Tintin “idazkurtzen”

19 de Febrero 2011

Ikusgai daude sarean Peter Jackson eta Steven Spielberg ontzen ari diren Tintin animatuaren abenturako lehen irudiak. Ez du orain arte Hergéren pertsonaiak mugimendua eta soinua hartu izan dituenean zorte handiegirik izan, eta ikusi ditudan irudiek ere ez naute guztiz asebete, egia esan. Antzeko zerbait gertatzen zait Asterix eta Obelixekin. Ez ote dira bata zein bestea komiki formatuan euren erpin gorena  erdietsi duten maisulanak? Zertan tematu haiek beste formatu batera bihurtzen eta bihurritzen? Badu zentzurik, negozioaz haraindi? Ez ote da komiki bat egokitzea nobela bat egokitzea baino askoz ere zailagoa –eta zentzugabeagoa–? Komikia jada badelako zinema: istorio bat irudi sekuentzia bihurtua. Nobela pantailaratzeak, bederen, izan lezake birkreaziotik  zerbait (leku gehiago legoke sorkuntzarako), baina komikiaren kasuan... ez ote da saihestezina fotokopiaren arriskua? Komiki bat zinemara eraman nahi duenak, remake bat egiten du, halabeharrez. Komikian, bestalde, telebistan eta zineman ez bezala, ez du erritmoa sortzaileak jartzen, irakurleak baizik. Irudi bat behin eta berriro begiratzea, atzera itzuli eta irakurle bakoitzak bere irudi gogokoenak hautatu eta flash back propioak asmatzea ahalbidetzen du komikiak, muntaia neurri batean haren esku lagaz. Telebistan errebobinatzea zein pause botoiari sakatzea zerbait izorrantea den bitartean, guztiz kontrakoa gertatzen da komikian: izoztutako irudiari so geure begirada ere izoztea plazer eragile da. Biñeta bereziki estonagarri bat topatzen dugunean hari begira gera gaitezke luzaro. Komikia, honenbestez, esparru ezin hobea izan liteke idazkurlearentzat (Gorka Bereziartuak Argian idatzitako artikuluari zor diogu ingelesez irakurle parte-hartzailea  izendatzen duen “wreader” neologismoaren itzulpena: heldu da irakurlea hainbeste aipatzeari utzi eta idazkurleaz gehiago mintzatzeko garaia).

Baina itzul gaitezen Tintinen abenturetara: maitasunak eta gorrotoak berdin pizten dituen pertsonaia horietakoa da kalpar harroko erreportaria. Bere izate asexuatua eta irreala paira ezina suertatzen zaie zenbaiti, beste batzuek aldiz, ikaragarri maite dugu. Ez nuke inolaz ere esango Tintinen abenturek, hogeitapiko album izanik, batere inbidiarik diotenik gaur egun argitara daitekeen edozein nobela grafikori. Askotan leporatu zaion igurtzi kolonialista gorabehera, kontagintzako urrezko arauetan maisu da Hergé: esate baterako, inor gutxik hartzen dio aurre bigarren mailako pertsonaiak sortzeko duen gaitasunean. Esango nuke horixe dela, hain zuzen, bere arrakastaren giltza, album bakoitzean bisitatzen duen herrialde erabat ezberdinak duen osagai liluratzailearekin batera.  Castafiore dela, Tornasol profesorea dela, Haddock kapitaina dela, Dupont bikiak direla, Milu bera... Tintin protagonista da agian pertsonaia guztien artean  nortasun aldetik gutxien funtzionatzen duena. Pertsonaia nahiko neutroa da, xalo antzekoa, zozo samarra nahi baduzue,  berebiziko karismarik ez duena (Asterix eta Obelixekin parekatuz gero, adibidez). Horrek, ordea, erraztu egiten du haur eta gazteak pertsonaia mota honekin identifikatzea: Art Spiegelmanen Maus nobela grafikoko sagu naifak bezala, folio zuri baten antzekoa da Tintin ere.

Hain folio zuri baten antzeko ze, Antonio Altarribak, El arte de volar sonatuaren egileak, omenaldi berezia eskaini baitzion 2007an, Hergéren mendeurrenean, guztiz bestelako tonua eman eta jatorrizko pertsonaiaren nortasuna irauliz. Tintín y el Loto Rosa liburuan, Hergéren heriotzaren ostean kokatu zuen erreportaria Altarribak: gizaseme heldua da jada, Milu fox terrier estimatuaren heriotzaren ondoren deprimiturik dagoena. Tintinen jarraipen apokrifo honetan Haddock kapitaina are alkoholzale amorratuagoa da eta Tornasol psikiatriko batean sartu dute. Tintinek erreportari segi nahi luke, baina urteak ez zaizkio alferrik pasatu eta paparazzi modura baino ez dute kontratatzen.  Tintín y  el Loto Rosa, Ricard Castells eta Hernández Landazabalen irudiez lagunduta argitaratu zen, baina tamalez gaur egun bildumatzaileentzako pieza arraro bilakatu da (450 eurotik gora ordainduta eros daiteke eBay-en);  Moulinsartek, Hergéren ondarea kudeatzen duen elkarteak, debekatu egin zion De Ponent etxeari lehen argitalpeneko 1.500 aleak agortutakoan gehiago merkaturatzea, lanak pertsonaiaren benetako izaera perbertitzen zuelakoan.

Oinordekoek nahiago dituzte itxuraz irakurleak, idazkurleak baino.