Abenduak 29

Hitzordu bat, adibidez hemen, orri zuri honetan. Zita baten zain derrigorrezkoak diren hitzetan pentsatuz bakarrik. Beste ezertan ez, bakarrik hitz horietan pentsatuz. Jendea pilatzen ari da zubietan, bakarka edateko binaka edatekoak diren likoreak. Gabonak dira: laguntza eskatzen dute trapuzko hartzek eskaparateetako sasietan harrapaturik. Zaldi karrerak lurpean, zaldi karrerak lurpean... “Brown baby” xuxurlatzen ari zait, Nina Simone walkmanean... Bihar belaontzi batek naufragatuko du giza-galeren galerian, baina guri zer? Ahoko lurruna, bizarreko lanpernak, kale hauetan ibiltze hutsa zoriontsu izatearen pareko dela gogorarazi nahian.

Abenduak 29 (Resistencia, 2005)