Jexuxmai Lopetegi


Gogoratu, ahaztu

Gogoratu, ahaztu:
proportzioetan asmatu.
Nork bere eroa darabil
eta badarabil ez da gutxi;
untxiak  txisteratik
ateratzeari ez utzi
usoak esku ahurretatik ageri.
 

Atzoko erokeriak ahaztu ez dituenak ez du
beste erokeria berriagoetarako tokirik. 
Beltza zena gero zuri,
zuri zena gero zubi,
zubi zena gero zero... 
Zero... zer ote den ez dago garbi...

Zerotik hasi gabe ezin bizi,
zerotik hasi gabe zoro
zorotik hasi gabe ezin bizi,
zorotik hasi gabe, zero.
Bizi-bizi behintzat ezin bizi, 
ez bahaiz zoro gauez...
Zoro puska txiki bat gabe... ezin bizi.
 
Gogoratu, ahaztu:
proportzioetan asmatu.
Nork bere eroa darabil
eta badarabil ez da gutxi.


Errekan gora (Baga Biga, 2013)


Ni naiz Basquiat

  
  Ni naiz Jean Michel Basquiat
  artista beltza, beltz eta zuriek baztertutakoa.
  Ni naiz Jean Michel Basquiat
  haur problematikoa, 
  topera bizi nahi zuen gazte xalo rasta, 
  zaurian hazka eta hazka; zer izan hura gasta.
  Sakona, azalekoa, erreala, fikziozkoa...  
  Ni naiz, bai, Jean Michel Basquiat,
  zuk nahi duzuna naiz:
  lapurren arma, frakasoaren ama.
  Ni naiz, bai, Jean Michel Basquiat
  aingeru edo erregea,
  hogeita zazpi urterekin gaindosiz hil zena.
  Koadro garestietan nesken telefonoak idatzi zale,
  lientzo bihurtu nituen, zubi eta kale.

  Brooklyngo hilerri honetan, lore ximel artean
  lurpetik besoa altxatuaz, jo nahi nuke zure atean!
  Pintatzea baino nahiago, zurekin baltsean;
  boxeolari lurperatuekin mozkortuz gauean... 
  Ni naiz, bai, Jean Michel Basquiat!
  Pop arteari popatik eman ziona naiz maiz!
  Ni naiz Jean Michel Basquiat:
  galtzaile trebea, maitale hobea!
  Ni naiz Jean Michel Basquiat:  
  amets bat bera ere ez nuen graffitirik gabea...

Izar uxo (Elkar, 2009)