterik ez dago: “Gustatuko litzaiguke Twitterri ongietorria egitea, baina karaktere gehitxo dauzkagu aukeran horretarako”.