Maite Larburu

Ibaiaz

Epe luzeko helburu eta nahiak maite ditut,
hain epe luzeko ze, badakidan
ez dudala nahi hori asetuko sekula.

Epe luzeko bidaia-planak maite ditut,
hain epe luzeko ze, badakidan
ez dudala hiri hori ezagutuko sekula.

Epe luzeko lagunak maite ditut,
hain epe luzeko ze, ez dakidan
lagun izan ala maitale.  

Ibai luze bat bota dut
maite dudanetik
maite dudaneraino,
ibai luze luze luze bat
hondoratuta ere
urak beti nondik nora jarraituko duen jakiteko,
luze luze luze bat...

Epe luzeko maitasunak maite ditut
hain epe luzeko ze, orbanik ez den sortzen,  
–ezta ohitura ere–.

Epe luzeko eztabaidak maite ditut,
hain epe luzeko ze, badakidan
inorena ez dela arrazoia
–non eta ez den biona–.

Epe luzeko zauriak maite ditut,
hain epe luzeko ze, badakidan
bihurtzen direla galdera ikur.

Ibai luze bat bota dut
maite dudanetik
maite dudaneraino,
ibai luze luze luze bat
hondoratuta ere
urak beti nondik nora jarraituko duen jakiteko,
luze luze luze bat
bota dut
hemendik
horraino
hondoratuta ere
nondik nora jakiteko.

Luze bat...

Epe luzeko nahi eta desioak (maite ditut, bai);
ibai luze bete-gabe-ia-beteak,
irauli baino bihurtzen direnak
epe luzeko
beste nahi
eta ibai
eta
desio.

Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak, 2019)

[Maite Larbururekin elkarlanean idatzia]

Maletadun maitalea


Maletadun maitalea zara
maletarekin maiteminduta.

Mandala bat badela
entzun duzu eta inshala,
bazoaz berehala:
ikusiz mendi eta haran
goxoago zeunden ganbaran. 

Mundua badabil hala
zoroen presaren zalapartarekin.

Sakondu gabe bidaia,
urratu dugun paisaia,
urak itotako kaia,
hegaldien sastakaia,
hasiera eta amaia,
hasiera eta amaia.

Maletadun maitale bezala
egiten duzu ahal dena,
maitale bat azkenean zer da?
Hurrengorako eskala.

Bakardadea eskala
dezakezun mendi bat da,
eta gero jaitsi hala...
ahal bada, hala, ahal bada...
ala deltan...

Sakondu gabe bidaia,
urratu dugun paisaia,
urak itotako kaia,
hegaldien sastakaia,
hasiera eta amaia,
hasiera eta amaia.

Maitaledun maleta zara,
eskutik doan txatala,
gurpilduna zu, eta bera
larru bereko azala.
Larru bereko azala.
Ahal dena eginda ere
dena da gutxi,
gutxi da dena,
eztena beti... zorrotzegia da.
Maletadun maitalea
maletarekin maiteminduta.  
Maleta egiten bukatuta
bietan zein dago nekatuta?
desegiten zara zu,
eta puskak, ezin batu.

Ohe guztietan zerbait ahazten da.
Ohe biluzia zutaz janzten da.
Ohe guztietan zerbait ahazten da.
Ohe biluzia zutaz janzten da.

Sakondu gabe bidaia,
urratu dugun paisaia,
urak itotako kaia,
hegaldien sastakaia,
hasiera eta amaia.,
hasiera eta amaia.

Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak, 2019)

Katekorratzarena

Katutik duzu asko,
katetik, berriz, gutxi,
ez duzu katearen
fama txarrik merezi.
Katetik askatzeak
egin zaitu berezi:
ireki eta kliska,  
begiaz keinu berriz.
 
Soltean zoazenez
bakarka zoaz beti,
ez inoren kontrako
baizik alegre, isil.
Katebegiko begi,  
zaitut begikoegi,
galtzea komeni ez
den bitxien euskarri,
patrikara lotuta
edo soinekoari.

Buruan behar nuke
zure kastako sorta,
gogoratzeko zinez,
zeri hel, zer gorrota...  
Ez zara deusen lotsa
paperezko larrosa,
jakako paparrean
eustekotan poza:
ireki edo itxi,
trikuaren zorrotza.

Zabalik zauritzeko
ezpata zarelako;
itxita pieza kamuts
laztan eskean plako.
Patrikan zaramatzat
laztantzen zaitut kuttun:
ireki eta itxi,
egun on edo agur...
“Ene katekorratza,
eutsi diezaiogun”. 

Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak, 2019)