Montauk

Abuztuak 11, 2012

Txikia bezain mamitsua da Max Frischen Montauk. Bere burua kamuflatzeko nekerik hartzen ez duen –zertarako ba?–  diario puska apur-bat-azarrean-edo josiak izanagatik, nobela asko baino gusturago irakurtzen da, egia lehergarri bat esku artean dugun segurantzia pizgarriarekin. Halakoen zale direnentzako, badu fikziozko lan askok ez duten hari bat ere, idazlearen bizitza sentimental biluziak gordinki zeharkatzen baitu liburua, maitale traizionatu batek jaurtitzen dizun sastakaiaren eran, halako damu lauso baten zaporea eta zorne tanta batzuk ere lerro artera isuriz. Maitasun zaharrak zimeldu eta berriak nola sortzen diren, betikoa diferente eta labur emana, elipsiaren lema trebe eramanez, maisuek dakiten bezala.

Liburu berantiar samarrekoa bere bizitzan, ezagun du Max Frischen idazketak halako nagikeria bat –hain erakargarri egiten dena–, desatxikimendu  suerte bat, garai batean ezin hobeto menperatu zituen fikziozko artefaktu mardulak (Homo faber, Demagun Gantenbein dela ene izena, Ez naiz Stiller) berriro eraikitzeko gogorik eza. Artisau gaitasun itzelak behar dira, zierto, pertsonaia erakargarriak landu, giroak birsortu eta irakurlea estekatuko duten jira-bira eta ezusteak eraikitzeko, purra-purra norbere uztako perla (usteko) solteak  tartekatzeko gero kartoi-harrizko dekoratuen erdian.  Alderantziz, eszenatoki naturaletan errodatzea hautatzen du diario-idazleak –horrek dakartzan arrisku guztiekin: argi artifizialik ez dago–, eta perlak (ustekoak beti) besterik ez dizkigu ematen, halako harrokeria ezaxol eta aise batez, burura etorritako lehenak balira bezala (eta ez dira).

Ados: badira nobela mardul eder askoak,  bertatik ez ateratzeko gogoa sortzen dutenak, eremu ezezagun batean galduta eta indar kontrolagaitz batek zentrifugaturik sentiarazten gaituztenak. Nobela erabateko horiek, sortzen duten atmosfera opiazeoaren bidez harrapatzen gaituzte, eta gorabeheratsuak izanagatik, ez ditugu aise abandonatzen. Homeopatiak ere baditu bere abantailak, ordea. Frischen Montauk honetan nekea nabaritzen da, Peter Handkek Nekeari buruzko saiakera hartan aipatzen zuen neke buruargia, baina. Bazituen liburu hau idatzi zuenerako Frischek hirurogei urte, nahikoak eta sobera hamarkaden igaro lasterraz jabetzeko: “Beste batzuek esan lezakete: bost urte eman nituen gerran, bi urte preso. Beste batzuek: berrogei urte Trenbide Federaletan. Beste batek: hamar urte kontzentrazio esparru batean. Haiek badakite zergatik egin zaien bizialdia hain labur”.  Eta Frischek berak, ez ote zekien?

Montaignen aipu batekin hasten da Montauk: “Hauxe, irakurle, liburu egiatia duzue. Hasieratik dator abisua, etxerako helburuz egin dut, zio pribatuekin...  Nire lagun eta senideen erabilera partikularrerako baliatu dut, halako moldez non, galtzen nautenean mundutik, bertan nire bizi estiloaren eta animo gorabeheren zenbait arrasto kausi ahal izango dituzten... Ni bainaiz deskribatzen dudan hori, eta hemen bere horretan topatuko dituzue nire akatsak, diren horretantxe, dezentzia publikoak ahalmentzen duen heinean, behintzat... Ni neu nauzu, bada, irakurle, liburu honetako gai bakarra. Ez litzateke oso arrazoizkoa zeure aisialdia hain gauza txepelarekin xahutzea”. Diario guztiek dute indezentetik zerbait, egiaz, baina pentsa liteke are indezenteago ere izan zitekeela Frisch, hark nahi izan balu. Eta horrek berak, lerro artean geratzen den indezentzia iradokiak, bultzatu egiten du irakurlea leitzen segitzera, elipsitik elipsirako amildegia bere jauziekin betetzera. Ez al da bada, hori, diarioak irakurtzera garamatzaten bultza-indarretako bat? Idazleak bere burua barregarri uzten duenean ere, era kalkulatuan uzten du barregarri gehienetan, irakurlearen konfiantza eskuratu eta gero salduko dizkion ziri “egiatiak” irents ditzan, irakurketa globalean bere aldera lerratu dadin.

Izango du liburu honek horretatik ere zerbait, ziur. Eta hala ere, dena barkatzen diogu. Idazleak zertarako idazten du diarioa? “Zenbait gertaera, gertaera horien antzekoak berriro ere bere bizitzan suertatzen zaizkionean era diferentean asimila ditzan”.  Alegia, saiakerak egiteko lekua dela egunerokoa. Horregatik, pentsatzen eta eskatzen denaren kontra, ez du diario-idazleak zertan erabat egiatia izan, kaligrafia aldatuz geure izaera aldatzera derrigor dezakegun era berean, diarioan gezurrak idatziz ere geure burua aldaraz dezakegu-eta. Gezur bat esan eta gero gezur hori egia bilaka dadin berealdiko ahaleginak egitearen pareko zerbait. Iruzurraren tamainaren arabera, gezur domestiko askoren kasuan, lortu ere lor daiteke halakorik zenbaitetan. Lehenbizi gezurra esan. Gero, gezur hori egia bihur dadin borrokatu, geure gezur nobleen mailan egoten saiatu.

Territorios gehigarrian