Gizon laztan
Gizon laztan, gizon bakar...
Falta denak harek dakar
Gizon gordin, gizon leun,
zu zaren gizonaren
islada:
irla izatea eragozten didana.
Badakizu noiz leun,
noiz gordin:
ez da berdin,
nola jakin?
“Hik badakik
noiz leun eta noiz gordin...”
Gizon suhar, gizon eme:
gizon eme-ernea konbinazio
ederra da, ene!
Biluztasuna ongien janzten duena.
Entzulerik onena, entzule biluzia;
errazago biluzteko
zure aurrean ene bizia. Hala...
Nola egin?
“Hik badakik
noiz azal eta noiz mami...”
Gizon laztan, gizon bakar:
bost axola izatea askoren bakar...
“Garaiz hilko gara”, diozu algaraz.
Uzta zuk erein, uzta nik bil:
garaiz hil,
beti ezberdin...
Nola egin?
“Hik badakik
noiz hil eta nola berpiz...”
Gizon handi, gizon txiki:
sentitzen duzun mina ez hartu
serioegi...
Arrastoak gauzetan ez,
pertsonengan utzi:
hitzak gorde
–behar balitz hitzik–,
Nola egin?
“Hik badakik,
noiz mintza eta noiz isil...”
Gizon laztan, gizon bakar
Falta dena, harek dakar...
Ziklomorphosia (Sorginetxe - Promomusika, 2015)
Entzun hemen