Nip/Tuck

Apirilak 04, 2009

Harrapatuko zenuten inoiz edo behin McNamara eta Troy kirurgilarien telesaila ETB2 katean. Ez digute erraz jartzen, egia: igande gauetan ematen ari dira orain, banpiruen orduan. Zirujau estetiko hauen lehen denboraldia iragarri zigutenean, dardarka hasi ginen: itxura fisikoaren goreste eta eraldaketa artifizialaren gorazarre bat izan zitekeen, bai baitzen garaitsu hartan lehiaketako irabazleari titi pare silikonazkoa oparitzen zion reality show guztiz apasionante bat. Oker geunden, ordea. Ez zuen honek harekin zerikusirik. Nip/Tuck ez da moda pasareletako ereduaren mundu axalekoa ustiratzen duen telesaila. Telesail honetako irudiak ikusi ondoren, nekez joango da inor animoso-animoso kirofano batera sudurra zuzentzera. Edertasuna adina edo gehiago agertzen da telesail honetan itsuskeria, orbana, pitzadura, aurpegi josia, azal ebaki ubela, gantzaren dilinda, zahartzaro endekatua. Sekuentzia guztietan sarkasmoa eta ironia garratza darion telesaila duzue hau, castingetik bertatik hasita: Michael Jacksonen antza susmagarria du kirurgilarien semeak, eta aurpegia zuritzeko kremak ematen dituen neska horail Ku Klux Klanzalea du neskalagun (hamaseiren bat beltza izatea ezin du eraman). Ume amerikarren arazo kardiobaskularrekin arduratuta, flakatu eta Santa Clausen eredu gizena aldatu nahi duen aktorea agertzen zaigu beste atal batean.

Zio estetikoak tarteko direla gorputzeko atalen bat “konpondu” nahi duten freaky ugariez haratago, erronka profesional konplexuei aurre egin beharko diete Troy eta McNamarak. Aurreko igandeko atalean, adibidez,  atentatu suizida bat nozitu duen emakume judutarra agertu zitzaigun: erredura larriak jasan ditu aurpegian, musker lakarrarenak ditu hazpegiak, formarik gabea geratu zaio guztiz aurpegia. Eta, hala eta guztiz ere, zapia buruan jarrita, oro orban den bere aurpegi berriarekin adiskidetu eta hura onartzea lortu du. Erredura handiak jasan dituztenekin ibiltzen da orain bolondres, gaixoek zer jasan duten ongi dakienaren eskarmentutik terapia psikologikoa emate aldera. Pentsa liteke XX. mendeko zineman era honetako pertsonaia batekiko gidoilariek autokonplazentzia eta errukia besterik ez luketela izango; salaketarako martiri bilakatuko zen arestian halako pertsonaia bat. Ez da Nip/Tucken kasua: batere bigungarririk gabe aletuko digute telesail honetan gaia, zuzen, anestesiarik gabe, pertsonaien egiak eta koartadak, norbere errai ezkutuenak mahai gainean jarriz, taupadaka oraindik. Baina aurpegia kixkalia duen pertsonaia honen istorioa  koska bat estuagotzen dute gidoilariek: erradiografia ateratzen diotelarik, atentatua probokatu zuen Ramalako gazte suizidaren hortz bat atzematen diote bere azalaren pean: giza-metraila gordina darama zaurian txertaturik. Bere etsaia beraz, bere borreroa, bere baitan darama, haren hagin batean hezurmamitua –nekez topatuko dugu kasu honetarako hezurmamitu baino hitz doiagorik–. Bere burua leherrarazi zuenean mila zatitan zartatu ziren kartilago eta hezur zatiak biktimak ditu bere musker aurpegi deformatuaren pean ezkutatuta. Zer egin? Erabaki du emakumeak: ken diezazkiotela denak, nozitzen dituen burukominen errudun jotzen baititu terrorista suizidaren zatiak “haren DNA, nire baitan!”. Gazte suizidaren hortza norbere baitan iltzatuta eramatea, ausiki etengabe baten metafora, bortxaketa sistematiko eta post-mortem luze eta iraingarria bailitzan. Ebakuntzaren ondoren, hildako gaztearen zatikiak kutxa batean sartu eta haren familiari  bidaliko dizkio, Ramalara: “Lasai lo egin dut, aspaldiko partez. Zein den sekretua? Barkatu ezin daitekeena ere barkatzea…”.  Hori guztia, gazte suizidaren mamuaren tartekako agerpenekin gatz-ozpindua. Garen bezain herri mamua izanda, ez ote da harritzekoa euskal ekoizpenetan mamu gehiago ez agertzea?

Istorio landu eta kritikoekin, ongi hezia eta buruargia, diruduna eta adin ertainekoa den kirurgilari jendeak galdera existentzial gordinak eta dilema moralak erantzun beharko ditu, atalez atal. Genetikaren ahalmen erabakigarria, aurreiritzi kulturalen pisua, geure buruari jartzen dizkiogun tranpak eta haietatik ihes egiteko moduak… Nip/Tucken entzundakoak dira: “Ahaztea da errazena, zailagoa da barkatzea” edo “Nire semea beltza dela eta ni zuria? Eta zer? Ez dut atzera joko orain, DNA bezalako txikikeria bategatik soilik” bezalako perlak. Zeren seinale den hau? Poliki-poliki telesailak klixe berriak sortzen ari diren seinale. Aldatu da, adibidez, ohorearen kontzeptua, familia eredua, harremanen nondik norakoa, urguiluari XX. mendean eman zaion pisu gehiegizkoa birbaloratzeko garaia heldu da,  erruaren pisu morala nozitzeko modua ez da gehiago lehengo bera. Aldatu dira portaera ildoak, gutxitu da pertsonaiek elkar epaitzeko joera (bazen garaia). Bestea eta “geure baitan dagoen bestea” erakutsi eta aldarrikatzen dira, zuzen eta garden. Kolore guztietako umorea eta eskuzabaltasuna hedatzen duten gidoi hunkigarri eta ederrak badirela, alegia, telebistan ere. Filmeko gaiztoek, zitalek ere irabazten dutela esaten digute. Geronen kontraesanak eta zikoizkeria ispilu aurrean jartzen dizkigute. Garai bateko literatura onak egiten zuen bezala.

Territorios gehigarrian