¿Ha consumido usted algo del minibar?
Zerrenda hau, euskal idazleen balizko dekalogo baterako zirriborro
proposamena da:
1. Prentsan euskaraz idazten duen idazleari, oro har, gazteleraz idazten duenari baino gutxiago ordaintzen zaio. Asko saltzen duen euskal idazleak, asko saltzen duen gaztelerazko idazleak baino gutxiago saltzen du. Euskal idazlea ohituta dago gauza asko doan egitera, auzo-lana hitza ezagun egiten zaiolako, eta ez duelako hitz hori zaharkitua geratu denik uste. Militantzia? Bizi zaren ingurunea ezagutzea militantzia bada, bai.
2. Euskal idazlea, gazteleraz edo frantsesez soilik idazten duenarekiko begiruneagatik (jendetasunez hezi gintuen amak), gazteleraz edo frantsesez ere aritzen da inoiz. Lehen bi puntuen baturatik ondoriozta genezake, doblea lan egin eta erdia kobratzen duela euskal idazleak.
3. Euskal idazleak badaki, gazteleraz soilik idazten duen idazleak hark ez dituen eta euskarazko idazleak ba ei dituen pribilegio eta abantailen gainean zerbait esaten dionero (dirulaguntzak, argitaratzeko erraztasunak, presentzia medioetan…) isilik egon eta irribarre erdi bat egiten. Espanturik ez egiteko hezi gintuen amak eta guk ez dugu espanturik egiten.
4. Euskal idazleak asumitua du bere orkestra-idazle lana. Kantuen letrak eskatzen dizkiote eta gustura egiten ditu. Gustuko autoreen ahotsak ez dituenez beti aurkitzen bere hizkuntzan, gustuko ahots horiek itzultzen ditu lantzean behin. Antzezle eta artista plastikoekin kolaboratu ohi du haien larruan jarri eta medium bihurtzen saiatuz. Editore bilakatzen da.
Euskal idazlerik ahuntzena ere, idazle soziala da. Horrek esan nahi du diziplina anitzetan aritzen dela –bere lanaren eta talentuaren sakabanaketa eta urritzearen arriskua asumituz–, bere kultur ekosisteman ongi integraturik (maite duten kolegek arrazoi zehatzetan oinarrituta maite dute; gorroto dutenek ere bai). Halaber, horrek esan nahi luke bere bokazioa ez dela “solidoa”, baizik eta “likidoa”, eta, batzuetan, gas egoerara pasatzen dela, horrek daukan desagertzeko arriskuarekin.
5. Hedapen urriko beste hizkuntzetan lan egiten dutenekin batera, auto-laguntzazko kongresuetan parte-hartzea suertatzen zaio txitean-pitean. Etengabe hiztun komunitate ezberdinekin berea konparatzea dakar horrek, halako inbidia edo erruki dinamika antzu batean murgilduz (zein ondo dauden kataluniarrak gure ondoan, guk bagenitu hainbat milioi hiztun…; zein txarto dauden cimbrera mintzo direnak… 800 mohikar baino ez!). Kongresu hauek, autoafirmazioa helburu duten kantu eta dantza saio folklorikoekin amaitu ohi dira sarri. Hizkuntza urrituetan idazten duen idazleak, honenbestez, komeni da bere herriko kantutegia menperatzea eta psikomotrizidade minimo bat izatea.
6. Euskal idazleari galdera gehiago egiten dizkiote hizkuntzaren jatorriaz eta antzinakotasunaz, literaturaz baino. Memoria kaxkarreko euskal idazleak, atzerriratu baino lehen, interneten begiratu behar izaten du aldiro noiz argitaratu zen Linguae Vasconum Primitiae, ahaztu egiten baitu 1545ean izan zela.
7. Euskal idazleak zulo beltzak topatzen ditu etengabe. Bere herrian oinez joan ahala, ohikoa da oso euskarak inolako indarrik ez duen grabitate eremuetan erortzea. Fenomeno hau –zure herrian exiliatu intermitente sentitzea– sarritan gertatzen da, kasu, aireportu eta hegazkinetan, hoteletan, administrazio kontseiluetan nahiz modernitatearekin, bidaiarekin eta ez-lekuekin lotutako erabaki guneetan, sinbolikoki zein ekonomikoki garrantzitsu direnetan. Euskal hiztunak badaki, adibidez, hainbat esaldi sekula euskaraz entzun gabe hilko dela. Kasu: “No coloque su equipaje de mano al lado de la salida de emergencia” edo “¿Ha consumido usted algo del minibar?” (“No, el minibar me ha consumido a mí”). Kezkagarria da hori idazle batentzat.
8. Euskal idazleak bere desagerpen posiblearen kontzientzia maila handia du, hedapen handiko hizkuntzetakoek ez dutena. Badaki ez duela inork irabazten; soilik, batzuek beste batzuek baino polikiago galtzen dute. Kontzientzia hau dela kausa, “patua” hitza askotan agertzen da bere lanetan. Euskal idazleak ez du oinen pean lur irmorik. Duda eta galdera izan daitezke literatura unibertsalari aporta diezazkiokeen bi estrategiarik nagusienak. Ahal balitz, umorez.
9. Hamar euskal idazleetatik zazpik, psikolinguista baten laguntza beharko dute beren bizitzako uneren batean.
10. Euskal idazleak beste idazle guztiek bezalakoa izan nahi luke, baina badaki hori ezinezkoa dela. Eta badaki, halaber, paradoxikoa den arren, beste guztiak bezalakoa izatea ez litzaiokeela batere gustatuko.