Bestiarium gastronomicae

Editorea: Gourmandia  + KM
Urtea: 2006
ISBN: 978-84-935310-0-3
Orrialdeak: 207

Itzulpenak: Hermina Szantho/Harkaitz Cano

Gyula Madarasz ornitologo eta humanista handiari egindako omenaldia. Jose Belmonte Rocandioren irudiekin eta Andoni Luis Adurizen errezetekin osatu bestiario jangarria. Erakusketa ere egin zen KM-ko ganbaran, Laia atelierrari esker (Santos Bregaña). Bi edizio egin ziren: bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz.

«Kakalardo meatzaria

Kakalardo meatzariak ezaugarriren bat baldin badu nabarmen, da berak garraiatu ahal izateko zulatu egiten dituela erdiz-erdi elikagaiak. Topatzen badu, konparazio, tamaina handiko baratze-marrubi bat, eta ohartzen bada ezingo duela jakia bere indarrez pirritan gordelekuraino eraman, kontu handiz hasten da fruituaren erdialdea jaten. Hartara, zulo edo tunel bat egiten dio mamian, alderik alde, fruitua bera puskatu gabe. Fruitua lardaskatu ahala, antenetatik hasita, poliki-poliki sartzen da marrubiaren mutur batetik, harik eta bere aurreko hankak eta burua bestaldetik ateratzea lortzen duen arte. Jatekoa soinean daramala lurrean barrena oinez doalarik gero, gehiago begitantzen zaio ikusle zurtuari kakalardo meatzari hori fruituzko armadura ibiltaria, berez den kakalardo arrunta baino. 

Kakalardo meatzariak arrisku handia du fruitu-zale den beste animalia handiagoren batek irentsia izateko eta, horregatik hain zuzen, presaka ibili beharra izaten du elikagaien lekualdaketan. Behin gordelekura iritsitakoan, gainera jauzi egiten diote kakalardo-kumeek, familia buruak soinean daraman bular-babes fruituzkoaz elikatzeko irrikaz denak. Okerrenean, fruitua helduegi badago (baratze-marrubia aipatu dugu, baina abrikotarekin ere gertatzen da), bidean berandutzen bada, edo sinpleki tenperatura altuen kariaz fruitua beratu bada, gerta daiteke fruituaren mamia kakalardoaren benetako oskolarekin nahasi eta biek bat egitea, halako moldez non ezinezkoa izango den bien artean sortzen den substantzia lingirdatsua bereiztea, eta kakalardo-kume ttipi gosetiek ez luketenez aitak garraio dakarren fruituzko armadura eta beraren oskola likatsua bereizteko modurik, bere senideek jango lukete kakalardo meatzaria, tragikoki bezain literalki lituzkeelarik bere ttipiak elikatuko».