Crowdfunding: Santa Eskean?

02 June 2012

Mezenas handien faltan, gora dator mikro-mezenasen aparra. Gure artean, bi baino ez aipatzearren, formula horren aldaki ezberdinak erabiltzen ari dira Kerobiaren hurrengo diskoa ekoizteko eta “Barrura begiratzeko leihoak” filmaren kostuak ordaintzeko. Betiko auzolan kooperatiboa, baina sare birtualen bidez sustatua eta erraztua.

Diru-bilketa hau, baina, sofistikazio maila ezberdinetakoa izan daiteke. Eta eskaintzen duena ere halaxe, ezberdina da kasuan kasu. Sarean topatu dudan bitxienetako bat, Clem Snide taldeko abeslari Eef Barzelayrena izan da. Musika aldizkariek goratua eta Death Cab For Cutie bezalako taldeek maitatua izanagatik, Clem Snide ez da inoiz talde masiboa izan. Benetako talde indie bat, beraz, Bilbon eta Donostian behin baino gehiagotan bisitatu izan gaituena, aldiro une gogoangarriak utziz. “Songs for Mary” izeneko diskoa autonomia askiz eta disketxeen baldintza akigarrietatik at grabatzeko, laguntza eskatu du taldeko liderrak. Zertan da, orduan, ezberdin bere eskaera? Jarritako diruaren arabera, aukera sorta oso zabala, ezberdina, ausarta, eta are, umoretsua eskaintzea emaileei: 10 dolar baino gutxiago jartzen dituztenei, esate baterako, “indie-rock karma adjustment” soila eskaintzen dien bitartean, 10-30 dolar jartzen dituztenei diskoaren deskarga agintzen die, “nahastu eta masterizatu bezain pronto”. 30-45 dolar bitarteko donazioak, aurreko guztiaz gain, diskoaren kopia sinatua eta Eef Barzelayren bideo-arte lanen deskarga suposatuko luke. Hortik aurrera hasten dira berritasun kitzikagarrienak: 50-70 dolar bitartean emanez gero (40 izan dira diru kopuru hori jarri duten zaleak), aurreko guztiari gehitu behar zaio Eef Barzelayk diskoa burutu bitartean inspiraziotzat hartutako 40 kantuen deskarga; bere “musika-tailertxoa” zaleen eskura, beraz. 70 dolar baino gehiago jarriz gero, ostera, aurreko guztiari taldearen kantu arraroak, zuzenekoak eta b aldeak gehitzen zaizkio. Baina aukera ezberdinen in crescendoak ez du etenik: 150 euro pasa jarriz gero, Skype bidezko kontzertu informal bat entzuteko parada (!) izango luke erosleak, Eef Barzelayrekin zuzenean solastatzeko aukera laburraz gain. Apustua hor bukatzen delakoan? Ezta batere: 200 euro baino gehiagoko aportazioak egiten dituztenei kantu bat idatziko die Eef Barzelayk, espreski (jadanik zintzilikatu ditu zenbait Youtuben, tartean, diru-emaileen haur jaioberriari neurri-neurrira egindako bat). Baina kontua ez da hor amaitzen. Kopuru hori gaindituz gero, Eef Barzelayk zuk nahi duzun kantuaren bertsio bat egingo dizu, jakinik “fan-ek hautatutako bertsioz osatutako disko” baten parte izan daitekeela bertsio hori (hemen musikaria ia-ia giza-jukebox bilakatzen den susmoa daukat, ez al da gehiegi?). Oraindik haratago doa, ordea: 500 euroak gainditzen dituzten emaileek “Fan For Life” estatusa eskuratuko omen dute –hemen sarkasmo apur bat–, eta, horrekin batera, Clem Sniden kontzertuetan gonbidatuen zerrendan egoteko eskubidea, “edonon eta betirako”, kontzertu ostean backstage-era sartzeko eskubidea barne (“garagardo guztia ez edateko baldintzarekin”, zehazten du). Bostehun dolar jartzeaz gain bidai-gastuak ordaintzeko prest dagoenari (Nashvillen bizi da Barzelay jauna), nora eta, bere etxeko egongelara etorriko zaio Eef kontzertu akustiko intimoa ematera. Azkenik –eskerrak–, 2000 dolar ordaintzeko bezain eskuzabal dena, parrandan aterako du kantariak Nashvillen asteburu batez, Harpeth ibaira igeri egitera eramango eta kantu bat idatziko dute elkarrekin... Inork ematen du gehiago? 

Joan zen maiatzaren 4an amaitu zen “Songs for Mary” diskoa babesteko dirua biltzeko epea, eta ordurako batuak zituen Eef Barzelayk bere helburua betetzeko hogei mila dolarrak. Garbi dago jendea prest dela modu honetako egitasmo orijinalak bultzatzeko. Besterik da zer gertatuko den, kantari, idazle eta zinegile guztiak parametro hauen arabera funtzionatzen hasten garenean. Eef Barzelayk ulertu du, musikari izaten jarraitu nahi badu, musikari izateko modua aldatu egin beharko duela, beharbada. Sortzaileen eta zaleen arteko harremana estutzeko era bat ere bada sistema hau –zaleetako zenbait sortzaile ere badirela kontutan hartuz, gainera–, baina badu gehiegizko morrontzan eta eskean ibiltzearen kutsu arriskutsu bat ere, Eef Barzelayk grazia handiz eta umore ederrez saihesten duen arren... 

Pentsatzeko moduko gaia eta kontutan hartzeko bideak, edonola ere. 

Territorios gehigarrian