Ibaiaz

Epe luzeko helburu eta nahiak maite ditut,
hain epe luzeko ze, badakidan
ez dudala nahi hori asetuko sekula.

Epe luzeko bidaia-planak maite ditut,
hain epe luzeko ze, badakidan
ez dudala hiri hori ezagutuko sekula.

Epe luzeko lagunak maite ditut,
hain epe luzeko ze, ez dakidan
lagun izan ala maitale.  

Ibai luze bat bota dut
maite dudanetik
maite dudaneraino,
ibai luze luze luze bat
hondoratuta ere
urak beti nondik nora jarraituko duen jakiteko,
luze luze luze bat...

Epe luzeko maitasunak maite ditut
hain epe luzeko ze, orbanik ez den sortzen,  
–ezta ohitura ere–.

Epe luzeko eztabaidak maite ditut,
hain epe luzeko ze, badakidan
inorena ez dela arrazoia
–non eta ez den biona–.

Epe luzeko zauriak maite ditut,
hain epe luzeko ze, badakidan
bihurtzen direla galdera ikur.

Ibai luze bat bota dut
maite dudanetik
maite dudaneraino,
ibai luze luze luze bat
hondoratuta ere
urak beti nondik nora jarraituko duen jakiteko,
luze luze luze bat
bota dut
hemendik
horraino
hondoratuta ere
nondik nora jakiteko.

Luze bat...

Epe luzeko nahi eta desioak (maite ditut, bai);
ibai luze bete-gabe-ia-beteak,
irauli baino bihurtzen direnak
epe luzeko
beste nahi
eta ibai
eta
desio.

Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak, 2019)

[Maite Larbururekin elkarlanean idatzia]