Jai duzu
Saiakerari, burutu osteko hutsune
honek darraikio hamarkadaz hamarkada.
Ez duzu, bada, gehiago saiatu nahi jada:
hainbat urtetan zehar ezaxolari immune
iraun duzu, ez miresmen ez begirakune
jaso gabe, bokazioaren haginkada
hari segiz uxatuz duda eta ikara.
Interes falta salatzen zuen isilune
bakoitzaren pipi-gaitzak jan dizu posea.
Heldu da bazterrera egiteko garaia:
inoren asetzaile ez zen zure gosea.
Alferrik jantzi zenuen birentzako mahaia,
aulkitik jaulkiz “Hel niri!” ese-o-esea.
Zertan ez zure egin, ondoko gelako jaia?
Entzun hemen
(Ilunpean jai duzu, 2024)