Rafa Rueda

Angel

Kristalezko hiri
bat eskaini didate.
Kristalezko leiho,
kristalezko ate.

Kristalezko hiri
bat eskaini didate:  
kristalezkoa ni
ez banitz bezala.

Garden ohiturak
berdin gurak ere…

Nire kalte!

Gezurrezko hitzik
ebaki gabe:  
egi gose. 

Txikitako
irakaspen... 

Ahula dut nire
disimulu nahia.

Zer uste dudan
denek badakite, oraintxe.

Galdetu eta esan
zintzo eta fite,
oraintxe.

Egiaren bila,
egiaren bilau:
egiak egin nau...
hauskorretan hauskorren.
 
Gizon beirazko,
gizon beirazko.

Hiri kristalezkoa (Elkar, 2017)




Jon

Xanpain kopaz egin topa:
“hautsi nahi duten guztiei”.
Ez diozu inori deus
eskatzen.

Leihotik kanpora so,
erantzun gabe bi dei;
hor konpon denei.
Ez dakit zu nor zaren,
ez dakit zer labirinto...
Ez dakit gu zer garen,
larrimina beste.
Ez dakit zu nor zaren,
ez dakit zer algoritmo
larrimina gozamen
bihurtzeko,
bihurtzeko.
 
Bakarrik egin duzu topa
eskafandra jantzita:
hodeiak gizen daude
euri morez.
Kixkali duzu hiri hau,
Lurra utzi aurretik
azken gaua da gaur.

Aztarnak ezabatu:
lan bat gehiago,
lan bat gehiago.
Krimen goxoa da hau:
lan bat gehi…

Ez dakit zu nor zaren,  
ez dakit zer labirinto.
Ez dakit gu zer garen,
larrimina beste…
Ez dakit zu nor zaren,  
ez dakit zer algoritmo
larrimina gozamen
bihurtzeko,
bihurtzeko.

Hiri kristalezkoa (Elkar, 2017)