Yahooren alde eta kontra

11 de Diciembre 2010

WikiLeaksekin dantzan ibili garen egunotan, saihestezina da sarean gertatzen diren hainbat konturi buruz serioski pentsatzea: zenbateraino diren kontu hauek denak salaketa eta zenbateraino esku beltz bati unean-unean komeni zaizkion ke-errezelak. Askatasunean datza gakoa, edo zehatzago, askatasun falta baten susmoan. Zenbateraino dira aske estatuetako presidenteak erabakiak hartzeko garaian? Zenbateraino gara aske gu? Sarean erabiltzaile soil naizen aldetik, nire mezuak eta pribazitatea zelatatuta ote dauden susmoak baino gehiago arduratzen nau web batetik bestera egiten ditudan osteratxoak nik uste baino “bideratuagoak” ote dauden sentipenak. Alegia, ez nauela hainbeste kezkatzen norbaitek nondik nora nabilen kontrolatzeak, baizik eta nagoen lekuan –ni enteratu ere egin gabe– beste norbaitek ipini izanak. Zein neurritan dago gure webgunerik webguneko ibilaldia urrutirako gailu batez bideratua? Hiriak halako eran daude antolatuak ze, etxetik irteten garenean kale zehatz batzuetarantz bideratzen baitituzte geure pausoak urbanistek. Interneten ere beretsu gertatzen da.

Hamabi urte dira oraintxe nire lehen e-posta helbidea zabaldu nuela: Yahoo hautatu nuen, gehiegi pentsatu gabe, hitzaren ñabardura literarioak tarteko. Yahoo sortu zuten David Filo eta Jerry Yang Standfordeko Unibertsitateko ikasle gazteek, Jonathan Swiften Gulliverren bidaiak liburutik atera omen zuten  enpresak modu jostarian bataiatzeko moda jarriko zuen izena (“O” bikoitzeko Google dugu beste adibidea, baina Yahook siouxen gerra-oihu aereoa iradokitzen duen bitartean, Google, ironikoki, gehiago hurbiltzen da dena irensten duen konketa zuloko zurrunbiloaren onomatopeiara). 1995ean sortu zen Yahoo, hain zuzen ere, Joseba Sarrionandiak Hnuy illa nyha majah yahoo poemarioa argitaratu zuen urte berberean (izatez, lehen euskal ziberpoeta Sarrionandia delakoan nago, bera izan baitzen inoren testuak lapurtu eta “afinitatezko zerrendak” osatzen lehena, Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak bildumarekin Interneti aurre hartuz).

Yahook, enpresa pribatua den heinean, publizitatea erabiltzen du bere doako e-posta zerbitzuari etekina ateratzeko. Besteak beste, lege zaharreko iragarkiak: garai batean errepide ertzetan ikusten ziren kartel erraldoien pareko publizitate moduloak, auto-gidaria (zibernauta) bere bidetik urrundu eta entreteni dezaketenak. Derrigorturik  gaude, honenbestez, bide-saria ordaintzera eta errepide jakinetan barna ibiltzera. Kasu: Yahoo.fr luzapenetik sartuagatik, Yahook baditu bere bitartekoak ni naizen erabiltzailea Espainiako estatutik idazten ari dela detektatzeko eta, nire etsipenerako, etengabe berbideratzen nau Yahoo.es domeinura (domeinu hitza, hain Ertaroko berba berau, bada nahikoa esanguratsu sarean sarri dugun izaera feudal murritzaz jabetzeko, ala?). Yahoo.fr atarian frantsesa praktikatzeko nire ahalegina zapuztu egiten didate horrela, behin eta berriz. 

Baina itzul nadin publizitatera, edo, hobe esan, itzul nadin Yahook bere Espainiako atarira berbideratzen nauenean nahi eta nahi ez irakurtzera derrigortzen nauen “albisteen” izenburuetara. Azken asteotako zenbait apuntatzen joan naiz, gaztelera jatorrean: “El kamasutra acaba con Beatriz Trapote”; “El modelito de látex de Katy”; “Beyoncé censurada por pasarse de sexy”; “¿Se borrará Eva el tatuaje?”; “Natalie en ropa interior medieval”; “La mejor calzada de España no es Letizia”; “El polémico desnudo de la novia de Ronaldo”; “Eva, la modelo más alta del mundo”. Albiste (?) oro, nola ez, argazki batekin lagunduta dator –ia beti emakumezko gazte silikonatua, arropaz urri samar kasualitatez–. Begibistakoa da goiburu guztietan emakumea maniki hutsera mugatzen duen klixe okagarria nagusitzen dela. Ustezko denbora-pasa friboloaren mozorropean, sistematikoki azpimarratzen da emakumearen akzesoriotasuna, modu aski gutxieslean.  Arlo guztietan eskubideak parekatzeko borrokak aurrera darraien bitartean, zenbait lekutan –botere eta indar mediatikoa pilatzen den guneetan– ez dirudi emakumearen amu-sexual izateko kondena apaldu denik batere.

Aspaldi ez dela, hautsak harrotu ditu paperezko egunkarietan sexu eskaintzak iragartzen dituzten kontaktuen atalak kentzeko proposamenak, baina inork ez du zalantzan jarri oraindik Interneteko zenbait atari ustez inofentsiboren jarrera moral zalantzagarria: webgunera sartu orduko, errepide ertzeko putetxeetako neoiak baino indartsuago diz-diz egiten dute albiste hauek,  gainera datorkigun olde atzerakoi berriko ikur harro.