Euskara salbu Japonian
Saizarbitoriari irakurri diogu: “euskara Bilbon salbatuko da edo ez da salbatuko”. Hitz horiek esan dituena euskal idazle unibertsalen artean donostiarrena dela kontuan izanda, esanguratsua da baieztapena, areago, idazle izateaz gain soziologo ere badenean.
Gaur gaurkoz, ordea, hauxe da errealitatea: Bilbon antolatzen diren ziklo eta jaialdi ezberdinetan, diru publikoz lagundutakoetan bederen, euskaraz ari den sortzaile gonbidatua arrotz sentitzen dela sarri. Zenbatetan izan dugu antolatzaileek gogoz kontra, zuzentasun politikoz jokatzeko deitu gaituzten irudipena? Zenbat aldiz euskal “kuotari” dagokion papera betetzen ari garen sentipena? Ez da arraroa euskararekiko arroztasun sentimendu hori, kristalezko kanpai baten barruan sentitzea euskaraduna, tolerantziaz mozorrotutako indiferentzia bat airean dela kasurik onenean, eta indiferentziaz mozorrotutako mespretxu batek itoa txarrenean.
Kinka horren adierazgarri garbia izan zen Bilboko Barreak aurton antolatutako Bernardo Atxaga eta Jon Juaristiren arteko buruz burukoa: euskaraz hasi zen, baina Juaristi berehala lerratu zen gaztelaniara, haren etorri joriari ez baitzion bere euskara herdoilduak justiziarik egiten. Atxagak euskaraz erantzun zion, baina iritsi zen une bat zeinatan –elkarrizketaren logikak hartaraturik– modu naturalean gaztelaniaz aritzea eskatzen baitzion gorputzak. Erantsi horri aretoa lepo betetzen zuen publikoaren zati batek aldibereko itzulpenerako entzungailuak zituela, eta beraz, umorezko pasadizoak itzultzen zailak direnez, “puntuak kendu” egiten zizkiola euskara hutsean ari zen hizlariari. Halako egoera batean, benetan sinesten dugu euskaraz aritzea hautu erabat librea dela?
Iban Zalduak Ese idioma raro y poderoso saiakeran oso ongi deskribatzen du halako ingurune batean senti dezakeguna: “Rodeados por dos lenguas tan pujantes e intrusivas, y por dos nacionalismos estatales como el francés y el español, tan poderosos que sus representantes pueden permitirse el lujo de sentirse «no nacionalistas», con tan poca sensibilidad hacia las lenguas pequeñas dentro de sus territorios –bien es cierto que mucho menor en el caso francés–, es difícil que nadie que pretenda vivir y escribir en euskera se sienta, de vez en cuando, un poco nacionalista al menos”.
Hizkuntzaren gaineko hausnarketa egiten du Sechu Senderen Made in Galiza argitaratu berriak ere, fikzioaren bidetik. Galizan fenomeno bat izan da liburu hau (gure artean Kutsidazu bidea, Ixabel izan zenaren pareko) eta oso modu jostari eta umoretsuan pentsarazten du hizkuntzaren aferari buruz. Ia ipuin guztietan sentitzen da euskalduna identifikatuta: paradoxa, zirtoa, fantasia eta zorroztasuna erabiliz, okerreko sinesmenak desmitifikatu eta hainbat topiko gezurtatzen ditu Sechu Sendek. Hizkuntz hautua inuzentea ez den lekuko, gazteleraz ematen dira zenbait pasarte, “zientzia fikzio linguistiko-apokaliptikoaren” jeneroaren baitan sar genitzakeenak, Madrith izenburu gaiztoa duen narrazioan, kasu: “Tengo dos hijos, uno de dos y otro de cuatro años. Y ni en la guardería ni en el colegio les hablan en castellano. Aquí en Madrid, los jóvenes hablan cada vez menos español. Leí en un periódico el otro día que sólo un 5 por ciento de los jóvenes madrileños entre 16 y 21 años hablan español habitualmente. Lo cierto es que nuestro idioma no está pasando por buenos momentos. To lo contrario. En la prensa, en la radio o en la televisión el español tiene una presencia bastante baja. Por no decir que no hay revistas deportivas o del corazón en castellano, por ejemplo. Y si vas a una librería, los libros escritos en nuestra lengua siempre están al fondo, en una esquina si log hay... Me gustaría que, por un momento, toda esa gente que mira al castellano un poco de lado se pusiese en nuestro lugar y comprendiese la importancia que tiene para nosotrog que se respeten nueghtrog derechogh y nueghtra identidad”. Mundua alde erantzira, edo nola idatzi ipuin bat “bilatu” eta “ordezkatu” komandoen bitartez. Esaldi bakar eta single batek laburbiltzen du, ordea, ondoen liburuaren izpiritua: “Ni inoiz ez naiz izango yo”. Kontua da kontrakoa ere esan lezakeela norbaitek: “Yo nunca seré ni”.
Ba ote modurik “ni” eta “yo” izateko aldi berean? Nekeza denik, behintzat, ezin uka: ETB1erako galdera bat euskaraz erantzun eta handik minutu erdira galdera bera ETB2rako gazteleraz erantzuten saiatu denak badaki horren berri. Ia inoiz ere ez duzu bietan gauza bera esaten.
ETB3 diozue? A, hor marrazki bizidunak beti. Agian manga japoniarrak salbatuko du euskara, edo ez da salbatuko.