Pairatzeko tenorea
Ezinezkoa Mexiko DFko Tenampa aretoan Bolañorekin ez akordatzea: mariatxiek abesten duten bitartean –lau talde aldi berean, nork ozenago, mahaietako eskarien arabera elkar zanpatuz–, deskarga elektrikoak eskaintzen ditu gizonezko batek mahairik mahai, akordeoia bailitzan lepotik zintzilik dakarren bateria batekin. Hogei peso dira kalanbre bakoitzeko. Dibertitzeko modua omen: toquecitos esaten diote. Tekila edale gautxoriak sokasaltoan ibiltzeko moduko metalezko bi heldulekuri eutsi behar die, eta apurka-apurka handitu egingo da deskargaren zenbatekoa, bezeroak duen jasateko ahalmenaren arabera eta hark geratzeko eskatu arte. Bada berehala amore ematen duenik, bai eta konbultsioetan oker-oker eginda eusten dionik ere. Nerabe talde bat daukagu ondoko mahaian, eskutik elkarri helduta ferra bat osatzen; ferraren muturreko neska banak eusten diete metalezko heldulekuei. Mendi errusiarrean baleude bezala egiten dute uju eta oihu, alegera itxuraz, elektrizitatea eskurik esku, gorputz batetik bestera doan arau. DF bi mila eta berrehun metroko altueran egoteari leporatzen diote zenbaitek erokeriarako joera hau, baina edozer gerta daitekeen hiri honetan –Bob Beamonen jauzia ez zen kasualitatea izan–, bizitza intentsitate berezi batekin hornitzen da, biharko egunik ez balego bezala. Eta ez bizitza bakarrik, chilangoen –DFn jaiotakoen– hizkera ere intentsitate handikoa da, Cafe Tacvba taldearen kantua lekuko: “Mejor yo me echo una chela y chance enchufo una chava, chambeando de chafirete, me sobra chupe y pachanga”. Juan Villoro idazleak El eterno retorno a la mujer barbuda testuan ezin hobeto deskribatu zuen DF: apokalipsia gertatu da jada bertan, horren ondorengo emaitza dugu hiria. 1989an Desafío total filma egin zelarik, Mexiko DFko hainbat paraje baliatu ziren etorkizuneko mundua islatzeko. Filmean erabilitako gezurrezko odol arrastoak garbitzeari uko egin zioten gero metroko langileek, eta bertan ikusgai daude gaur ere etorkizuneko giza-sakrifizio bateko odol orban horiek, mexikarren harrotasunerako. Bertatik alde egiteko irrikaz egon arren beti bueltatzen zaren hiri horietakoa omen DF. Astrid Hadad abeslariaren arabera, mexikarrei azteken garaitik datorkien sufritzeko gaitasunarekin zerikusia luke, pairamen horretara hurbildu eta harekin gozatzeko moduarekin –“errusiarrek baino ez gaituzte horretan berdintzen”, dio–.
Guadalajaratik gentozen, Euskal Herriko eta Mexikoko bortxakeria aldera ezinak mahainguru batean alderatzetik. Ciudad Juarez: 20.000 desagerpen hogei urtetan. 1993an emakumezkoen hilketak hasi zirenetik, asko izan dira hipotesiak eta apenas argitu den ezer. Inork ez daki ziur serial killer sistematikoak edo azteken sasoiko sakrifizio satanikoen imitazioak dauden krimen hauen iturburuan. Gauza bakarra da segurua: agintari politikoen ahalegin argitzaile oro izan dela antzu. Zulo beltz hori ikertu duenetarik bat –behin baino gehiagotan mehatxatua eta egurtua– Sergio Gonzalez Rodriguez da (El hombre sin cabeza eta Huesos en el desierto liburuen egilea). 2666 maisulana idazten zuen bitartean etengabe zegoen Bolaño harekin harremanetan, halako puntutaraino ze, une batean pertsonaietako bati haren izena jarri baitzion, zorrak literarioki kitatze aldera. Mahainguruetako batean, hildako lagunei buruz hitz egin zuten idazle mexikarrek, bahituta dauzkaten adiskideei buruz eta prentsa idatziak desagertu hauei eman ezin dien duintasuna Twitter-ek emateko aukeraz: izen abizenez hornitzekoaz, bederen. Ikus daitezela ikusezinen munduan desagertuak, interneten.
Esanguratsu jo zuten literatura latinoamerikarrean hildako hauek omentzeko poemak erabili izana: Raul Zurita txiletarraren Inri eta Nestor Perlongher argentinarraren Cadáveres izan ziren aipatuenak. Patricio Guzmanen Nostalgia de la luz ikusteko gogoz ere geratu ginen: lurraren eta zeruaren arteko distantzia kontraste gisara erabiltzen duen dokumentala. Mundu osotik etorritako astronomoak Atacamako basamortuan izarrei begiratzeko elkartzen diren bitartean, emakume talde bat harrien artean ari da galdutako senideen gorpuen bila. Ironiak hala nahi izan du: unibertsoaren sakonera ondoen arakatzeko aukera ematen duen geografia berbera ezin egokiagoa da –lurraren idortasuna dela kausa– hilotzak ukigabe gordetzeko ere; momiak bezala, berdin Pinocheten garaiko preso politikoen hezurrak. Gorantz zein beherantz, izarretara eta harrietara begiratzeko aukera, aldi berean.
Ondo egin zuten DFn metroko langileek haiek garbitzeari uko eginda. Izango dute jaberik etorkizuneko odol orbanek ere.
Territorios gehigarrian