Oilo ipurdia

18 February 2012

Harritzekoa ere ez da Regina Jose Galindo artista (Guatemala, 1974), performer bilakatu aurretik  poesian aritu izana. Haren ekintzen izenburuak ikusi besterik ez dago: El cielo llora tanto que debería ser mujer, Mientras ellos siguen libres, No perdemos nada con nacer… Ekintza bati edo liburu bati, poema bati edo koadro bati izenburua jartzea aski baliatzen ez dugun aukera limurtzailea da. Bataioaren magia horrek testuinguru bat edo kontrapuntu ironiko bat eman diezaioke lanari, gero datorrena gutxietsi edo goratu; datorrena indartu dezake, egia, baina baita hari kontra egin ere (askotan gertatzen da, liburu/poema/koadro baten gauzarik onena izenburua izatea… Izenburuz osatutako katalogoak osatzeko gogoa pizten zaigu halakoetan. Zer egin, bestalde, etengabe bururatzen zaizkigun obrarik gabeko izenburu umezurtz horiekin?).

1999. urtean zubi batetik zintzilik poemak errezitatzen hasten denean abiatzen da Regina Jose Galindo artistaren jardun publikoa. Hitzen plastikotasunak eta indar iradokitzaileak goia joko du, ordea, Guatemalako emakumeek pairatzen duten bortxa salatu asmoz, bizarra mozteko xafla batekin “perra” hitza soinean tatuatzen duenean. Kontua asko estutzen da orri batean idaztetik zeure larruan bertan idaztera igarotzen zarenean. Hor ez dago hitzak ezabatu eta berriro idazterik, ez dago zirriborroa garbira pasatzerik. Salaketak eta konpromisoak beste neurri bat hartzen dute, paperaren gaineko hitza lanabes dugunok hutsaren pare sentiarazten gaituena. Eta konpromiso maila horri etengabe eusten dio Regina Jose Galindok, 2000. urtean Guatemala hiriko zabortegian zarama-poltsa garden baten barruan sartzen denean, biluzik; edota psikiatrikoan giltzaperatua izan aurretik mangeraz “garbitzen” dutelarik, edota, 2003. urtean, ¿Quién puede borrar las huellas? ekintzaren baitan, Efrain Rios Montt diktadoreak gizateriaren kontrako delituetan izan zuen parte hartzea irudikatu nahirik, artistak Konstituzio Gortetik Guatemalako Nazio Jauregirainoko bidea oinak odoletan dituela egiten duenean. Arte lanek “isiltasuna hankazgora jar dezaketela” sinesten du Galindok, ez, ordea, mundua alda dezaketenik. Izan ere, Rios Montten kontrako salaketari esker oso saritua izan bada ere, bere etsipenerako, Guatemalako herritarrek Otto Perez Molinari eman zioten handik gutxira bozka, hura gerra garaian genozidioan nahasita egon zela jakinik ere (“Kolpe gogorra da, harea esku artetik ihesi doakizula jabetzen zarelako”). Regina Jose Galindoren lana unibertsala den arren, nekez izango luke daukan indarra Guatemalarik gabe: haren ekintzei beha dauden herritar arruntak ahoa bete hortz ikusten ditugunean jabetzen gara bere lanaren benetako indarraz. Museoetatik urrun dago: lotura handia du jende xehearekin, nahiz eta heziketa artistiko apalekoa izan jende hori –edo justu horrexegatik–.

Donna Conlonen hitzetan “artista performer honek bere gorputzarekin egiten du lan, beti bere proiektu artistikoa burutzen duen lekuan. Bere gorputz indibiduala, emakume ahularena, borrokaren eta erresistentziaren gorputz globalaren metafora gisa. Baina bere lana ez da metafora hutsa, ez da biolentziaren irudikapena, ez da banakoaz gizarteak planteatzen dion deshumanizazioaren irudia; aitzitik, gertakarien errealitatea adierazten du”. Garden eta gordin adierazi ere, erantsiko genuke.

“Mintza” da Galindoren lanak ikusita burura etortzen zaigun beste hitz bat: ez mintzairari dagokiona, baizik eta kanpo-barne aldeak bereizten dituen mintz hori. Norbere azala izan daitekeena, edota artistaren gorputza biltzen duen ehun gardena, zabor poltsa amniotikoa, oskola (Caparazón lanean, kasu) eta baita himena ere (mintz hau berjosteari buruzko Himenoplastia hausnarketa lazgarrian). Pisu handia dute, bestalde, indarkeria ekintzei eskainitako lanek (“salatu bainoago, eztabaida piztu nahi dut, botereak zein egoera baliatzen dituen erakusteko”). Ildo honetatik segituz, Confesión lanean bera torturatzeko eskatu zion bolondres bati (“lur jota amaitu zuen, ez zen inolaz ere garaile sentitu, baina bere borondatez onartu zuen parte hartzea”). Muturreko esperimentua ekarri zuen Artiumeko erakusketaren irekierara ere: hilotzak gordetzeko hozkailu baten barruan sartu zuen bere burua, hotzak gorputzaren baitan eragindako aldaketak ikusteko aukera izan zezan bisitariak.

Oilo ipurdia erakusketan 1999. urtetik hona burututako hogeita hamar ekintzen laburpena dago ikusgai maiatzaren 1era arte. Performeraren figurarekin berradiskidetu eta haren indarra zertan datzan ikusteko aukera paregabea.

Ez galdu.