Mad Men
Jaso dituen Emmy sariak dira gutxienekoa, Mad Men da AEBetako fikzioaren itsasargi berria. Tximinia berria esan behar genuke agian, tabakoaren keak bertan duen presentzia demasekoa ikusita. Noizbait lehertu behar zuen nikotina erreprimitu horrek guztiak. Telesail honek mendekua hartzen die debeku guztiei. Apenas dagoen sekuentziarik zigarro bat pizten ez dutenik eta ez dira bi minutu pasatzen pertsonaietako batek bere buruari ipurdi zabaleko edontzian pattar txorrotada luzea atera gabe (bizioak uzteko trantzean zaudetenok, ez inguratu). Ipurdi zabalez mintzo garen honetan, bestalde, ez dira edontzietakoak bakarrak: Joan idazkariaren papera jokatzen duen Christina Hendricksek, desira kolektiboaren subjektu berri bilakaturik, zoratzen dauka mass-media eta dantzan darabiltza heterosexual zein homosexual amerikarrak –bada Cher berria bataiatu duenik–. Baina ez dira aldizkari friboloak (“Voulez-vous “paper-couché” avec moi?”) bakarrik arduratu Mad Men arrakastatsuaz. Cahiers du Cinema txit serioak Douglas Sirken zinearekin konparatu du bere udako alean eta azala eta hamar orrialde oso eskaini dizkio. Ezin du kasualitatea izan. 60. hamarkadan Sterling Cooper publizitate agentzian girotua, Matthew Weiner, gidoilari eta sortzaileak –esana dugu hemen armada bat bere aginduetara duten izaki ahalguztidunak direla gidoilariak USAn– Cheever, Scott Fitzgerald eta Salinger aipatu ditu bere inspirazio iturri. Harrapazank. Wong Kar-Wairen In the mood for love filmetik aterea dirudi argazki obsesiboki zainduak eta estetikak. Telesail bainoago, mega-movie deitura eman dio Weinerrek, horixe baita: film erraldoia, kuttunki planifikatua eta filmatua. Dotorea eta estiloz ondua. Ez da sofistikazio handiko soineko eta orrazketarik falta ataletan barrena. Itzela, hitzaren adiera guztietan. Zergatik dute telesail hauek guztiek zine kutsua? Kontrapikatuek omen erruaren parte bat: behetik gora hartutako planoek bulegoetako sabai argitsuak erakusten dizkigute. Telebista eta zinearen arteko bereizketa bat horra: telesail arruntetan ez da sekula platoetako sabairik ikusten. Zerbaitegatik onartu dute Barbet Schroeder bezalako sortzaileek Mad Men mega-movieko atalak zuzentzea (tira, zerbaitegatik eta... diruagatik).
Euren produktua saltzeko enpresei nortasun bat asmatzen dien nortasun-lapurra da protagonista: Don Draper. Koreako gerran ondoan egokitu zitzaion soldadua hiltzean, haren izana eta izena bereganatu zituen, bere burua birrasmatuz. Don Draperrek izena aldatzen die produktuei salgarriago egiteko, berak bere buruarekin lehenago egin zuen legez. Bulegoko tiraderan gordetzen ditu alkandora zuri almidoiztatuak. Protagonista miragarria bezain alferra da bere lanean, indartsua eta autoritarioa, baina aldi berean bere bizitza etengabe amildegiaren ertzean dagoela sentitzen du ikusleak. Hitzeko gizona da Draper: fede itsua du hitzetan eta muzin egiten dio hasiera batean lan egiten duen enpresan kontratua sinatzeari; berben xarma darabil bezeroak eta maitaleak limurtu eta erakartzeko. Hitzeko gizona da eta gezurti galanta. Tragoz trago, zigarroz zigarro eta atalez atal ikusiko dugu publizitate-etxe honetako sortzaile eta kudeatzaile eleganteek nola egiten dituzten, besteak beste, Lucky Strike, American Airlines eta Hilton hotel katearentzat kanpainak (“Nola esaten da eroso japonieraz? Hilton”). Telesailak ez du aro bereziki matxista, arrazista eta klasista ezkutatzeko ahaleginik egiten: horrela ziren gauzak. Kennedy presidente den garaia da (“Sonbrailurik gabeko presidente bat? Hori ezinezkoa da”), inozentziaren galeraren garaia. Kennedyren heriotza, nihilismo berri baten sorrera puntu bezala emana. Modu arduragabean jokatu, bizimodua errotik aldatu edo zerotik hasteko behar izan zuen shock elektrikoa izan bide zen jende askorentzat atentatu hura. Bereziki gogoangarria da, tiroketa famatua inongo unetan erakutsi gabe JFKren erailketa kontatzen duen atala. Izan ere, ñabardura soziologikoak eta irakurketa historikoak alde batera utzita, eguneroko bulkada eta miserietan aztarrika dabilen melodrama bezala funtzionatzen du ondoen telesailak, zertan ukatu. Esanguratsua oso Dallasen atentatua gertatu berritan, presidentea oraindik bizirik aterako ote den argi ez dagoenean, pertsonaietako batek bere hoteleko gelan amorantearen zain dela egiten duena: entxufea kentzen dio telebistari. Lehenbizi txortaldia, gero politika. Lehenbizi letra txikiko bizitza, gero letra larriz idatzi beharreko titular handiak. Giza senak eta giza-desirak, puri-purian.
Humanoa, humanoegia: literatura ona bezala.