Sedimentazioa

23 de Noviembre 2007

Pablo Sastreren Gauzen presentzia saiakera ederra amaitu eta sedimentazioa da burura datorkidan lehen hitza. Sedimentazio luzeko liburua dela. Eta sedimentazio luzeko liburu gutxiegi ez ote ditugun. Ez ote den derrigorrezkoa sedimentazioaren luxua ematea idazten dugunari: hots, geure buruari denbora ematea. Eta Pablo Sastre irudikatu dut, etxean pilatutako egunkari txatalak, liburu azpimarratuak eta fotokopiak sailkatzen. Urteak daramatzate ziur aski egunkari txatal horietako batzuk mahaian pilatuta. Horietako askok ez diote jada ezertarako balio. Moztu zituenean bai, gogotsu moztu zituen, baina orain ez du oroitzen egunkariaren zein aldetako albisteagatik moztu zituen ere: bota ditu zaborretara. Hautatu ditu bakar batzuk, ordena eman die, bere iruzkinekin osatu, liburu bihurtu ditu hilabeteen buruan. Sedimentazio luzeko liburua, presaren antipodetan idatzia. Eta ez ditzagun terminoak nahas: horrek ez du idazlea motela denik esan nahi, denbora geruzak bidean funtsezko deus galdu gabe pilatzen dakiela baizik. Egia, sedimentazioak baditu bere arriskuak: liburua azaleratu barik, enterratu egin dezakezu. Neroni ere, inguruan hainbeste karpeta ikusteak sortzen dit halako herstura bat: arte errekorteei buruzko karpeta, irakurri beharreko liburuen kritikak jasotzen dituena, “Laburmetrai posible bezain ezinezkoak” dioena... Karpetak ordenatzen pasa dezakezu eguna, astea, hilabetea. “Zer moduz doa nobela?” galdetzen dizute gero kalean, eta zuk: “Ondo... Makal, baina badoa...”. Ezin sekula egia esan: “txatalak karpetatan sartzen pasa diat aste osoa motel, karpeta horiek balizko istorioekin lotzen... beharbada hemendik hamabost urtera argia ikusiko duen –edo ez– proto-saiakera baterako liburuak irakurtzen...”. Bizitzak aldiro ekartzen dizkizun kezka  bifurkatuak paperaren gainean kudeatzea. Paper zakukada birziklatzera jaitsi edo suari ematea. Susmoa, askotan horixe ote den eta ez besterik, idazlearen zeregin behinena. Hamabost urte. Sarritan susmatzen duzu denbora hori eta gehiago beharko ote duzun zenbait ideia gauzatzeko. Baina lotsa ematen dizu aitortzeak eta isildu egiten zara, presaka zirrimarratzen duzu zer edo zer egunkarian argitaratzeko. Eta zu lasai, eta zure lagunek mugimenduan ikusten zaituzte: “Hau ere bazebilek ba zerbaitetan.” Baina gezurra da. Koartada bat besterik ez. Axola duen gauza sedimentazio luze baten atarietan dago oraindik. Ernetzeke. “Erne! Material delikatua dioen karpeta nuklearrean. Etxean pilatuz doazen paper zati horiek kontrolpean atxiki, txukundu –areago: bezatu–, horixe besterik ez duzu egiten. Sedimentazioa zaindu, plaka tektonikoa zertan den behatu. Gutxi dela? Egia, horrexegatik ez digute ordaintzen. Ordaintzen diren gauzekin alderatzen bada gure lana, galtzen ateratzen gara beti. Hazi ahala, egunero zinta metriko batekin belarra neurtzea bezala da hau. Edo lili bat, neurtu lili bat goizero zinta metrikoarekin, horretarako kemenik baduzu. Gauzen presentzia saio literario horretara itzuliz, poesiaren eta entziklopediaren arteko nahasketa den pentsamendu sorta eskuzabal horretan, zenbat denbora behar izan du Pablo Sastrek liburu horretan dauden ideiak, apunte solteak, maileguan hartutako zita, datu, erreflesio horiek denak harilkatzeko? Gauzez ari da, objektuez, eta objektu horien zergatiez eta nondik norakoez. Dela ispilu, dela ate, dela telefono. Inguruan sedimentatu zaizkigun objektu horiek derrigorrezkotzat jo ditugu, baina agian ez dugu geure hautua fin egin: urtetan idazleari mahaian pilatzen zaizkion paper txatalekin gertatzen zaion bezala, ez dugu denbora aski hartu deliberatzeko objektu horien artetik zein bota genezakeen harrika. Helburu bati heldu;  ikusten dituzun koadroetan, irakurtzen dituzun liburuetan eta entzuten dituzun elkarrizketa solteetan harekin zerikusia duten hari muturrak hautematen saiatu. Stephan Zweigek  1914ko gerra giroaz esandakoa txokoan uzten digu Sastrek: “Eromen eta euforia hartan, oro ziren gerrazale: idazleak, apaizak, filosofoak ere. Haien alboan lerrokatzen ziren medikuak, zeinek, halako enfasiaz goresten zituzten euren protesiak non, ia gogoa ematen baitzuen zango bat moztu ziezaguten, eta haren ordez aparato bat ipini.”

Protesiak gorputzarentzat. Protesiak izpirituarentzat. Idazleak, haien azken protesiez hizketan. Protesi-liburuak, sedimentaziorik gabekoak. Liburua, ez bada ideia bakoitza elkarri josi eta erantsiz osatu, guk, irakurleok, ezingo dugu sekula hostoz hosto erantzi.

Eta orduan liburu hori izango da hori bakarrik, eta deus ez gehiago: liburu bat. Eta ez izan beharko lukeena: lili baten presentzia, paperezko fosilen artean.  

Liburuak idatzi? Utikan: ez genuke halakorik egin behar.

Territorios gehigarrian