Kaosa txertatu
Kaosa txertatu
Liburua amaitu eta izenburu polit askoa bururatu zaizu. Google-en sartu duzu inork aurrez erabili ote duen ziurtatzeko. Ez euskaraz, ez gaztelaniaz. Hatzak gurutzatu eta esamolde bera ingelesez sartu duzu. Merde! Ez zara lehena. Beste izenburu baten bila hasi behar… Izan ere, Google da hipsterren tarot-a.
Baina zer aldatu da Kasparovek 1996an Deep Blueren kontra xake partida galdu eta lotsatuta zegoela adierazi zuenetik? Gauza bakarra: jada ez dakigula Kasparov gizakia den ala ez. BIO janariarekin eta paper birziklatuarekin bezala, “ziurtagiri organiko bat” sortzea izango da irtenbidea: “Ziurtatu dugu egilea ez dela robota”.
Internetek automatismo eta bulkada berriak ezarri dizkigu, ezarian-ezarian. Batzuk oso xaloak dira, beste batzuk ez hainbeste. Aspaldi ari gara orakuluak ezarritakoaren gainean idazten. Antton Olariaga marrazkilariari entzuna diot sasoi batean ilustratzaile bakoitzak bere karpetak osatu ohi zituela. Urtetan zehar, aldizkarietako irudiak moztu eta “zakurrak” deritzon karpetan gordetzen zenituen, demagun. Aski zen gero nork bere ebakinen karpetara jo eta bat hautatzea. Gaur egun, Google-en “zakurra” idatzi eta lehen hamar erreferentzietako bat hautatuko genuke. Sarean inoiz baino irudi gehiago daudenean, paradoxikoki, munduko marrazkilari guztiak ari dira zakur berberak margotzen. Jaume Valcorba editoreak esan ohi zuenez, internet, infinituak ziren gauza guztiak bezala, gertuegi baitago basamortu izatetik. Alegia, larria dena ez dela AAk gure lana egitea, baizik eta aspaldi hasi ginela gu geroni AA bera egiteko nagiegia den lan horiek bere ordez burutzen.
Itzultzaile automatikoak askoz dibertigarriagoak ziren hastapenetan, akastunak zirelako. Poema txar bat sartu eta hobetu egiten zizun, eragiketa dadaista baten bitartez absurdoaren eremura eramanez. Orain, jostailuak tresna bihurtu direnean, aspergarriagoa da dena. Ez ote da, beraz, gure funtzioa izango berriz ere akatsa —salbuespena— sustatu eta bilatzea?
Hollywoodeko gidoigileen grebaren atzean ere AAak lana kenduko dien beldurra zegoen. Makinak gu imita gaitzake, jakina, baina guk ere aurresan genezake etorkizuneko makina, ala? Kurt Vonnegutek idatzi zuen legez: “Ardura daitezela beste batzuk kaosean ordena jartzeaz; ni, ordenean kaosa txertatzeaz arduratuko naiz”.
Harkaitz Cano (2023-X-23)