Mikel Markez
Erresumarik zabalena
Bizitza da erresumarik zabalena
diote oroiminean leize bat irekiz
zaldien begietako hiztegiek
Bizitza da erresumarik zabalena
erromes oro galdurik bere menditarteetan
nola galdurik itsasoaren bularretara ekia
nola galdurik agonia zure hitzen kariari
Bizitza da erresumarik zabalena
udazkenaren hondar abandonatuetan
gezurraren sonata gosetiak
bere melodia erorkor eta luzeaz
arima hilkorren zingirak arakatzean ere
gregorianozko murru higatuetan
armiarma gotikoak dabiltzanean ere
alabastroak iragazitako argitan
bizitza da erresumarik zabalena
Bizitza da erresumarik zabalena
hosto bakoitza erredura bat gehiago ezpainetan
orratz bat tenk jaioberrien bihotzetan
eskalez mozorroturik mozkorturik zekalez
sekula zoriontsu izan ez direnen
espaloiaren alde hartan
Bizitza da erresumarik zabalena
baina niri ez dit deusik erakutsi
soilik isilik jarraitzen gibeletik
denboraren zakur herrenari
Bizitza da erresumarik zabalena
eta nik
nik besoak baino ezin zabaldu.
Indar bat dabil hor (Elkar, 2013) Kea behelainopean bezala (1994) liburuko poema, jatorriz Itziar Iruretagoienak "Lubaki Banda In-komunikatzen" maketarako musikatua.