Presentzia

Zuk erranari, behar nioke fedea:
lengoaia hori, ez dut ulertzen, ordea. 
Uzta baletor, txinpartaren bat, soltea, 
herdoil den arren, lehen nerabilen goldea. 

Presentzia da, haragi minen gordina. 
Presentzia da, ukitzen dudan hagina. 
Presentzia da, banintza eta bagina. 
Presentzia da, nahiz eta ez den berdina. 

Zurrunbilotan, hala oroitzen nauzu zuk: 
bizitakoak, gogoangarriak batzuk. 
Lausotzea da, bizitzak dakarrena truk: 
oihal xuri hau kixkali dute mila suk, 
oihal bat beltza, estalia mila eskuk. 

Presentzia da, goxo litekeen ezina. 
Presentzia da, biok hutsari begira. 
Presentzia da, presentzia honen mira. 
Presentzia da, biok leihoko argira. 

“Ze herri da hau, non da nire galtzerdia?”  
Uki dezaket, beti da zerbait berria. 
Usain dezaket, zer ote da, izerdia?  
Axola eza da gaitz honen gaitz erdia... 

Presentzia da, esku baten larrimina. 
Presentzia da, begiradaren samina. 
Presentzia da, taupadatxo baten grina. 
Presentzia da denboraren azal fina. 

Oso ahula baina, zertxobait badantzut: 
galdera asko airera jaurtiko ditut. 
Ez haserretu, itaunez josten bazaitut, 
nekien hori, berriz ahaztuko baitut. 

Presentzia da begi bat eta begi bi. 
Presentzia da gutxi...; tarteka, gehiegi.
Presentzia da, ez dakigula igeri. 
Presentzia da, doi-doi dezaket igerri: 

presentzia naiz, presentziatik ihesi.

Antton Valverde (Gaua. Ausentziaren itzala, Elkar 2020)