DFW, ozeanoetan zarena

27 de Febrero 2016

Turisten itsasontzi batean sartu eta zazpi gaueko bidaldi karibearra egitera gonbidatu zuen Harper´s aldizkariak David Foster Wallace, kronika baten truke. Kronika luzatu egin zitzaion, ordea, eta enkarguz egindako lana behar zuena bere liburu estimatuenetakoa bihurtu zen. Pasazaite argitaletxearen ekimenez eta Danele Sarriugartek trebeki itzulia, euskaraz irakur dezakegu orain Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat. Bai luzeragatik eta baita gaiari heltzeko moduagatik ere, gure artean landu ez den muturreko kazetaritza ariketa subjektibotzat har daiteke lan hau; edo bisitatzen dituen lekuei buruz hitz erdirik ere esaten ez duen bidaia-literatura diletantearen adartzat. Esperientziaren literatura: norbere burua leku deseroso batean ipiniz gero sortzen den talka diaristikoa, nobela bat bezala irakurtzen dena.

  DFWen begirada beti da kritikoa: “Luxuzko itsas bidaldi honek etsipena sortu dit, besteak beste, konturatu naizelako ezin diodala ihes egin neure estatubatuartasun esentzial eta berriki desatseginari (...) ex officio naiz handia, lodia, larrosa, zaratatsua, baldarra, handikia, neure arazoek xurgatua, mainatua, itxurari garrantzia ematen diona, lotsatua, etsipenak hartua eta diruzalea: munduan den behi-espezie haragijale bakarra”. Bobiskopofobia gaitza nozitzen ote duen aipatzen du gero (alegia: behatzaile anonimoak artalde bateko kidetzat hartuko ote duen beldurra), eta literaturan gotortzen da bere burua saldotik bereizteko, umore beltza armatzat hartuta, sobera deprimitu gabe iraungo badu.

  Itsasontziko bizitza, kasta sistema euro-zentriko baten eran deskribatzen du idazleak. Finean, turistak atzean utzi nahi lukeen mundu klasistaren eskala txikiko kopia klaustrofobikoa baino ez da kruzero bat. Txiste txar bat, kondaira urbano bat, kalkulu ekonomiko xehe bat, ontziari buruzko datu tekniko bat... edozer baliatzen du DFWek bere idazkerari fikzioaren giharra eta tankera emateko. Zehaztasun obsesibo eta autokontzienteegi batek definitzen du bere estiloa, kanpotiko mundua jasotzen duten gorputzeko neurotransmisore hipersentiberak, biluz eta oskolik gabe, zuzenean bere inguruarekin estekaturik baleude bezala. Bere idazkera hain erakargarri eta muturreko bihurtzen duen bertute hori sofrikario zitzaion, agian, bizitzan, baina irakurlearentzat etengabeko gozamen iturri da. Egia da oso grafikoa eta bisuala dela batzuetan, baina harro dago, halaber, ez duelako kamerarik eraman bidaldian (ontziko “bakarra” ei da halakorik ez daramana). Idazleek ere hitzetan konfiantzarik ez dutela lirudikeen garaiotan, oroitzapenen eta xehetasunen gordailutzaren ardura gailuei delegatu diegunean, DFWek hitzetan du oraindik fede osoa. Hizkuntza berrasmatu behar badu, berrasmatu egiten du. Ez soilik darabil denok erabiltzen dugun ikusmen maiztua: usaimena, ukimena eta entzumena “entxufatuta” dauzka beti. Idazle gutxik dute inguruan gertatzen dena edo jendearen jitea harrapatu eta esaldi bakarrean sintesia egiteko halako gaitasuna (“Puruak erretzen ari ez direnean ere puruak erretzen ari direla ematen duen gisako gizonak”), eta are gutxiago, aldi berean istorioaren baitan bere burua edo bere animo egoera txertatu eta horri etekina ateratzekoa. Jazz inprobisatzaile handien musika egiteko modua dakar akordura; testua orain eta hemen sortzen ari den sentipena sortzen dio irakurleari, baina, aldi berean, naturaltasunez sortzen dela dirudien testu horren gaineko hausnarketa dago, eta hausnartu ondoren testua birsortu edo bere burua berrinterpretatu eta saboteatzeko gaitasuna, adarretatik joan eta harira bueltatzekoa. Melodia nagusiena dirudiena alboko zerbait bilakatu eta ezdeusa zirudien ñabardura lehen planoan jartzen duten solista handien etorria dauka DFWek. Liburua eta haren making offa, biak batera ematen ditu, haren sor-marka diren oin-ohar luzeekin horniturik. Bere burua eta ingurua etengabe zehazteko joerak, oin-oharren barruko azpi-oin-oharrak idaztera darama sarritan DFW, xehetasunetan galtzeko arriskua gainditu eta hipertestu literario gisako bat harilkatzeraino. Batzuetan, oin-ohar horien bidez, narratzailearen ahotsari –bere buruari– ironikoki erantzuten dion “bertsolari” bihurtzen dela eman lezake.

  DFWi, norbait iraintzea edo gogaitzea baino askoz larriagoa iruditzen zitzaion norbait aspertzea. Lelo aproposa da gure ogibide honetarako: “batez ere, ez aspertu”.

  Noizpait berrirakurriko dudan liburu erabat dibertigarri bat.

(Territorios gehigarrian)