Iker Lauroba

Amurik ez

Ez ni, arren, zigor:

hire gauzak ez bil.

Abandonatzeko

ederregi dun hau... 
 


Zerk betetzen hau? 

Bakarrik zer haiz?               
Zirkulurik ez da                  
amets erdiekin.   

Beti bueltaka                        
bi maitale ohi.
Bi arrain               
ontzian               
igeri.

Bi arrain

ahoa
zabalik.        

Ez egin maleta,           
ez deitu inori:      
ni izango naun txofer              
hire ihesean.          
 


Itsasargi haiz,

segaren argi                  
horizontean.   
 


Zer esan elkarri,                 
esnatzeko bihar   

ametsak osorik?      



Bi arrain

ahoa                        
zabalik.

Zeru tolesgarria (Stringedwood Musika Elkartea, 2015)
Entzun hemen kantua

Tristezia stereo

Ba al dago ezer
egin dezakedanik zugatik?
Hemen edo hor, ote naiz neu
zu pozteko gai?
Zure gainera
tristezia amilduta dago;      
bihotz barruan
zauri ireki,
latz, garratza.
Tristeziak stereo
soinua dauka:
zure erraiak
irauli eta
egizu dantza.

Entzuten zaitut,
atez bestaldean negarrez;
zotin-malkoak
laister bota
errekarentzat.

Zuk zeuk adina
balio duenik ez da asko:   
dotore jantzi,
kalea da zain,     
zoaz ehizan!
Tristeziak stereo
soinua du, bai;
zure esku dago
dantzatzea        
haren eskutik.

Zeru tolesgarria (Stringedwood musika elkartea, 2015)

Azken trago bat

Azken trago bat hartu,
goiz samar da oraindik,  
dena dago zabalik...
Aspaldiko partez, gurea da gaua.
Non ibili nahi duzu?  
Taberna berrietan
ala betikoetan?
Lasai, hemen inork
ez gaitu ezagutzen.
Garai batean, besterik ez genuen nahi,
soberan zen, edozein har eta damu.

Hilik bukatu
arte edan eta edan.
Hilik, gerora ere
badugu nahiko denbora;
beraz, gurea da gaua.

Ez beheratu kokotsa,
azken tragoa da eta...
Norbait duzu etxean?
“Niri bost axola”,
xuxurlatu dizut.
Hurrengoa
zin dagizut, da azkena.
Garagardo bat erdibana sikiera...
Gauza gehiegi ez gorde zuretzat:
esan sekretu
gramotxo bat behintzat.
Ez dut besterik nahi...
Aurrekoa zurea zen:
orain niri tokatzen zait.

Zeru tolesgarria (Stringedwood musika elkartea, 2015)


Berria auzoan

Etorri nirekin,  
maitea zaitut oso:  
berria naiz auzoan.
Zure lepotik
nahi nuke goxo-goxo,  
bidean biok alai.
Auzo honetan, –paradisuan–,
ez dakit mugitzen:
taupadaka, metronomo bat,  
galeraz  galera.

Etorri nirekin,
nik ez dakit bidea:
berria naiz auzoan.
Kale berriak
dira hauek niretzat,
erakutsi nondik den.
Itsu nabil, makilik gabe,  
bazterrak kolpatzen.
Itsu nabil, gidari gabe,
esku baten bila.

Zenbat zubi zeharkatuta
iritsiko naiz
behingoz, zugana?
Zenbat zubi erre behar ditut
paradisurantz, zenbat,
iluna gainditzeko?
 
Zenbat zubi  
dinamitaz lehertu
beste inor ez heltzeko,  
zugana?
Zenbat zubi,
urik ez badator
nire zapaten petik
batere?  
Zenbat zubi  
zeharkatuta
jiratuko zara
behingoz, nigana?
Zenbat zubi,  
hasi aurretik
baldin banago jada  
zurekin  
zorretan
blai?

Zeru tolesgarria (Stringedwood musika elkartea, 2015)


Gauza arinen alde

Geriza
haizetan,
zer beste
behar da, ba, bizitzeko?
Aulki bat,
ohe bat, izarak,
bi esku, neureez aparte.
 
Nork ez du zurekin      
ezin zenba
gau oso nahi?
Xerlo hori hau
kiribilduz lokartzea?
Gerizaren
gerizan,
itzal bat
itzal bati so.
Luma baten pisua
ezpainez ezpain.

Ontzi bat
lakuan,
zer beste
behar da, ba, bizitzeko?
Arraun bat
edo bi aukeran...
gozoki, hondoratzeko.

Ametsak
ezin zenba ahala:
laurogei, ehun edo mila;
zaharrak
usteldu orduko
berriak errekamaran prest.

Beude gure zain
Paris, Roma, eta Amsterdam.
Egin zuk arraun,    
nekatuta naukazu gaur.  
Kareletik zama bota;
nire kontu
kantu leun hau
etorkizun urrunaren
zamarik gabe.

Zeru tolesgarria (Stringedwood musika elkartea, 2015)


Haizeari sehaska kanta

Haizea zakar dabil,
hego harroa.
Ai, zenbat neke
bultzada horrekin
doaz urrunera...
zuri esker.  
Kopa hustu bat,
jateko gogorik ez,
lo ederrak, nau harrapatu
zentinela
zu zaintzeko,
nahiz sarri zorabiatu.
Lo ederra, lo zaindua,
esnatu zain.

Haizea zakar dabil,
ipar hotzena;  
bi herensuge
zoratuta daude
ziztuka kanpoan...
Zu lasai lo,  
zainduko zaitut
esnatu arteraino.
Lo ederra, lo zaindua
egiteko
nago hemen.  
Ez ikaratu zu gaur:  
lo ederra, lagun onak,
mundua zain.  

Betazal bat lehenbizi,
gero beste bat:  
“Egunon, maitea”
“Ze ordu dugu ba?”,
galdetu duzu.
“Goiz oraindik;
zaude pixka bat
gehixeago
izara artean lo”.
Lo ederra, ni begira.
Lo ederra, lo arnasa...  
Hor konpon mundua, bost!
Lo ederra, egizu lo;
lo, haizea.

Zeru tolesgarria (Stringedwood musika elkartea, 2015)

Igande betirako

Lagunekin piknika,
horrek asebetetzen nau gaur.
Lagunekin piknika:  
intxaur batzuk, sagar otarra.
Egunik luzeena,
argietan argiena da gaur.
Lagunekin piknika:  
ez ahaztu, denei abisatu!
Ezkontza lekukoei,
lekuko ezkonduei,
maitale sekretuei,
sekretu maitaleei;
aitaren nobioa
ez dadila faltatu,
ametsetako neska,
eskuraezin zena.

Lagunekin piknika,
horrek asebetetzen nau gaur.
Lagunekin piknika:
ardo gorri, ardo nafarra.
Egunik luzeena,
argietan argiena da gaur,
lagunekin piknika:
ez ahaztu, denei abisatu!
Abisatu guztiei:  
hilei eta biziei,  
gauzak garbi utzi gaur,    
etsai eta lagunei,
Adam eta Evari,
ama santisimari...
Hau da gure aukera
ez utzi aldegiten.   

Lagunekin piknika,
horrek asebetetzen nau gaur.
Lagunekin piknika:
botila ron, zer ba, bestela?
Egunik luzeena,
argietan argiena da gaur.
Lagunekin piknika,
ez ahaztu, denei abisatu!
Muxu bana guztioi,
muxu eta eskerrak!
Igandea delako,
etzanda gaudelako,
zelaiaren gozoan,
arbolen itzalpean,
sagarrei koska egin,
zure ezpainei ere bai;
egin dezagun gaur jai,
zuk eta nik ere bai.
Autoa aparkatu
giltzak ibaira bota...
Ez gara itzuliko,
ez gara itzaliko;
igande luzeena,
igande betirako.

Zeru tolesgarria (Stringedwood musika elkartea, 2015)

Jolas-parke hutsa

Haurrik gabe dago haurren
jolas-parkea;
txirristra luzea, zurezko kaiola
hondarrez betea.
Biok hemen biltzen ginen aspaldi hartan,
zaldiko-maldiko,
kolunpioetan,
dena geneukan:
gauero, kulunkan biok;  
kulunkan, hari batetik;   
gauero, kulunkan biok;
gauero, kulunkan biok…
goxo-goxo...

Mendi errusiar edo siberiarra?
Galduta genbiltzan, ispiluen gelan
deformatzen ginen.
Talka-autoetan nola, bada, aspertu?
Katu eta xagu
elkarri segika.
Horrela zen lehen:
Gauero, kulunkan biok;
kulunkan, hari batetik.
Gauero, kulunkan biok;
gauero, kulunkan biok...
goxo-goxo...
 
Berriro, kulunkan biok,
izuen tunelaz barrez.
Tarteka, pozez negarrez.
Ezjakin, hari batetik
zintzilik  ginela,
zintzilik han.

Zeru tolesgarria (Stringedwood musika elkartea, 2015)

Lagunen mina

Gaztetan bada mila lagun,
nonahi dago bat;
laguntzeko prest beti denak:
lau lagun ginen gu.

Gaztetan bada mila lagun
barrez lehertzeko.
Denborak higatzen du dena
harririk harri.
Lau ginen, lau lagun on:
bat zen hiriz aldatu.
Lau lagun, hiru orain...
nork daki?
Bi gero,
bi baino ez...
errepidean behera
marrak irentsi nahian
faroen argitan,
deusen beldurrik gabe...
bide bakartietan;
hiru lagun,
bi edo
bat gero...

Non daude lagun zaharrak
barre egiteko?
Izenak
ahaztu egin ditut
lagun haienak.

Lagun min ginen baina,
jada ez dut sentitzen
minik ez, haiengatik
lagun min, minik ez.
Bi ginen, gero bakar,
akaso, erdia.
Lagun bat bakarrarekin
nola egin gerrilla?
Gerrilla?
Ezin da!

Zeru tolesgarria (Stringedwood musika elkartea, 2015)


Maite miau, ez miau maite

Asko gara
etxean gaur,
bete dira aulkiak.
Zuk alde egin duzunetik
lagun berriak dauzkat:
Buffalo Bill, Billy The Kid,
eta Zezen Eseri.

Ez dut nahi
pentsatzea
nagoenik bakarrik,
pozik gabiltza gairik gai   
Batman eta Robin.
Entzun ongi,
Katemea,
ondo naiz zu barik.
Spiderman sukaldari
trebea da zinez.

Den dena esateko...  
dena ez da perfektu:
Hulk berdeak kolpatu nau,
egun txarrak ditu.
Oroitzen dut
batzuetan
marruen gozoa.
Batez ere
esnatzean
harramazka gabe.
Zu, eme maskaratu...
Zu, teilatuz teilatu...  
Zu, ene maskaratu…

Zeru tolesgarria (Stringedwood musika elkartea, 2015)

Okerreko gelan

Guztiz isilik nago,   
nahi ez nahi, halaxe da, bai:
gela zahar hau
arrotza zait orain.
Aise ikus ditzaket
haiek ez ezagutzeko gai:
bi ume alai, ez dauzkat nire gain.
Kaleratzeko zain,
ume hauei, zer esango diet?  
Aldegin, utikan!
Beste bat da zuen aita.
 
Gelaz aldatu egin naiz:
bi neska larrutan pozik,
poz alarau,
niri so daude, hara!
Lagunak banitu lez,
min eta aspaldiko lagun!
Poz alarau: “Koldarra edo zer haiz?
Hator, hemen etzan!”
Eta nik ezetz
lizun haiei...
Okerreko gelan ote nago?
Hostal, hotel,
gaur, atzo, bihar?
Aurki, etxea
lagunez bete...

Urtebetetze jai
festa fin bat, gaur balitz bai...
Nortzu zarete ba?
Izen bat bakarra eman!
Okerreko gelan
bi-hiru dei, hetero-gay...
“Ez da zenbaki hau!”
Zoro haiek, zoro haiek?
Ni ote nago ba, eta ez haiek,
okerreko gelan?

Zeru tolesgarria (Stringedwood musika elkartea, 2015)

Zeru tolesgarria

Patrikan, bi sosez gain
komeni
gauzen artean
gordeta
larrialdi-zerutxo bat
tolestuta,
lauzpabost doblatan edo,
zer gerta ere.

Zerua
tolesgarri,
urdin huts
grisaren kontra
dosi bat,
garbi, garden,  
dosi doi bat...
barre egiteko.
Arbela zikinegia
dagoenean
berriz hasteko.
 
Zeru  
pusketa bat,
zeruaren
argazki ez dena.        
Soberan
hodei oro,
imitaziorik ez!
Ez onartu zeru apurtua, baizik eta,  
zeru portatila.
   
Foto-karnet itxurako
zeru txiki bat,
tolesgarria.

Zeru tolesgarria (Stringedwood musika elkartea, 2015)


Abisatuta nengoen

Barrutik hustu nau,
aiztoz edo labanez.
Hortxe doa gauez gau,
oinez, gero motorrez.

Abisatuta nengoen:
“Laguna,
atzetik dabilkizu...
Azalpean sartzen bada
-behin aski-
ahots hipnotikoak
zauzka preso,
besoz beso”.

Hor gelako txokoan,
ez da ezeren damu;
nire gazteluko jaun
eme, ar edo santu,
bere eliza sortu du.
Ni neu nau
fede itsura bihurtu.
Otoitz bat eskaintzen diot
haizetan
errauts bilaka nazan.
Nauka preso,
besoz beso.

Zer fede, bera ez bada?
Gauez gau esna, ezin lokartu:
badakit esna alferrik naizela,
harentzat ezer gutxi nintzela.
 “Ni berriak” behar ditu.

Zeru tolesgarria (Stringedwood musika elkartea, 2015)
Entzun kantua hemen