Delirioa Delhin (eta II)

24 de Marzo 2018

Ganbiorik ez dizunez inork emango, billete ttipiak eskatzea komeni da. Keinu unibertsalik bada, hauxe: hatz lodia erakuslearekin igurtziz egiten dugun txanpon eskea. Edozein tenpluren inguruan emandako azalpen eskatu gabeak zor du bere propina. Delhiko Arte Garaikidearen Museoan, ordea, ez dago arimarik. Museoko dendan katalogo edo postalik ez oraindik; negozioaren garroek erabat hartu ez duten leku bat,  nahiz eta bildumak mendebaldeko artearen eragin handia izan. XX. mendeko lehen erdian Parisetik paseak dira artista indiarretako asko. Gehitu horri tradizionalki artisautzarekin izan duten harreman gatazkatsua; eskuekin lan egitea beheko klaseen kontua zela, alegia, eskuak zikintzerik ez zegoela, ezta artearen izenean ere, baldin eta pribilegioei eutsi nahi bazitzaien. Azken urteotan baino ez omen da hau aldatzen ari, poliki-poliki.

Hitzaldia eman behar dudan unibertsitatean (Aligarh Muslim University)  “gutxiengo musulmanari” buruz hitz egin didate: ehuneko hamabost pasea baino ez ei dira, Indian. Eta, halere, 150 milioi biztanletik gora.  Gutxiengoaren eskala zer den: ni, egun on batean eta zenbatzaile eskuzabal batekin, milioi bat biztanlera iristen ez den gutxiengo baten ordezkari bezala gonbidatu naute literatura jaialdira. Behiak trenari bezala begiratzen didate. Edo behiak inurriari bezala, zehatzago. “Mila eta berrehun milioi biztanletik gora dituen herrialde bat ez dago gobernatzerik ez bada budinazko eskuaz. Gandhi ere, zer zen bada, autoritarioa ez bazen?”, gaztigatu didate. Modi lehen ministroa telebistan hizketan ageri denean, jendea isildu egiten da jatetxeetan. “Hau berria da, lehen ez zen gertatzen”, esan didate begirada beheratuz. Errepideak egingo ei ditu “eraikitzen ditudanean denek erabili ahako dituzte, baita musulmanek ere”, esan zuen boterera iritsi berritan. Momentuz trenak nagusi izaten jarraitzen du, ordea: zerbaitek lotzen badu India, trenbidea da hori. Trantsito hutsa dira hemen hiriak; errepide eta geltoki inguruetan gauzatzen da batez ere bizitza, zainak nagusitzen zaizkie organo bitalei, zail da esaten zeintzu diren erraiak hemen. 

Uste baino denbora gehiago behar izan dut behi sakratuak ikusteko (agertzen lehenbizikoak tximuak izan ziren, gero arranoak), baina hortxe daude, zurezko gurpildun gurdiei tiraka trafikoa oztopatzen, Tintinen komiki batean duela hogeita hamar urte ikusitako estanpa topiko bezain harrigarri berbera. “Eta, halere, Asiako behiki esportatzailerik handienetakoa da India”. Nola litekeen? Aise: musulmanak dira hiltegien jabe eta kudeatzaile, musulmanak arduratzen dira behiak hil eta haiek saltzeaz. Zenbait gune ttipitan behikia jaten dutenen kontrako erasoek indarrean jarraitzen dute, han eta hemen.

“Eta Pakistan?”. Muturra okertzen dizute. Bisadoa ateratzen duzun unean bertan ikus dezakezu herrialde honekiko tentsioa. “Ba al duzu familiarik Pakistanen?”. “Pakistanen duzun familiako kide hori militarra al da, menturaz?”. Bidaiatzeko baimena lortzeko erantzun beharreko bi galderak baiezkoan daude klikatuta, zerorrek aldatu behar duzu erantzuna eta ezezkoa sakatu. Despistea garesti atera dakizuke. Halere, gazteek ez dute enpatxurik musika indiarrari buruz galdetu eta Nusrat Fateh Ali Khan kantari gustukoena dela aitortzeko.

Erraza da kasta ezberdinetan banatutako gizartea behako hutsez bereiztea, urduri jartzen baita txoferra autoko atea zuk zabaltzen duzunean. Señoritoaren arrastoan sartzen zaituzte berehala, inor deseroso ez sentiaraztearen aitzakia ahalguztiduna baliatuta. Nola ihes egin kode horri? “Kaleko jendeak badu halako duintasun bat”, otu zaizu, “etsia hartuta dagoela dirudi, ezta?”. Zure enegarren juzku okerra izan da, iritsi berriaren miopia: “Ez da etsipena baizik eta onarpena, bi gauza oso ezberdin dira. Ez zaie burutik pasa ere egiten gizartearen beste geruza batean egon daitezkeenik. Etsipena zuen gauza da: kristauona”.

  Yoga ikastaroetatik datozenei begiratu diet itzulerako hegazkinean. Nonbait topatu bide dute sosegua eta espiritualitatea, nik haren aztarrenik usaindu ez dudan arren. Munichera itzultzea etxera itzultzea da. Ez zara sekula horren europar sentitu, eta, aldi berean, munduko biztanle izateko falta zaizun koskaren kontzientzia ere ez zaizu sekula horren nabarmena egin. Eta munduko hiritar izatea batazbestekoarekin bat egitea balitz?  Prest geundeke orduan munduko hiritar izateko? Batazbesteko horretara jaisteko egin beharreko ukoen kopuruaz hasi beharko genuke eztabaidatzen, orduan, serioski. Ukoa, eternalki pendiente dagoen ikasgai hori.

Territorios gehigarrian