Sormenaren kontra

21 de Mayo 2016

“Kontraesanak sortu izan dizkit inork ni poetatzat jotzeak;/ baldin eta Robert Lowell poeta bada, nik ez dut poeta izan nahi;/ baldin eta Robert Frost poeta bazen, nik ez dut poeta izan nahi;/ Sokrates poeta bazen, aldiz, prest nengoke birritan pentsatzeko”. David Antinen hitz horiekin hasten da Kenneth Goldsmithen Uncreative Writing (Escritura no-creativa, Caja Negra, 2015), idazle ofizioari angelu askotatik begiratzen dion saiakera. Goldsmithen aburuz, “sormena” bera baino garrantzitsuagoak dira transmisioa eta elkarrizketa, eta, mamia sortzeari baino gehiago erreparatu beharko genioke testuinguruari. “Kontestua da eduki berria”, dio Goldsmithek. Moztu eta itsatsi. Jarri eta kendu. Birziklatze estrategiak, finean, Douglas Houebler artista kontzeptualak 1969an idatzitakoari jarraiki: “Munduan bada jada aski objektu interesgarri, ez dut nik berririk erantsi nahi”. Edo, Goldsmithen moldera esateko: “Munduan bada jada aski testu interesgarri; ez dut nik besterik idatzi nahi”. Horren ordez, dagoeneko existitzen den itzelezko testu masa “nola (berr)erabili” litzateke gakoa. Goldsmithek uste du argazkigintzaren sorrerak pintura krisi larrian jarri zuen modu berean, internetek ere ataka estuan ipini duela literatura, eta ez duela zentzurik XX. mendeko sortze-parametro literarioei men egiten segitzeak.

Goldsmith ezaguna da, ubuweb webgunea sortzeaz gain, muturreko esperimentu literarioak egin izanagatik. Day liburua, kasu, New York Times-en egun beteko alearen hitzez hitzeko transkripzioa da. Egunkariaren ale oso bat kopiatu zuen Goldsmithek, publizitatea saihestu gabe, argazkietan ager zitezkeen zeinu transkribagarri oro barne. Hitzei beste letra molde bat, beste maketazio bat, paper mota ezberdin bat ematea ez al da aski ekarpen “sormen” ariketa justifikatzeko? Urtebetez irratian entzundako eguraldi iragarpenak bildu zituen beste liburu batean. Mundua tipula bat bezala zuritu eta hari geruzak erauzteko modu berriak, narratibitatearen muga-mugan daudenak. Situazionisten mapa psikogeografikoak ekartzen dizkigute gogora estrategia hauek: Parisko mapa egitea, adibidez, baina auzoen izenak edo museo esanguratsuak adierazi ordez, bikote batek negar egin edo larrua jo duen lekuak seinalatuta. Mundu intimoaren eta publikoaren arteko talka berriak. 

Goldsmithek literaturari aplikatu nahi lizkiokeen estrategia gehienak aspaldi jorratzen dira artearen munduan. Ez da kasualitatea, noski, Andy Warholi orrialde asko eskaintzea. Ingurukoei zukua –odola– atera eta bere burua eraldatzeko zeukan gaitasunagatik Drella bataiatu zuten pop artearen popea (Dracula + Cinderella/Errauskine izenen laburdura; Drauskine litzateke euskaraz). Sortu-gabe-sortu, idatzi-gabe-idatzi horren lehen adibideetakotzat har daiteke Warhol, bere diario mardulak irakurgai ditugun arren, apenas idatzi baitzuen ezer. Bere aipurik ezagunenak (hamabost minutuko ospearena barne) ez ei zituen sekula idatzi; telefonoz izandako elkarrizketa luzeetan ahoz adierazi zizkien bere laguntzaileei, haiek material kaotiko hura iragazi, sailkatu, txukundu eta transkriba zezaten.

  XX. mendeko artista kontzeptual askoren desafioa interpretazioa zailtzea izan zen, denborari eta espazioari beste era batera begira geniezaien. Warholen Sleep (gizon bat lotan, sei orduz) edo Empire filmak (Empire State eraikina zortzi orduz hartzen duen plano finkoa) indar handiko lanak dira, artearekiko gure hurbilpena zalantzan jartzen dutenak, bai eskaini behar zaion denborari dagokionez, bai interpretazio eremuak hedatzeagatik ere. Patrikako telefonoen eztandak ekarri duen grabazio itxuraz hutsalekiko joera ez da, beraz, berritasun, Warholek gauza bera egiten zuenez. 

“Hasiera-korapiloa-amaiera”, “bazen behin” eta “suspentseari eutsi” teknikez haratago, bada agian garaia geure literatur tailerretan Goldsmithen teoriei ere leku egin deizaiegun: zerrendak egitea, testu lapurtuen zatiak sistematikoki pilatu eta manipulatzea, (des)kontestualizazioa, inoren berbak hitzez hitz kopiatzea, euskarri berriekin jolastea, asperduraren mugak arakatzea, interneten robot aleatorioak edo itzultzaile automatikoak guretzat lanean jartzea edo bata bestearen gainean teilakatzen diren publizitate mezu, albiste interesatu eta e-mail pribatuak  konbinatuz testu-collage kaleidoskopikoak sortzea. Mekano-puzzleko eskala areagotzea litzateke kontua, gutxieneko izendatzaile komuna handitzea: ez gaitezen abia derrigorrez hitz soiletatik, baizik eta esaldi, paragrafo, testu jada idatzietatik.

Liburu zahar bat, alfabeto berri bateko lehen letra izan daiteke.

Territorios gehigarrian