Nork behar du koblakari bat?

Maiatzak 26, 2018

Lubakietako zaku dekonstruituen antza dute Javi Ullaren argiztapenak sotileziaz iluminatzen dituen eszenatoki hondoko paper –ehun?– zimurtuek. Burko bihurtu diren hondar zakuak dira akaso, ala Kubako uharteko olatu apartsuei egindako keinua? Javi Ullak jarri dizkio argiak, urte luzez egin duen moduan, dotore, single, eraginkor. Teknikari berriz, Jonan anaia ekarri du. Lanera dakartzazun lagunak badira aski printzipio deklarazio: “Zaindu maite duzun hori”. Ruper Ordorika “bakarka” iragartzen zuen kartelak, eta halaxe sartu da Donostiako Antzoki Zaharrera. Antzokia, beteta. Erritual kutsua du honek, garai batean Mikel Laboarekin gertatzen zen legez. Ezin bestela izan, Laboaren San Juan kaleko harrizko plaka gogoratu du duela ia hamar urte ezkutatu zitzaigun maisuari Sekulabelardiko kantaria eskaini dionean. Laboaren gainean mintzo diren kopletan legez, Ruperri buruz gauza berbera esan genezake, zilarrezkoak dituela ahotsa eta jarrera, urrearekiko alergia eta Olinpoarekiko interesik ez. Zilarra aurkitu nuenekoa titulatu zuen behin kanta bat. Espanturik gabe egin du bere bidea, koherentzia miresgarriz. Eta gu denok, ikus-entzule leialok, zertara etorri gara? Magritten moldean esateko: hau ez da kontzertu bat. Bi egun dira Arnagako adierazpena publiko egin dela. Zein ote, ordea, bakearen soinu banda? Badu, batere? Beharrik bada? Haizea garizumakoa ez litzateke txarra; udaberria eta eguraldi onaren iragarpena da haize hori. Ederrak eta arnasgarriak dira Ruperren doinuak, baita hezurretan eskaintzen dizkigunean ere. Bandaren babes eta ñabardurarik ezean –badaezpada: musikariez ari naiz hemen–, hitzek pisu gehiago hartzen dute. Arreta berezia eskatzen zaio entzuleari, hatz puntekin uki daitekeen zerbait hauskorra daukagu eskuetan. Kanta bakoitza koblakariak gure aurrean zuritu eta eskainitako fruitu bat da, biluzte bat, zentzu guztietan, nola musikalean hala autobiografikoan. Atxaga, Sarrionandia, Luigi Anselmi, Dionisio Cañas..., etxerako moduko poetak denak. Beraz, kartelak dioena gorabehera, Ruper ez dago horren bakarrik.   

Duela ia berrogei urteko Hautsi da Anphora (1980) hartako Herdoilarena kanta entzuteko parada izan dugu, bai eta Guria ostatua (2016) diskoko Ireki atea ere, bidaia bere osotasunean. Ulises, Itakara itzulia. Zain dauden bihotzeko lagunez, babeslekuez eta etxera itzultzeaz, zenbat kanta. Koblakariaren narrazioa, geruzaz geruza, gure biografiarekin txirikordatzen doala sentitu dugu, kontzertuak aurrera egin ahala. Zeharkakoa da Ruper Ordorikaren hitz egiteko modua: “Behin eta berriro galdetzen didate noiz idatziko dudan nire belaunaldiari buruzko kanta bat, eta nik erantzun, norberak idazten dituen guztiak direla”. “Elkarbizitza jokoan, eta zu, berriz, bertso ttikietan. (…) Hemen okerreko belaunaldikook,/ ezertan asmatu ez dugunok,/ nor bere lotsaz ardura dadila/ gu geureaz arduratzen bezala”. Hori baino aitorpen zintzoagorik egin daiteke? Ene begiek abestu du kontzertuaren erdi aldera, “baimenik eskatu gabe beren bidea egiten duten” kantak badirela aipatuz. Hunkigarria zait, beren bidea egin duten kanten kopurua Ruperren kasuan, zenbat ur-marka gure bizitzako horman geratu direnak, haietako asko ia-ia oharkabean; hit hutsal eta lehergarririk ez, gradualki iragazten dira bereak eta ez zaituzte sekula abandonatzen. Martin Larralde abestu duelarik, “nork behar du koblakari bat?” galdetu du, itaun erretoriko horren erantzuna audientziaren buruan dagoen jakitun: “Denok. Koblakaririk ez daukan herria, herri hila da”.  Euskaldun izatea zein nekeza den gogorazi ostean, aholku bat eman digu, ia ahapeka, hartu beharreko jarrerari buruz: “Beti ere, kiroltasunez”. Esperantza bat aitatu du gero, bere semeak etorkizunean kanta hori entzutean aita zertaz ari den ez ulertzea. Airean geratu dira lagun alaiak, rona eta kresala. Bilbo herdoildutik Antilletara joan gara eta handik etxera itzuli. Bidaiaren iraupena: ordu eta erdi.  Linbo batean gustura, zerutik pasa gabe.  

Bisetan, Arkaitz Miner gonbidatu du hauskortasunari ñabardura gehiago ateratzera. Agurrean, gitarra lurrean pausaturik haren mastari heltzean, brankako maskaroi baten traza hartu du Ordorikak. Ez da izango guda-ontzia berea, ez da galeoia, ez vikingoena, ez eta pirata-ontzia ere, beharbada. Ez da abordaje handietarako jaio. Eta, halere, zein irmo –eta zein leun– eusten dion lemari. Edozein delarik ere ibaiaren zabalera, haren ontzian nahi genuke bestaldera heldu, bestalderik balitz.  

Territorios gehiarrian