Jexuxmai Lopetegi
Egun ilunagoak baletoz
Egun ilunagoak baletoz
orain hi bizi haizen hirira,
lehen biona zen auzoan nagon
ni zain.
Gurutzatuta belaun-zango,
oroitzen haut aldiriaren
sekretuak zaintzen,
irriz irri.
Beti hekien hik zerbait
nik harrapatu ezina.
Hik hunan xarmaren
parte zen, jakina.
Troiako zaldi barruan banengo,
Ulisesik zintzoena lez:
eraso goxorako presto,
ni zain.
Goitizen oroz oroitzen naun,
hik jarriak eta nik hiretzat;
nolabait
biziraun
dun hik
hitz horietan.
Eginak ditinat
pare bat bidaiatxo:
Petesburgo eta Oslo,
Rotterdam, Berlin…
Baina ez naun berriz ikusiko
geltoki eta terminal horietan
-zakurrak hankautsik, eta ni, berdin-.
Bidaia gehiago ez dinat nahi,
etxean ortozik hire zain:
te beltz bat,
ezti koilara
eta menda usain.
Gure zena dun orain hire zain,
hik utzita lez altzariak:
argi gabe
ibiltzeko eran
ilunpetan…
Hator ba,
esna nazan,
berriz esan: “Ni naiz”.
Jexuxmai Lopetegi (Ez da horren sinplea, *Zart, 2022)
Hondarreko eguna
Datil, oasi bakarti,
papiro, landare hargaitz;
basamortuko dunetan
ez dago biderik.
Ispilukeriak daki
ispilukerien berri:
palmondo ustean sarri
ezereza ernai.
Itzalik ez da ageri
norberarena ez denik…
Eskorpioien orpotik
pozoia ikasi.
Beduinoaren jantziz,
zer bisaje dudan ahaztu zait:
Homo sapiensa oraindik,
ala fosil-arrain?
Siku giroko uraren dei,
ekia lantza zorrotz, bistagaitz…
Gozatu beharra dago
egunen hondarra.
Jexuxmai Lopetegi (Ez da horren sinplea, *Zart, 2022)
Idazle hilen ostatua
James Joyce dublindarra,
hark bai, badu indarra:
patxarana eskatuz
baletor barrara,
Gabriel Arestik dio:
“To, kafe kikara.
Nahikoa edan duk eta,
zain dauzkak izarak”.
Dylan Thomas, T.S. Eliot,
atean kax-kax-kax-kax
“Itxita dago!”, Arestik,
“Itxita dago, hèlas!”.
“Gabriel, ez jarri horrela,
atera ezazu azkena!
Zuk barra jasotzerako
edango dugu dena”.
Anne Sexton, Virginia Woolf,
aterpe eske hurrena:
Atzetik harrika, berriz,
Allen Ginsberg, eta Jack Kerouac,
beat poetarik ez du nahi goiko zeru santuak...
Arestik ia etsita,
denontzat tragoak.
Gelarik ez da libre
Aresti Ostatuan:
hutsik zeuden bi ohe
Allan Poe heldutakoan
Athleticen bufandaz,
oe, oeka… saltoan.
Leihoan da Sylvia Plath
“Ekarri ba beste aulki bat!”.
Mikel Laboaren txoriak
mokoka hartu du belea.
Literatura unibertsalean
berreskuratu dugu fedea.
“Gabriel, ez jarri horrela
eta atera ezazu azkena!”
Zuk barra jasotzerako
edango dugu dena.
Jexuxmai Lopetegi (Ez da horren sinplea, *Zart, 2022)
Hartutako zidorra
Hartutako zidorra
ez gomendatu inori,
utzitako zidorra
dagokizunez zuri...
Ezkutatu zara orain
bide maiztuetatik...
Konpartitzekotan, zer?
Altxatu den hautsa.
Zapatetan lokatza
pilatu zaizu berriz;
mintzatu zaizu destino
trufatia irriz.
Bazoaz, irrikaren
zaindari, zaldun gordina:
bide baztertua
oroitu duzun arte.
Jaurti dizuten harri
oro patrikan gorde;
inoiz ezin da jakin
noiz den haien premia...
Alderraiak badaki lo
egunak pasatzen,
sakelak harriz gainez
daramatzalako
inori jaurti gabe.
Alderraiak badaki non
zubi bat egon zen,
bai eta zubi oro
nola emaitza bat den
behin jaurtitako harrien.
Jexuxmai Lopetegi (Ez da horren sinplea, *Zart, 2022)
Fotomatoian
Kantak dira
eternitatearen lagun, erredentzioa,
erredentzio eten, etengabea.
Gure soslairik eta jardunik onena
fotomatoi batean,
elkarrekin atera genuen argazkia.
Kanta bat mezu zehatza izatetik
orotariko telegrama
estandarra izatera igarotzen da.
Jarri puntutxodun lerroaren gainean
zure izena, zein nahi dela:
ezabatu zeure testigantzari ez dagokiokeen adjektiboa.
Edonorentzat balio du orain kantak
nahiz eta zure izena ez izan
Suzanne, Yolanda, Lili Marleen, Alfonsina.
Kanta bat mezu zehatza izatetik
orotariko telegrama
estandarra izatera igarotzen da.
Nahiz eta zeu Itziarren semea ez izan,
erretratu bezala sortu den kanta
ispilu bihurtuko duzu berehala.
Kantak dira
eternitatearen lagun, erredentzioa,
erredentzio eten, etengabea.
Jexuxmai Lopetegi (Ez da horren sinplea, *Zart, 2022)
Heisenberg
Dakitenek diote
ez direla posible
bi-biak batera:
jakinez gero non zauden
-kokapena zehatz-,
ezin duzu jakin
abiadaz deus askorik.
Abiadurak, aldiz,
kokapenei muzin:
azkar zoaz baina
auskalo non zauden…
Heisenberg-i galde.
Azeleratzen hasi,
iritsi nahi garaiz,
baina nora?
Azkar ibiltzen ikasi,
bidean nagusi,
biderikan gabe.
Dakitenek diote
ez direla posible
bi-biak batera:
izatea fidel
zerorren ideiei
eta besteenei.
Aukera ezazu
noren mirabea
izan nahi duzun gaurdanik.
Buru edo Eros
pasioei adi
ala arrazoiei?
Dakitenek diote
-ni ez nago akort-
balantzaren alde bat
aukeratuz gero
ezin zarela egon
alde horretan baino.
Mikatzetan ezti naiz
eta eztitan mikatz,
Heisenberg jauna...
Kantari eta abesti naiz:
honantza nator
Heisenberg jauna…
Jexuxmai Lopetegi (Ez da horren sinplea, *Zart, 2022)
Lesbos
Inor ez da irla
inor ez da bakar;
kasik ziurrago
artxipielago.
Irla denik ez da zango biko asko:
irlarantz badatoz
ez da irlatzeko.
Nekeak itota,
nork du lo lasaia?
Krudela denean
ez deitu bidaia…
Haurra haur da beti
eta harria harri,
nahiz eta bularretik
ozpina edoski...
Koordenada bat, gerraren zedarri:
mugan sokasaltoan dira ibili.
Lokarria soka, dardar eta oka...
Ukabilak joka, hesteetan kolpa.
Heste bat, beste bat... eta heste mila,
hau liseritzerik balego bezala…
Begiak, ordea, nork bereak dauzka:
berde, urdin, arre itsasoko more…
Lesbos uhartean
ere gure gisa,
baina gehitu horri
txarrantxaren isla.
Jexuxmai Lopetegi (Ez da horren sinplea, *Zart, 2022)
Beluna jazz
Interesatzen zaidana
barneko geografia da:
garuneko amapolak.
Amapola zelaiak,
biriketako abiada…
Aldizka izozten diren
ginebra ibaiak
maite ditut gehien.
Beluna naiz…
Beluna jazz.
Interesatzen zaidana,
basamortuko ahotsa da.
Basamortua eta ahotsa:
zahartzen ez diren bi gauza...
Eta lantzean behin
galop-infernala,
zaldiak desertua
zeharka dezala.
Beluna naiz…
Beluna jazz.
Orratzak diskoa zauritu,
musikak gauza hauek ditu:
nik zu ezin aurkitu
garuneko ene zirrikitu...
Lotarako beti kantu berdina:
beltza dirudien urdina.
Trena begietan zehar,
tunelik hark ez du behar:
malkotan urtzeko baimena,
amapolen ahalmena.
Laga aldegiten, laga,
beltza dirudien urdina:
gaua lika, gaua kinka,
hauxe da azken argi txinta.
Beluna naiz… Beluna jazz.
Jexuxmai Lopetegi (Ez da horren sinplea, *Zart, 2022)
Gogoratu, ahaztu
Gogoratu, ahaztu:
proportzioetan asmatu.
Nork bere eroa darabil
eta badarabil ez da gutxi;
untxiak txisteratik
ateratzeari ez utzi
usoak esku ahurretatik ageri.
Atzoko erokeriak ahaztu ez dituenak ez du
beste erokeria berriagoetarako tokirik.
Beltza zena gero zuri,
zuri zena gero zubi,
zubi zena gero zero...
Zero... zer ote den ez dago garbi...
Zerotik hasi gabe ezin bizi,
zerotik hasi gabe zoro
zorotik hasi gabe ezin bizi,
zorotik hasi gabe, zero.
Bizi-bizi behintzat ezin bizi,
ez bahaiz zoro gauez...
Zoro puska txiki bat gabe... ezin bizi.
Gogoratu, ahaztu:
proportzioetan asmatu.
Nork bere eroa darabil
eta badarabil ez da gutxi.
Errekan gora (Baga Biga, 2013)
Ni naiz Basquiat
Ni naiz Jean Michel Basquiat
artista beltza, beltz eta zuriek baztertutakoa.
Ni naiz Jean Michel Basquiat
haur problematikoa,
topera bizi nahi zuen gazte xalo rasta,
zaurian hazka eta hazka; zer izan hura gasta.
Sakona, azalekoa, erreala, fikziozkoa...
Ni naiz, bai, Jean Michel Basquiat,
zuk nahi duzuna naiz:
lapurren arma, frakasoaren ama.
Ni naiz, bai, Jean Michel Basquiat
aingeru edo erregea,
hogeita zazpi urterekin gaindosiz hil zena.
Koadro garestietan nesken telefonoak idatzi zale,
lientzo bihurtu nituen, zubi eta kale.
Brooklyngo hilerri honetan, lore ximel artean
lurpetik besoa altxatuaz, jo nahi nuke zure atean!
Pintatzea baino nahiago, zurekin baltsean;
boxeolari lurperatuekin mozkortuz gauean...
Ni naiz, bai, Jean Michel Basquiat!
Pop arteari popatik eman ziona naiz maiz!
Ni naiz Jean Michel Basquiat:
galtzaile trebea, maitale hobea!
Ni naiz Jean Michel Basquiat:
amets bat bera ere ez nuen graffitirik gabea...
Izar uxo (Elkar, 2009)