“Inside Moebius”

26 de Marzo 2011

Atera berri da Frantzian “Inside Moebius” saileko seigarren alea, azkena omen dena, nahiz eta Jean Giraud tartean egonda, ez dagoen ziur esaterik (gazteleraz Norma etxeak argitaratu ditu lehen bi koadernoak, liburuki bakarrean). Azken urteotan, egomania gehiegizkoan erori eta trazuan errazkeriara jo izana leporatu diote Moebius ezizenarekin ezagun egin zen Jean Giraud komikigileari bere jarraitzaile sutsuenetako askok. Haren ahalegina aintzakotzat hartzekoa delakoan nago, ordea; hain boladan dagoen autofikzio ariketa marraztua baita finean “Inside Moebius”: metakomikia eta autoparodia à tout et plein. Egileak bere burua marrazten du “B” izeneko basamortuan alderrai, eta basamortu honetan aurre egiten die kontu eske edo abentura berrietarako istorioen erregu datozkion pertsonaiei. Ez dira falta eskaera hertsakorrak eta trapu zikinak leporatzeko uneak (“marraz nazazu gehiago eta hobeto!”; “Ni ez naiz horrelakoa… nire pertsonaiak ez luke sekula horrela hitz egingo!”), egilearen krisialdiaren lekuko. Pirandelloren Sei pertsonaia autore bila antzezlanaz akordatu gara tarteka,  Blueberry, Arzak, Malvina eta beste hainbat lagun zahar autorearen jiran ikusita. Horraino iritsirik, erantzun posible asko dituen galdera otutzen zaigu: zer egiten dute komiki bateko pertsonaiek komikitik kanpo daudenean? Existitzen al dira? Erabil al ditzakete  beste marrazkilariek, beren kasa? Zein parametroren barruan? Komiki industriarik komertzialena iaioa izan da pertsonaiei etekina ateratzen –baita haiek sortu zituzten gidoilari zein marrazkilariak hil ondoren ere–, crossover istorio gurutzatuen bidez arrakastatsuak ziren superheroiak nahastu eta istorio berriak plazaratuz. Literaturan, ostera, trikimailu hori berori ez da hainbeste erabili, klasikoekiko errespetu gehiegiagatik, beharbada (hori litzateke hipotesi baikorra), edota klasikoen gainean dugun ezezagutza dela kausa, akaso (hori litzateke hipotesi ezkorra). 

Alta, bere pertsonaiei bakarrik ez, Moebiusek aurre egin beharko die “B” basamortuan bere beste niei ere. Horrela, Moebius helduak Moebius gaztea  topatuko du aurrez aurre, biak eztabaidan eta solasaldi –ez beti lasaian– ipiniz. Nork ez du inoiz duela hogei urte zenarekin aurrez aurre hitz egin nahi izan? Aukera hori izatekotan, nola portatuko ginateke? Sergi Pàmiesen La bicicleta estàtica ipuin bilduman ezustean elkar topatzen duten garai bateko maitale ohien moduan, akaso? (“Hogeita hamar urte eta berrogeita hamar kilo baino gehiago pasatu dira, baina badute  elkarren dekadentziak harritzen ez dituen itxurak egiteko bezainbesteko dotorezia”; horra Pàmies ere, haren liburu guztiak “Inside Pàmies” izenburupean argitara daitezkeen idazle handia).

Egia da ohituak gaudela aspaldian diario edo kronika kutsuko komikiak irakurtzera (No te olvides de recordar, Píldoras azules, Persépolis, Arrugas, El invierno del dibujante, María y yo…) eta egileak komikiaren barruan azaltzea ere kontu zaharra da oso. Geure haurtzaroko Mortadeloren istorioetan bertan, urrutirago joan gabe,  zenbat aldiz ez ote zen Ibañez marrazkilaria agertzen, izerdi patsetan haren buru soila, arkitekto-mahaiari lotuta, bizkarra konkortuta guztiz… Oraindik orain, huraxe begitantzen zait artista torturatuaren irudi behinena.

“Inside Moebius” sortan, fikziozko pertsonaiak zein sortzailearen beste niak aski ez balira, eguneroko errealitate gordinetik erauzi eta komikira ekarritako pertsonaiarik ere topatzen dugu. Dorre Bikien aurkako erasoen ostean marraztutako bigarren liburukian, kasu, Bin Laden berberak betetzen du orrialde gehien. Moebiusek “B” basamortura ekarri du Osama, tea elkarrekin hartu eta borrokaren zentzuaz eztabaidatzera (“lotsatzen naiz baina ez naiz damutzen”),  Geronimo  ere  tartean  dela –buruzagi indiarra Bin Ladenen alde lerratzen da, bide batez–. Azkenean, Malvinaren sorginkeria dela medio, marrazkilariak emakumezko lirain baten gorputza emango dio Al Qaedako buruzagi bizardunari. 

 “B” basamortuko ezerezaren erdian, harrizko bunker kubiko bat da Moebiusen gotorlekua: bertan babesten da eta bertan dago preso. Tarteka, kutxazain automatikoaren antza hartzen du bunkerrak, eta bere pertsonaiak galderak egitera datozkio, autorea fusila ateratzeko zirrikituaren barrutik haien itaunak erantzutera behartuz. Nekatuta dago egilea hainbeste galderarekin. Eta, hala ere, marrazten jarraitzen du, bere baitara bilduta, ez dakielako besterik egiten.

Zoragarria Moebiusen alter egoak paperaren gainean gaixotzeko duen modua: tinta beltza botatzen du ahotik.