Dardaren interpretazioa

2003

Editorea: Olerti Etxea (euskara)
Urtea: 2003
ISBN: 84-89997-04-7
Orrialdeak: 58

Poema bilduma

Encuentra la muerte mientras buscaba su ropa

Honela dio La Prensa egunkari hispanoko
lehen orrialdeko esaldi erraldoiak.
Heriotza topatu zuen, bere arropa artean.
Erratza pasatzen ari garela
sapaitik zintzilik zegoen aulki bat
tupustean erortzen den bezala, heriotza.
Van Goghek bere gelan irudikatu zuen koadro ospetsuan
ohearen pean ezkutaturik
edo etxeko sarrera ateko behatxulotik
arrain lente baten begirada zabal eta puztuan,
edo eskolan,
munduko ibaien zerrenda buruz ikasia ozenki
ahoskatzean, desizozte garaia denik ohartu gabe.
Edo hanka puntetan, bionbo baten atzean zer suma.
Inoiz ez errebolber baten begi-puntuan.
Inoiz ez ganibet baten mutur piramidalean,
edo xiringa baten estreinua den malko eutsiezinean.

Gauzak oso sinpleak dira batzuetan
galtzerdi granate baten kidearen xerka zabiltzanean.
Heriotza aurkitu zuen, bere arropa artean.
Pozoiaren bila, adrenalinaren zain,
etxeko buzoian edo labanderiako deskontu orrian,
baina inoiz ez
urkamendiak eta azken gurariak osatu bikotean.

Encuentra la muerte mientras buscaba su ropa.
Eta biluzik zihoan, gehienetan bezala,
urdanga hori.