Errautsetatik
Hildakoen gorpuak errausteko ohitura mendebaldeko kulturan zabaldu ahala, errautsak haizatzearena dramaren baitako berezko azpi-jenero bilakatu da azken urteotako fikziozko lanetan. Hortxe dauzkagu Graham Swiften Last orders nobela eta nobela horretan oinarritutako filma, Michael Caine protagonista zuena, edota, gugandik gertuago, Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak, besteak beste. Errausketa hauen istorioa komikoki gauzatzen da batzuetan (errautsak haize-kontra bota eta hildakoaren lagunen arropatan itsasten dira, mundu hau utzi eta haraindikora joan nahi ez duen adiskide zaharraren azken txantxa alegoriko bihurtzeraino) eta umore beltzez edo dramatikoki bestetzutan (tratu txarrak eragin zizkion senarraren hondarrak komuneko zulotik behera botatzen dituenean emazteak). Oro har, fikzio hauek guztiak berdin hasten dira: hildakoaren azken nahiak gauzatzea maite izan zutenen esku utzi eta aspaldi elkar ikusi gabeko lagun zaharrak berriro elkartzen direnean, haien borondatearen kontra askotan. Antzinatetik datorren irteera-errito klasikoa, finean. Zer egin gure hildakoekin? Zutik lurperatu, etzanean, erre, ustel daitezen utzi?
Norbait hiltzean finkatu egiten da nolabait haren argazkia. Eta hildakoek ez digutenez konpetentziarik gehiago egingo, errukiz eta onbera jokatzen dugu haiekin. Saminean lagun, hilberriari egiten zaion azken agurrak geratu direnen bizitzen errepaso intimoa ahalbidetu –norbere frakasoen errepasoa, gehienetan–, eta adiskide zaharren arteko kontu kitatze eta konfesio katartikoak pizten ditu. Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiak ekoitzitako Errautsak antzezlan paregabean, gaiari lepotik heldu eta hura muturreraino eramaten dute. Izan ere, azken agurraren azpi-jenero honek zineman zein nobelan funtzionatzen badu, zer esanik ez antzokietan: agurrak zentzu sinboliko hunkigarriz hornitzen du eszenaratzea, ikusleak meza pagano horretako minak eta saminak haragi bizitan sentitzeraino. Ikaragarria da aktoreen lana, talde hauetan ohikoa den lan fisiko itzela; erraietatik datoz hitzak eta ideiak, batzuetan garunetik pasatu ondoren, eta beste batzuetan garunetik pasa beharrik gabe. Erraietatik datoz euskalkiak ere: Muskilditik Markinara. Koadrila hitzaren zentzurik kriminalena agerian uzten du antzezlanak, disekzio mahaiaren gainean daude haietako bakoitzaren frustrazioak eta itxurakeriak, herrenak eta erran gabeak. Pertsonaien deskribapena ikusi besterik ez dago: Ander Lipus (Zigor, euskaldun zikiratua eta analfabeto sentimentala); Manex Fuchs (Erramun, Kubako zigarroak erretzen ditu, herritik irten gabe); Miren Gaztañaga (Eider, emazte eta ama eredugarria); Ximun Fuchs (Kaiet, aita familiako hipotekatua, automedikatu egiten da); Ainara Gurrutxaga (Pili, ezdeusa, pitxua pasatzen du dirua irabazteko); Urko Redondo (Fermin, bidaiaria).
Hileta orok duen inpostazioa (esan beharko nukeena, esan behar dudana) eta tragikomedia (sentitzen dudana, sentitu beharko nukeena) ongi dosifikatutako big-bang lisergiko eta testual eragingarri bihurtzen ditu Ximun Fuchsek zuzendutako antzezlanak, geografia baten (gurea) eta belaunaldi baten (70. hamarraldian jaio ginenona) testuingurura modu zinez burutsuan txertatuz. Zuzenean a capella abesten dituzten kantuek orain arte ezein euskal fikziozko lanetan ikusi gabeko 80-90. hamarkadetako hemeroteka korala osatzen dute, belaunaldi baten garunetan tatuaturik geratu den jukebox lirikoa, pastoraletik telecasterrera doana. Soila da oso eszenografia: kutxa bat baino ez taula gainean, ez dezagun ahantz (euskal) (hil)kutxa errausteko gaudela hemen. Testuaren egiletzari dagokionez, esanguratsua da esku-orrian irakurtzen duguna: Igor Elortza eta Unai Iturriagarekin idatzia. Ez Elortzak eta Iturriagak, Elortza eta Iturriagarekin baizik. Ez baita gauza bera enkarguz egindako Kentucky Fried Chicken e-antzerki aurrez prestatua, edota idazleak zuzeneko errausketara gonbidatzen dituena.
Sintomatikoa iruditu zait, halaber, antzezlanak dituen une gogoangarri askotarik bat besterik ez bada ere, aktoreak butaken patiora jaitsi eta linternaz hornituta publiko artean hilobietako hilartitzak irakurtzen dituzteneko pasartea. Badago ikusleari paparretik heldu eta hilda dagoela eta esnatzeko sasoia duela gogorarazteko modu hoberik? Indignez vous!, sumindu zaitez!
Azken emanaldiak egiten ari da asteotan Errautsak. Ondarrun, Igorren, Eibarren eta Aulestin duzue, besteak beste, euskal antzerkiaren Fenix hegazti hau ikusteko parada.
Territorios gehigarrian