Amodio ohantzea

Zure aita ez zen aseko:/ pobrea omen nintzen zu esposatzeko./ Arantza hori tarteko/ baimenik ez elkar ikusteko;/ gariaren dantzan,/ elkar balantzan,/ maitasuna zertan datzan/ gorrari esplikatzeko/ kantu-xeraz dut beteko.

Hondartzan ginela soinez,/ gurma leunak gidatzen gintuen oinez,/ kriseiluengandik ihes,/ koba ilunari biok oles./ Itsas izoztua,/ sapai laztua,/ zutaz ezin ahaztua,/ leize hartan elkar maitez,/ suari sua emanez. 

Bi aldiz ginen leizean:/ leizean eta ezpain kaiola hezean,/ amodio ohantzean,/ arrisku deia gatzak aidean./ Urez mukurua/ zen ingurua,/ saldurik geure burua.../ Itsasoko ekaitzean,/ musu hiruen artean. 

Naufragoen oholetan,/ Biarritz-Bidarteko faroen segadan,/ arrokaren begiradan,/ uhin isilen trazo iladan,/ begiak finkatuz,/ hatz-mami elkartuz,/ leizeak darrai arnastuz,/ gu bizirik haren baitan,/ oihartzun horien sehaskan.

Ura (Elkar, 2000)