Intimitatea

Egilea: Hanif Kureishi
Editorea: Txalaparta
Urtea: 2008
ISBN: 978-84-8136-521-4
Orrialdeak: 168

(...) Irudikatu ezazu zeure burua afal-orduan, biharamunean inori ezer esan gabe etxetik behin betiko desagertzeko delibero irmoa harturik, bikotearekin ohiko elkarrizketa jasangarri bat harilkatzeko ahalegin temosoan, umeen jolas axolagabearen testigu. Ikertu itzazu zure gogoan barnako harat-honatak, arkeologia sentimentalean topaturiko porrot, amore emate, eta desilusioak. Jarri itzazu balantzan zure amets handi eta miseria txikiak, zure baitako txintxoa eta zintzoa. Zu izan nahi duzunean ere ez zara dirudizuna. Bere intimitatearen aztarrika ibili nahi ez duenak utz diezaiola protagonistari biluzten, utz diezaiola bere tripak kanalean irekitzen, bere gezurrez lasaitzen, bere egiekin mintzen. Gogoetatu dezala zergatik iruditzen zaion putakumea orrialdearen hastapenean eta maitagarria lerrokada bat beherago. Hausnartu dezala grisaz, keaz, lanbroaz, agertzen eta gordetzen dugunaz. Pentsatu dezala zergatik ez den dirudiena. Hanif Kureishik azaldu behar izan dit bikoteek arrazoi onak dituztela isilik egoteko, altxatu nahi dudan gona bat izan litekeela mundua, norbait aukeratzea bizitza oso bat agerian uztea dela, idazle batzuei arkatza bigun eta zakila gogor idaztea gustatzen zaiela, gauzak bukatu direla dakizunean ez dagoela kontsolamendurik orainaldian, bizitza bera dela pornografiarik onena... Niri ere jakin beharko nukeena irakatsi behar zait. Ez naiz dirudidana... Sustrai Colina (Elkar aldizkaria, 32. zbkia)


intimitatea.png