Idazlea

karikatura.jpg

HARKAITZ CANO Lasarte-Orian jaio zen 1975ean. Donostian burutu zituen zuzenbide ikasketak, baina idaztea izan du beti ogibide. Fakirraren ahotsa (2018) eta Twist (2011) eleberriak, Belarraren ahoa (2004) ukronia, Neguko zirkua (2005) eta Beti oporretan (2015) ipuin bildumak argitaratu ditu, besteak beste. Norbait dabil sute-eskaileran (2001), Pozaren erdia (2022) eta Ulu egiteko bolondres bila (2023) poemarioen egilea ere bada. Irati Jimenezek Mecanografiak (2018) antologia apailatu zuen bere narrazio laburrekin.

Telebista eta komiki gidoilari gisa aritua, zinema eskolak eman izan ditu EQZEn eta Chicagoko Unibertsitatean. Sylvia Plath, Anne Sexton, Hanif Kureishi, Allen Ginsberg eta Raymond Carver euskaratzeaz gain, bera arduratu izan da eskuarki bere lanetako zenbait gaztelaniaz jartzeaz. 

Hiru bider irabazi du Euskadi Saria eta beste horrenbestetan Espainiako Kritikarena. Twist eta Fakirraren ahotsa nobelekin 111 Akademia aipamena ere erdietsi zuen. Galiziako PEN Club-ak Rosalía de Castro saria eman zion 2018an. Dozena bat hizkuntzatan irakur daitezke bere liburuak.