Jerry Seinfeld eta autofikzioa
Jerry Seinfeld, Woody Allen legez, Stand Up Comedy jeneroak ezagun egin zuen komediantea da. Stand Up komedia(umoregile bat zutik, bakar-bakarrik, eguneroko bizitzarekin lotutako pasadizo labur barregarriak aletzen), New York iparraldeko Catskills mendietako hoteletako tabernatan sortu zen, larunbat arratsetan komunitate judutarra entretenitzen zuten aktoreen bakarrizketa zorrotz eta sarkastikoak boladan jarri zirenean. Handik Manhattanera hedatu ziren, eta Manhattanetik mundura.
Jakina da AEBetako gizartea trebea dela edozein produktu masiboki merkaturatu aitzin irtenbide komertzialak aldez aurretik neurtzeko sistemak asmatzen, eta horren adibide da zutikako komedia mota hau: klubetako entzulegoa probaleku aparta zen umorearen eltzea sutan jartzeko. Zuzeneko publikoaren azterketa gainditurik (kasu honetan antzerkia baino askoz ere merkeagoa zena: hitza da bakarlari berritsuaren lehengai soila eta mikrofono bat eskura izatera mugatzen da eszenografia oro), zinema, antzerkia edo telesailak egitera pasa ziren umoregileetako batzuk. Gorago aipatu bezala, zinemak ezagun egin zuen Stand Up umoregilearen paradigma Woody Allen izan bazen, Jerry Seinfeldek telebista aukeratu zuen, late showetan aritu ostean, bederatzi denboralditan Seinfeld telesaila gidatzeko.
Seinfeld telesailak, inoizko lehen sitcoma ez izanagatik, geroztik etengabe kopiatu den patroi bat finkatu zuen (Friends eta beste hainbat hark irekitako ildoaren jarraitzaileak dira). Bere ezaugarri nagusia, pertsonaiek egunerokotasuna –eta beren burua– disekzionatzeko duten modu gordinarekin batera, telesailari darion igurtzi autofikzional nabarmena da. Boladan dago aspaldion gure artean autofikzioa literaturan, baina zinemak eta telebistak ere ederki ustiatu dituzte autofikzioaren teknikak: Jerry Seinfeld izeneko aktoreak Jerry Seinfeld pertsonaia jokatzen du Seinfeld telesailean. Zein da Seinfeld pertsonaiaren ogibidea fikzioan? Errealitatean den berbera: komediantea da, eta bakarrizketa batekin hasten ditu atal guztiak. Gidoiak Seinfeldek berak idazten zituen, Larry David gidoilariaren laguntzarekin. Haiek aitortu izan dute “euren bizitza” kontatzera mugatu zirela lehen urteetan: hogeita bost minutuko atal biribil haiek idazteko berdin balio zuten ezagutu zituzten emakumeekin bizi izandako harreman gatazkatsuek, edota modako jatetxe txinatar batean mahaia lortzeko sor zitezkeen zailtasunek.
Halako neurriraino elikatzen zen fikzioa haien bizitzatik, Kramer izeneko pertsonaia eszentrikoa Larry David gidoilariaren izen bereko bizilagun batean baitago oinarritua. Merezi du Kramerren kasua aparte aipatzea: arazo legalik egon ez zedin haren deitura aldatzen saiatu baziren ere, azkenean ez zuten halakorik egin. Gidoilariek ehunka izen-deitura baztertu zituzten bata bestearen segidan, ondorioztatzeko azkenik, badirela izen batzuk izanari modu bereiztezinean itsatsiak. Fonetikak berak pertsonaia bultzatzen zuela, alegia, eta Kramer ezin zitekeela Kramer baizik izan. Benetako Kramerri diru munto bat ordaindu behar izan zioten, honenbestez, haren deitura erabili ahal izateko, eta honek (benetako Kramerrek), Seinfelden arrakasta baliatuz, bi pisuko autobusa alokatu zuen telesailean esanguratsuak ziren New Yorkeko parajeak turistei erakusteko… Esan liteke, beraz, benetako Kramerrek fikziozko Kramerren rola antzezten amaitu zuela.
Baina Jerry Seinfeld eta Larry Davidek, laugarren denboraldia idazten hasi zirenean, ataka estuan aurkitu zuten euren burua: ideiak agortu zitzaizkien sentipena izan zuten, arrakastak itoko zituen beldurra. “Orain arte geure bizitza kontatu badugu, zer egin aurrerantzean? Bada, hasierako ideia koska bat estutuz, geure hurrengo urteetako bizitza kontatzen segitu… ”. Esan eta egin: NBC kateari Seinfeld telesaila nola saldu zioten hartuko dute hari gidaritzat laugarren denboraldian, eta material autofikzional hori berbera erabiliko telesailari bultzada berri bat emateko.
Ez da hutsala batere NBCko exekutiboak xarmatzeko erabili zuten estrategia: ordura arteko telesailak “zerbaiti buruz” baziren, haiek “deusi buruzkoa” ez zen sitcoma aldarrikatu zuten. “A show about nothing…”, edo beste era batera esanda, “deusi buruzkoa” ez zenez, “edozeri buruzkoa” izan zitekeen telesaila. Jende arruntaren bizitza ez baita “ezer zehatzari buruzkoa”. Haien lanaren emaitza, labur esanda, inoiz telebistan egin den umore saiorik burutsuenetako bat da, gaur egun oraindik ere kalean erabiltzen diren hitz-joko eta esamoldeak sortu zituena.
Ez al da hori edozein idazleren ametsa?
Territorios gehigarrian