“Doctor en Alaska” berrikusiz
Estimatzekoa da DVDei esker garai bateko telesail zaharrak berriro ikusteko aukera izatea. Nostalgiak eramaten gaitu batzuetan haiek erosi eta berrikustera, eta litekeena da, gure memoriaren traizio edergarria medio, tarteka zaputzaldi galantak hartzea ere. Ez zait halakorik gertatu “Doctor en Alaska” (Northern Exposure) telesaila berbisitatu dudalarik. Alderantziz, oroitzen nuena baino are hobea iruditu zait. Espainiako Telebistako bigarren katean ordu txikietan ematen zuten hura telesail erabat literarioa zen akordua banuen ere, berrikustean ohartu naiz oroitzen nuena baino literarioagoa dela: ipuinez, ahozko tradizioarekiko zordun diren istorio harrigarriz eta fabulaz beteriko telesail honetan, etengabeak dira sorkuntza prozesuari, zinemari, arteari eta literaturari egindako keinuak. Pertsonaiak trebeki daude eraiki eta pentsatuak, judutar leinuko Joel Fleischmann mediku urbanita desterratuarengandik hasi, Woody Allenekin gutunak trukatzen dituen Ed indiar gazte zinezalearekin segitu eta K-Oso telebistako esatari “Goizean Goizeko Chris” preso ohiarekin buka (ikus: www.cicelyonline.com). Azken honek, Alaskako Cicely herriskan jaiotako txahalei eta ekaitzak botatako arbolek trabatutako errepideei buruz abisu ematen duen hizkera pragmatiko eta xume berdinarekin irakurtzen ditu mikrofono aurrean James Joycen aipuak, Einsteinen idazkiak, Ediporen mitoari buruzko iruzkinak, hilerrien inguruan elkartu eta lehen hirigune populatuak heriotzaren bueltan sortu zituzten antzinako gizon-emakumeei buruzko historia irakasgaiak, ordu txikietako irrati esatariek ohi duten modu epel, intimoan. Istorioei denbora emanez, patxada ederrean, eguraldiaren informazioa bezain ezinbesteko eta praktikotzat hartzen ditu honenbestez ikusleak Joyce eta Edipori buruzkoak ere. Chris gai da adreilu bat eskuetan hartuta bakarrizketa metafisikoak aletzeko, edota biziraupena lege duten Jack Londonen ipuin basatiak hasi eta buka irakurtzeko, paraleloki, herriskako bi lagun —Jack Londonen pertsonaia bilakaturik— paraje idiliko batera bidean hildako adiskidea lurperatzera nola doazen ikusten dugun bitartean, otsoz eta izotzez betetako mendi estartetan barrena. Joel Fleischmann medikuak, Errusian Siberiako desterrura igortzen zituzten pertsonaia horien traza du, edota, zergatik ez, H. D. Thoreauk Walden liburuan predikatzen zuen bizi ikuskeraren jarraitzaile izatera derrigortutako pertsonaiarena: bere bordako bakardadera kondenatutako kalekume newyorktar petoa.
“Garai batean, Shellyren oinetara so egiten nuenean, zisneak ikusten nituen edo txoriak, edota umeak jolasean... Gaur, ordea, lehen aldiz, oinak ikusi ditut. Oin handiak, besterik ez”, diotsa tabernariak konfidenteari, bere maitemin liluraren akabuaren hasiera ulertu ezinik. Badu telesail honek surrealistatik zerbait, ikusleak zenik eta egoerarik estrabaganteena naturaltasunez irents zezan lortzen zuen heinean (hala nola, hartza bat tabernako barrara jarrita edaten ikustea). Eta zer esan Ruzanne, herriko dendariaren gainean? Amonatxo xarmangarri honek bere gustu zinematografikoei buruzko berealdiko elkarrizketak izaten zituen bezeroekin, Godarden film kuttuna zein ote zuen, eta abar. Bigarren mailako pertsonaiak ere aintzakotzat hartzekoak ziren denak: ataletako batean, kasu, Cicely herrira zirkua iritsi delarik, fisikan katedraduna den magoa aurkitzen dugu (“fisika subatomikoak antsietatea eragiten zidan, magiarekin aldiz... badut zeri heldu”).
Bada beste atal bat Chrisek performance artistikoa egin nahi duena: katapulta bat eraiki eta behi bat hegaz jaurti. Ordea, ohartzen denean beste artista batek egina duela berak baino lehenago ekintza berbera, krisian sartzen da. Horrela, orijinaltasunak artean duen garrantziarekin obsesionatzen da artistagaia, bere ahalmenak auzitan jartzeraino. Atalaren amaieran, Janine Turner zoragarriak hezurmamitzen zuen telesaileko Maggie O´Connelli –gure nerabezaroko musa–, borda erretzen zaio ausaz sortu den sute batean, eta Chrisek, suntsipen horretan aurkitzen du bere blokeo artistikoaren irteera: katapultaren bidez, behia jaurti beharrean, Maggieren piano zirtzilatua jaurtiko du. Kamera geldoan ikusiko dugu pianoa hegan, mila zatitan ezpaltzen, pianoaren teklak alde batetik, oholak bestetik. Betea du Chrisek helburua: sorkuntza ororen atzean dagoen suntsipenaren aldarrikapena den performance hunkigarria. Hara hor, tele-literatura, puri-purian. Poesia hutsa.
Territorios gehigarrian