Detektibe basatiarenak

26 de Enero 2013

Almadía argitaletxe mexikarraren eskutik heldu zaigu El hijo de Míster Playa, Roberto Bolañoren soslai argigarria. Itxuratik bertatik hasita da erakargarri liburua, azal trokelatu eta guzti, paperaren etorkizunaz izan ditzakegun zalantzak uxatzera datorren ale horietako bat. Bolañoren hil osteko arrakasta kontutan izanda, pentsatzekoa da aurki argitaratuko dela Espainiako estatuan ere, nahiz eta idazle txiletarraren oinordekoek eta haren agente berriak hartutako norabideak zalantzak sor ditzakeen (urte askotako harremanaren ondoren, apurtu egin dituzte Anagrama argitaletxearekin izandako harremanak). 

Monica Maristain da El hijo de Míster Playa saioaren egilea, eta bertan, besteak beste, Bolañoren mitoa aztertzen du, haren bizitzako pasarteak bilduz edo gezurtatuz, hura ezagutu zutenei egindako elkarrizketetatik abiatuta. Txileko haurtzaroarekin hasi, Mexikon igarotako nerabezaroarekin segitu eta Blanesen emandako azken urteetara arte, camping batean zaindari izan zen garai mitifikatua barne, eta haren izena daraman kalea inauguratu arte –Patti Smith kantaria, idazlearen zale amorratua, izan zen kale- eskaintza honen ospakizunean parte hartu zutenetako bat, erabat bolañotarra begitantzen zaigun pasartean–. 

Izan ere, Los detectives salvajes eta 2666 maisulanekin AEBetan irabazitako ospearen ondoren, Bolañori buruzko gezur asko zabaldu dira: heroinazalea zela, alkoholikoa… Gazte hiltzea aski ez, nonbait, eta haren izaera madarikatua topikoz jantzi nahi izan du batek baino gehiagok (egiaz, ez zuen alkoholik probatzen eta bere bizio nagusi zen kafea bera ere utzia zuen aspaldian: gibel baten zain egon zen urtetan, eta bigarrena zen itxaron-zerrendan heriotza iritsi zitzaionean). Gibela gorabehera, ukaezina da erraietatik idatzi eta hitz egiten zuen idazle apasionatu horietarikoa genuela Bolaño, Antonio Skarmeta eta Isabel Allende bezalako idazleekin izandako ika-mika sutsuak lekuko –ez zuen haien literatura jasaten, baina ez ziren bakarrak, El gaucho insufrible bilduman Arturo Perez Reverteri buruz jaulkitakoak ikustea aski–. Idazle arrakastatsu bat hiltzen denean haren lanak ustiatzea liskarrerako motibo izan ohi da ia beti, eta sestra miserable bat baino gehiago eragiten ditu royaltyen banaketak. Liburuak giza miseria ttipi horietako zenbait kontatzen dituen arren (azken urteetako neskalagunaren eta emazte bananduaren arteko itsuskeriak kasu: nola batari egindako eskaintzak ezabatu egiten zituen liburuetatik besteak, eta abar), ez du zorionez horretan gehiegi sakontzen, eta gehiago da Bolañoren izaerari eta lanei egindako errepasoa. Sukaldari eskasa, hortzak garaia baino lehen galdutakoa, zinezale amorratua, Nicanor Parraren Poemas y antipoemas miresten zuena, Morphine eta Bob Dylan maitatu bai baina musikarako gustu onik ez omen zuena; literatura zen haren bizitzako ardatza. Bolaño jenialaren berri ematen duten hainbat ideia ere aletzen ditu Maristainen saiakerak. Esate baterako, armada baten modura osatuta legokeen idazle latinoamerikarren antologia bat egiteko haren desio ase gabea: idazleak arloka bereizi nahi zituen –marineak, tropa taktikoen ostea, estoldetako operazio ezkutuez arduratuko zirenak…–. Arlokako banaketa horretan, Gurutze Gorriaren ostea omen zeukan garbien: bertan sartuko zituen berari interesatzen ez zitzaizkion autore guztiak, funtzio ezinbestekoa bete arren berak inondik inora bere ondoan borrokan nahi ez zituenak. Ausartuko litzateke inor euskal literaturan halako antologiarik egiten? 

Teoria interesgarri asko daude liburuan barrena, besteak beste, erudizioa insomnioarekin lotzen duen hura. Rodrigo Fresan, idazle txiletarraren adiskide minaren ustez “gauez, ordenagailuarekin, Google-ekin, gaueko kateekin, iragazkorrago bihurtzen zara eta dena dakien super-garun horren ideia sortzen da (…). Bolañoren literatura ere, Thomas Pynchonena bezalatsu, bitxikerietatik elikatzen zen eta nazioarteko arrarokerietatik”. 

Maristainek dio Bioy Casaresek eman ohi zuen idazle onaren definizioaren barruan sartzen zela Roberto Bolaño ere (“Bere irakurleak idaztera bultzatzen dituena da idazle ona”). Ezin hobeto esana utzi zuen La invención de Morel liburuaren egileak: “Idazteko aholkua ematera ausartzen naiz, bizi zaren etxeari beste gela bat eransteko modua delako. Bizitza dago batetik, eta bizitzari buruz pentsatzea bestetik. Eta bizitzari buruz pentsatzea, bizitza intentsitatez zeharkatzeko beste modu bat da”.