Mehldau versus Mehldau

22 de Julio 2009

Gaueko lanak amaituta, musikari gazteak elkartzen dira goizeko ordubietan West Villageko Corner Bistron, Manhattango jazz jukeboxik onenetakoa duen tabernan. 1989ko neguan gaude eta musikari horietarik bat da Brad Mehldau, artean hogei urte eskas. Garagardoa edan, libra erdiko hanburgesak jan eta musikaz mintzatzen dira. Joko inozo samar bat dute hizketarako aitzakia: izen edo deitura bereko musikarien izenak bote-lasterrean jaurti eta bien artean onena zein den deliberatzen dute, biek ala biek musika-tresna edo estilo bera jorratzen duten batere kontutan hartu gabe. Wynton Kelly ala Wynton Marsalis? Sonny Stitt ala Sonny Rollins? Elvin Jones ala Joe Jones? Eztabaidak sutsuak dira, ezin grinatsuagoak. Azken hatsa eman berri duen Jazz Times aldizkarian berritzen zuen Mehldauk pasadizoa, bai eta Kierkegaard aipatu ere joko friboloaren salagarri: “Jokoa zentzugabea zen, maite duguna defendatzea maite duguna gutxiestea da… baina ze ongi pasatzen genuen, aizue!”. 

Hogei urte eta beste hainbeste disko joan dira, eta gaur egungo jazz piano-jotzaileen artean egutegirik beteena duenetarik bat bihurtu da Mehldau. Oso gazterik hasi zen Lee Konitz eta Joshua Redmanen laguntzaile, baina hirukote gisara garatu du bere karrera. Lortu duen ospea, Larry Grenadier baxu-jotzaileari eta Jorge Rossy bateria-jotzaileari zor die neurri handi batean (azken hau Jeff Ballard rockzaleagoak ordezkatu du azken urteotan; aldaketak tarte bortitzenetarako sendotasuna ekarri die, Rossy kataluniarrak pasarte geldoetarako sentiberatasun bereziagoa bazuen ere). Baina hirukotik aparte, bakardadean da Mehldau inoiz baino gehiago Mehldau. Makurka jotzeko duen estiloa, eskuin eskuarekin hipnosiraino garamatzan ostinato errepikakorra kolpatu eta ezkerrarekin motibo nagusiak garatzeko ahalmena, moldatzen dituen pop doinuen baitan haiek konposatu zituzten artistak imajinatzera ausartu ez ziren zokoak miatzeko gaitasuna, standard klasikoak desegin, notaz nota murtxikatu, melodia “urperatu” eta bat-batean modu erabat ezagugarri eta aratzean ur azalera ateratzeko miraria… Mehldau eszenatokian ikustea bi edo hiru piano-jotzaile aldi berean ikustea da. Bakarrik jotzen duenean, ohiko kideen falta sumatu eta haien presentzia galdatuko balu bezala. Zertarako egin musika galdutako lagunak eta istanteak konbokatu eta berreskuratzeko ez bada?

Bakarrik egindako grabazioen artean Elegiac Cycle (1999) izan zuen lehena, baina Live in Tokyo (2004) zuzeneko bikoitza da bere bakarkako gorena. Usu Keith Jarrettekin konparatzen badute ere, bere kasako pianista da Mehldau, eta norbaitekin alderatzekotan, iturrietara, Bill Evans edo Thelonius Monkengana jo beharko genuke zuzenean. Ikasketa ortodoxoak ez dio esperimentaziorako txangoa eragotzi (Largo diskoan), gero jazz klasikoagora itzuli den arren, sor-marka nagusi duen pop musikarekiko kerentzia sekula galdu gabe (Radiohead, Paul Simon, Oasis, The Beatles, Nick Drake). Inor gutxik ukatuko dio melodia dilatatu, azkartu eta abstrakzio puntu epifaniko bateraino moldatzeko malgutasuna. Norbaitek gogoratuko du beharbada, Cesc Gayren  En la ciudad filmaren hasiera: Mehldauren When It Rains konposizioak kontrapuntu ezin hobea egiten dio Bartzelonako teilatuen paisajeari. Zinearekin duen harremana ez da hor bukatzen, Charles Chaplinek Modern Times filmerako konposatutako Smile ere moldatu du, besteak beste. Bere errepertorioan, Porter, Monk eta Gershwin saihestezinak badira ere, maiatzean Village Vanguarden azkenekoz jo zuenean, Alice in Chains taldearen Got Me Wrong kantuaren moldaketa batekin harritu zuen entzulegoa. 

Pat Methenyrekin disko parea grabatu ondotik, haren kotoi-azukrezko atzaparretatik ihes, Mehldaurik onena bueltan da berriz. Bakarrik dator gainera, Europan solo formatuan emango dituen bi kontzertuetarik bat eskaintzera: mikroen laguntzarik gabe da Kursaalean jotzekoa.

Piano-jotzaile bakarrak bere burua izateari utzi gabe aldi berean musikari ezberdinak izateko gai dela dakienean, beldur gutxi buruz burukoari: Mehldau, Mehldauren kontra. Konbatea puntutara erabakiko delakoan gaude. Gu, entzulego errenditua, besaulkietan k.o. hunkituta geratzeko borondate guztiarekin goaz. 

Berria egunkarian