On Quixotek Gaur Egun aurkeztu zuenekoa
Literaturaren eta zenbait telesailen arteko loturak ikusten setatuta gabiltzanoi arrazoia ematera dator Aaron Sorkinen The Newsroom. Ez soilik The West Wing hartako berba jario etengabeari eutsi eta oso osorik elkarrizketen gainean sostengatzen den tramankulu dramatiko paregabea delako, baizik eta baita Will McAvoy protagonistak (Jeff Daniels, bere bizitzako paperean) bere burua On Quixotetzat duelako ere. Ez da txantxa. Edo bai. Albistegietako izarra izateaz gain, bere ofizioarekin konprometitutako kazetari zorrotza, apasionatua eta soborna ezina baita McAvoy. Hainbat ataletan esplizito egiten du –ironikoki, nola bestela?– Quixote izaera hori: “Ni naiz Quixote, eta zu Santxo, ene ezkutari fidela!” diotsa produktoreari. Fox News bezalako korporazio handiek euren burua Deabruari saldu dioten garaian, albistegi serio, independente eta tatxa etikorik gabea egiten saiatzen da McAvoy, audientziekin borrokan, erraldoi guztien kontra, txutxumutxuak eta gezur interesatuak aireratzen dituzten haize-errota guztien aurka. The West Wingen premisa AEBetako presidente orbangabea eta haren inguruko talde ia perfektu baten hipotesia lantzea bazen –amerikar baten ikuspegitik perfektua, jakina– The Newsroomek helburu bera du, baina albistegietako erredakzio batera ekarria. Nolakoa litzateke tele-esatari perfektua? Ez dago erredakzio honetan arrazakoa ez den kazetaririk. Bakar bat ere ez ogibide hori bokazioz hautatu ez eta bere bizitza albiste on baten truke sakrifikatzeko prest ez legokeenik. Borborra, pasioa eta garai bateko adrenalina itzuli nahi dizkio fikzio honek kazetaritzari. Zentzu horretan, zientzia fikziozko telesaila dela ere esan liteke, gaizto jarrita.
Glengarry Glen Ross bezalako film parlatuak egiten zituen garaiko David Mameten pare dabil Aaron Sorkin. Gutxiegi erakutsi eta gehiegi esaten duten pertsonaiak sortu izana leporatu dio kritikak, baina zaila da haren anbizioaren aurrean ez errenditzea. The West Wing telesailean Etxe Zuriko prentsaurrekoen bidez komunikazio master bat eman zigun gizonak, kazetaritza master bat eman nahi digu orain. Eta batzuetan lortu egiten du. Iturri ezberdinetatik albisteak baieztatzeko premia, iturri horiek babestearen garrantzia, share maila ez galtzeko ordaindu beharreko prezioa, teknologia berriek ekarritako albo kalteak... Ezin hobeto jorratzen ditu horiek denak. Gaurkotasun handiz, gainera; Ekialde Hurbileko albisteak horren lekuko.
Aaron Sorkin bakarrik ausartzen da –eta zer inbidia eta zer ezintasun gurea!– bere pertsonaietako baten ahotan Robert Herricken poema bat jarri eta tentsio sexual gauzatu gabearen baliabide jada okaztagarriari literatur lustrea ateratzen (“Gather your rosebuds while you may/ Old time is still a-flying:/ and this same flower that smiles today/ Tomorrow will be dying”). Hain da atergabea The Newsroom honetako berba jarioa, ia edozertarako lekua baitago: berdin On Quixote aipatzeko edo XVII. mendeko poema klasiko bat. Konplexurik gabe. Eta funtzionatu egiten du. Breaking Baden Walt Whitmanen Leaves of Grass poemarioaren agerpen fetitxeak funtzionatzen zuen bezala.
Aitor dezagun: zirrikitu askotatik aberkoikeria kiratsa darion telesaila da The Newsroom (horretan ere The West Wing-en pare). Gaitasun horren jabe da Sorkin: hunkitu egiten zaitu minutu batean eta nazka ematen dizu hurrengoan. Bereziki lotsagarria, Bin Ladenen hilketa kontatzen duen atala; zein modu lizunean ospatzen den haren heriotza eta nola pertsonaia bakarrak agertzen duen gutxieneko errukia. “Zerk egiten du AEBak munduko herrialderik onena izatea?” galdera ezin xaloagoarekin hasten den telesail bati, ezin aberkoikeria ukatu, nola ba. Aaron Sorkinek, gainera, albistegi aurkezle demokrata bat hautatu beharrean, bere izarra errepublikar moderatu eta aberatsa izatea aukeratu du, bista handiz. Tea Party-aren kontrako borrokatzaile sutsua izateko sinesgarritasuna ematen dio horrek.
Kolonizatuta nagoela esaten didate lagunek. HBO kateko telesailek nobela frantsesak baino espazio gehiago okupatzen dutela jada nire liburutegiko apaletan. Ez zaie arrazoirik falta. Baina inork koloniza zaitzan, lehenbizi beretik sortu behar du. Bere ikonografia, bere hiriak, bere musika eta bere fikzioa erakargarri egin. Gure telebista bakarrak gutxitan lortu duen zerbait: kate asko izateak nortasun disoziazioa adierazten baitu gure kasuan, ezen ez aniztasuna.
Ez naiz Lauaxeta eta Lizardi Goenkalen aipatzearekin konpon daitekeen ezertaz ari, jakina. Telesail literarioak maite ditut, baina ez naiz so quixote.
“Gabon... eta ondo bizi”.
Territorios gehigarrian