Igor Calzada

Zu & Ni

Zu
eta ni,
eta zu berriz ere.

Zu
eta ni,
eta zu berriz ere.
Igandetan
zine mutuaz hizketan.

Zu
eta ni,
eta zu berriz ere.
Igandetan
balkoian jarrita biluzik.
Elkarren begietako putzura jauziz…
Kaletik leihora begira,
leihotik kalera begira;
dena begi, dena leiho.

Egunari ozeano izateko, gutxi falta zaio.

Zu
eta ni,
eta zu berriz ere.
Igandetan
zine mutuaz hizketan.
Igandetan
balkoian jarrita biluzik.

Egunari ozeano izateko, gutxi falta zaio.


FasTFatum (Gaztelupeko Hotsak, 2007)

Tabula rasa

Nire buruari esaten diot sordinarekin:
gertatu zaidana ahaztu,
iragana ez inola nahastu
gaurko zeru urdinarekin.
Ahazturari behar ekin;
geratu une onekin,
tabula rasa egin,
gaurko zeru urdinarekin
“Dena ahaztuko dut”,
egin dut zin, zin, zin...
Euria kristaletan etzaten den
bezain fin, fin, fin...
Baina ankerrago izatea
saihestu ezin, ezin, ezin...
Tabula rasa egin,
gaurko zeru urdinarekin.


FasTFatum (Gaztelupeko Hotsak, 2007)

Leiho batek

Honela esan nizun euria ari zuenez
zidarrolaz gaua ez zaitut sekula ahaztuko
keak keari bezala jarraituko dizut
berdin zait teilatuetan edo kaleetan
Nire bizitza osatzen duten harri trokoetan
euria etorkin urteak kolpatzera itzultzen den bezala
itzuliko da nire beira okiletara zure aurpegia
Non zaldien entzumena hazbeteka urratzen
ez dago inor kaleotan nik bezain ondo ezagutzen duenik
kriseiluak pizten direneko ordua
isuritako malko eta odolaren lekuko aienaezinak
Eta ke-zulo debekatuetako ezpainek legez
iraunen dute zure hitz-kordek ere nire ukimenean
aurpegian utzi zenizkidan matel izoztuak
jasoko ditut beti oroitzaren tolesduretan
krimenaren aztarna artxibatuak bailiran
nire biriketako erlauntzek zure
Camelen kea gordeko dute beti
Jakin banekien ez zinela niretzat biluzten
ez zirela izango betirakoak zure
bularrek nire bizkarrean utzi zuloak

FasTFatum (Gaztelupeko Hotsak, 2007)
[Kea behelainopean bezala bildumako poema batetik abiatuz]


Elurra zaurien gainean

Sugeak azala eranzten duenetan
geratzen naiz begira bertan,
utzitako azala niretzat da gero
narrasti bat izango naiz gauero.

Semaforoak berde diren gauetan
berde hori zuretzat da, maitea, oparitan:
eraztun ederrena eraztunetan,
harri berdea, hatzak elkarren irrikitan.

Elurra zaurien gainean erortzen den gauetan
geratzen naiz izozten bertan.
Jendeak ez du pentsatzen ezertan,
soilik bakarrik sendatzen diren zainetan.

Elurra urtu da, sugea mudatu:
elur eta azalik gabe
mina eta zenbait ustekabe,
ez naiz beste ezeren jabe.

Mina eta zenbait ustekabe,
ez naiz beste ezeren jabe.

Mina eta zenbait ustekabe:
hori da hiria elurrik gabe.

Elurra zaurien gainean erortzen den gauetan
geratzen naiz izozten bertan.
Jendeak ez du pentsatzen ezertan,
soilik bakarrik sendatzen diren zainetan.

FasTFatum (Gaztelupeko Hotsak, 2007)

 

Ostean

Gezilariaren gezia
ez da itzuliko arkura
bidaiaren ostean.
Gaizkiulertu trakets bat
eta lata hutsak terrazan
bidaiaren ostean.

Berora joan zena hotzera da itzuli,
hotzera joan zena hotzera da itzuli,
bidaiaren ostean.
Luzaro pentsatutako esaldi horrek
ez du efekturik sortzen,
luzaro pentsatutako esaldi horrek
ez du zentzurik hartzen.

Uztaileko
garisailetan
idatzitako
diario ezkutua baino ez,
bidaiaren ostean.

FasTFatum (Gaztelupeko Hotsak, 2007)

Exit (Gure bizitzako urterik onenak)

Egiaren bat atzeratu.
Gezurren bati aurrerantz bultza.
Intuizio eskukada bat erein.
Ausardiari maldan behera joaten utzi.
Amodioren bat itsu-itsuan sinestu.
Zalantzaren bat desaktibatu.
Mozkortu, erre eta amorrua lasterka hustu.
Eta ezer ez dakizula eskuetan lehertu.

FasTFatum (Gaztelupeko Hotsak, 2007)