Deadwood
Hari buruz tesi mardula idatz daitekeen beste telesailetako bat dugu Deadwood western ederra, oraingoan ere, sarean edo dvd formatuan baino eskuragarri ez duguna, geure telebista kateen programazio irizpide trebeei esker. CNN+ (“errealitatearen” kontaketa) Gran Hermano 24h kateak (tele-errealitatearen kontaketa) ordezkatu izana dugu Espainiako estatuko spaghetti-westernaren azken sintoma. Jende askok pena adierazi du informazio katearen itxieraren berri izanda, baina nago garai bateko ezkerreko euskal alderdi politiko batekin gertatzen zen gauza beretsua gertatu dela CNN+ katearekin ere: jendeak arrazoia ematen zion, botorik ez, ordea. Baina hori beste western bat da...
XIX. mendearen amaieran girotuta dago Deadwood eta izen bereko asentamentu baten lehen pausoak erakusten zaizkigu bertan, inongo western klasikotan azaldu izan zaiguna baino askozaz ere modu gordinagoan. Ezerezetik herri bat nola eraikitzen duten, oholez ohol, iltzez iltze. Urre bilatzaileen sasoia da, batzuek zortea dute eta beste batzuek ez. Zeintzu uste duzue direla bertan zabaltzen diren lehen negozioak? Tabernekin nahasten diren saloon/putetxeak (bi: alkohola eta larrua ez daitezela behintzat falta) eta burdindegi bat. Ez da kasualitatea burdindegiarena, gizonezko azpiratzaileen haragikeriarako bulkada baretu ondoren natura bereganatu nahi baita: meatzak. Geroago etorriko da herriko lehen bankua, burdindegian gordeko duten kutxa gotor bat, herriko judutar bakarrak –nola ez– kudeatu eta zainduko duena. Ez ote lukete banketxeek askoz ere ospe hobea izango burdindegiekin antzina zuten lotura galdu izan ez balute?
Bigarren denboraldian baino ez da iritsiko telegrafoa herrira (“zutabe piloa errenkadan iltzatzeko seta zentzugabe hori”). Inoiz baino basa eta zikinagoa ageri zaigu giroa: simaurrez eta lokatz arrastoz beteriko mendebaldeko giro garratza, usaindu ere egiten dena ia. Higienerik ezak tifusa eta bestelako izurriteak hedaraziko ditu, eta ondorioz, sendagilea dugu herriko gizonik estresatuena; haren bokazioagatik ez balitz, hilik leudeke biztanleen erdiak. Azken urteotan ospitale aseptiko eta hiperteknologizatuetan kokatutako telesailak ikustera ohitu ondoren, dardarka jartzen gaitu XIX. mendeko “tresneria kirurgikoaren” erabilera esplizituak. Historia eta soziologia ikasteko leku ezin hobea da Deadwood herria. Komunikazioak eskasak dira, administrazio gune antolatuak urrun samar daude aukeran, baina ez dute anexioen bidez euren territorioa gizentzeko aukerarik galdu nahi: Deadwoodeko asentamentua, kasu (benetakoa da herria, 1.200 biztanle ditu egun), Dakotako agintariek “erosi” nahi lukete, Montanakoek baino lehen. Eroskeriak mugitzen du Deadwood. Western klasikoetan ez bezala, justiziaren nozioa oso bigarren mailan geratzen da: galdutzat eman den zerbait da, edo sinpleki, ezinezkoa dela onartzen den zerbait. Egon badago sheriff bat, baina haren zeregina sinbolikoa da eta une zoriontsuak edo justiziazkoak patuari zor zaizkio, nekez gizakien jardunari.
Judutarren rola aipatu dugu lehen, baina txinatarrena ere azpimarratzekoa da: AEBetan XIX. mende amaieran 300.000 txinatar zeudela kalkulatzen da. Chinatown ttiki bat du herriak: komunitate itxia, ingelesa menperatzen ez duena eta hierarkia zorrotzekoa. Hierarkia bezain zorrotza da Wu nagusiaren txerriek betetzen duten funtzioa: gorpua agertzerik komeni ez den haien hilotzak graska-graska desagerraraztea.
Garraioaren hastapenetan gaudela aipatu dugu. Diligentziak eta zaldiak. Hunkigarria da herrira lehen bizikleta heltzen denean sortzen den ikusmina, bai eta horren osteko bizikleta vs. zaldia lehia ezustekoa ere, amaiera tragikoa izango duena eta Sam Peckinpahren La balada de Cable Hogue film gogoangarriko lehen automobila gogora ekartzen diguna.
Oraingoan ere arnasa eteten digu aktoreen sinesgarritasunak, eta bereziki Al Swearengen protagonistaren presentziak. Telesailak erritmo bizia du, eta lehen ataletan erritmo hori ekintzen bidez gauzatzen bada ere, elkarrizketatan dago ia beti gakoa: pertsonaiak apenas isiltzen diren, ozenki pentsatzen eta konspiratzen dute, azkar eta bizi, hain bizi ze askotan zaila baita xehetasun guztiak gogoan hartuz haria segitzea. Hizketarako moldea matxista eta zakarra izanagatik (ziento bat aldiz entzuten dira cocksucker, cunt eta fucking hitzak atal bakoitzean), berba hauek diskurtso ikaragarri konplexu baten makinaria olioztatzeko erabiltzen dira, maldizioak hobeto pentsatu eta hitz egiteko erregaia balira bezala. Irainez gainezka dagoen poetika.
(Territorios gehigarrian)