Bye bye, Jacko
Denbora neurtzeko era bat da tango zaharraren hitzei kasu egin eta “hogei urte ez dira ezer” esatea, eta denbora neurtzeko beste era bat da esatea: “aspaldian, gazte eta berdeak ginela, eta Michael Jackson beltza artean”. Ez nintzen ni hamar-hamabi urterekin Otis Redding entzuten zuenetarik. Hori beranduago izango zen. Otis Reddingengana Stevie Wonderrek eraman ninduen. Stevie Wonderrengana Michael Jacksonek. Van McCoy, Diana Ross, Marvin Gaye, Etta James, Solomon Burke, Bobby Womack... Zintzoki esan behar dut: musika beltzera sartzeko atea izan zen Jackson. Kirol oinetako zuriak janzten genituen, break dancearen garaiak ziren: zoruan marmol puska bat zuen edozein etxe-atari bilakatzen genuen dantzaleku. Orpoaren gainean ziba bat bezala jiratu eta atzeraka oinez ibiltzen saiatzen ginen. Horregatik liluratu gintuen beharbada Michael Jacksonek: aurrerantz zihoan itxura egin arren, oinez atzeraka irristatzeko zeukan gaitasun berezi harengatik. Ni bai behintzat. Imajina dezaket Jean Vigo edo Dziga Vertov bezalako zinegileek zinemaren hastapenetan kameraren trikimailuak deskubritu zituzteneko emozioa. Irudiei atzeraka eragiteko aukerak sortuko zien poz jostaria: posible zen norbaitek uretara jauzi egin ondoren jauzia alderantziz ikustea, uretatik atera eta tranpolinera bueltatzea jauzilaria! Ederra jostailua! Poz haren pareko zerbait sentitzen nuen nik ere, aurrerantz zihoan itxura egin arren, Michael Jackson atzeraka oinez irristatzen ikusten nuenean. Ordu mordoska sartuagatik, ez genuen harenik imitatzerik lortu: kirol oinetakoen zoru berriegiei botatzen genien errua. Higatuagoak baleude, agian...
Bartzelonako museoan bere argizarizko irudi bat ikusi genuen; benetakoa baino biziagoa. Hildako bizidunaren bokazioa aspaldi baitzuen bere: Halloween gauean New Yorken egiten den desfileko karrozarik jendetsuena da Thriller kantuaren eszenografia lantzen duena. Urte luzetan halaxe segiko duelakoan nago. Ez Paulova, ez Nureyev, ez Gene Kelly. Fred Astaire eta Michael Jackson. Horiek izango ei dira XX. mendeko dantzarien artean denboraren su goritik libratuko diren bakarrak. Hileta ondorengo ahoberokeriak? Akaso bai. Baina dantzarako modu berri bat asmatu zuen, hori ukaezina da: bazuen desfile militarren trazarik, arroz hautsez zuritutako aurpegi zuriko mimoen keinuetarik, dantza errobotikotik, sexua hor zegoela gogorazten zuen gerri kolpearen probokaziotik, zainetan erritmoa daraman arrazaren aldarrikapenetik. Gurutzatu geisha bat James Brownekin eta Michael Jackson da emaitza. Zer esan, bestalde, bere janzkeraz? Zergatik eskularru bat eta ez bi? Bazuen eskularru bakar hark Errauskinek galdutako zapatarekin antzik: gauerdi egin balitzaio legez eta eskularrua nonbait galdu, bere buru-osasunarekin batera, zombien lurraldean.
Eta gero eromena. Gero Peter Pan sindromea. Gero zuri izan nahi duen boxeolari jipoituaren kasketa zoroa. Gero umezalea ote zen. Gero epaitegiz kanpoko diru-tratu uherrak. Bat-batean gustu txarreko bihurtu zen bere izena aipatzea. Urteak neramatzan taberna batean haren musikarik entzun gabe, heriotza etorri den arte argizarizko irudi dantzaria zena behin betirako argizarizko bihurtzera. Orain bai, itxuraz balantzea egin genezake, eta txar-txarrenak kenduta ere, ez dago Quincy Jonesekin grabatutako diskoak salbatzen ez dizkionik, ikuskizunaren munduaz gutxik bezala zekiela aitortzen dionik. Txima harroenentzat ere, ze ile-gogortzaile eraginkorra den heriotza, aizue. Gauza bitxia da zibilizazioa... Hainbeste promesa, eta azkenean ez du masentzako ikuskizun zelebre bat baizik eskaintzen. Ikuskizunaren parte zen Jackson. Izaten jarraitzen du.
Michel Houellebecqen aburuz, mestizajearen ideia azken muturreraino eraman zuen gizona izan zen Michael Jackson: “ez zen ez beltz eta ez zuri, ez zahar eta ez gazte [Ray Lorigak zehaztu du bost urterekin lanean hasitako edonor dela zahar berrogeita hamarrekin]; eta zentzu batean, ezta gizon eta ezta emakume ere. Inor ez zen haren bizitza intimoa irudikatzeko gai; giza kategoria arruntak ulertu eta barneratu ondoren haiek atzean uzteko modua aurkitu zuen. Horregatik hartzen zuten izartzat, munduko izarrik handiena –eta lehenbizikoa–. Beste guztiak –Rodolfo Valentino, Greta Garbo, Marlene Dietrich, Marilyn Monroe, James Dean, Humphrey Bogart–, gehienez ere, talentuzko artista jo zitezkeen, giza kondizioa imitatu besterik ez zuten egiten, estetikoki giza kondizioa birsortu; Michael Jackson izan zen apur bat urrunago joaten saiatu zen lehena”. Bai joan ere: aurrerantz oinez zihoan itxurak egin arren, atzerantz irristaka.
Territorios gehigarrian