Hiria zer den

Urtarrilak 27, 2018

Galdetzen badidate zer den hiria, erranen dut denbora neurtzeko asmatu zen termometroa dela. Edo, zehatzago, metronomo bat. Beharbada, Don DeLillok zioen legez, denbora naturatik aldentzeko modua besterik ez ziren izan ziutateak, taupada berri bat ezartzeko moldea. Hori da hitza, moldea. Honela dio Mathias Énardek Calle de los ladrones eleberrian: “Hiriak bezatu egiten dira, edo, hobe esan, haiek bezatzen gaituzte gu; ongi portatzen erakusten digute, geure atzerritar oskola galtzen dugu haietan; geure gainazal dorpea erauzten digute, funditu egiten gara ziutatearekin, hiriek haien itxura eta borondatearen arabera zizelkatzen gaituzte;  geure une hartara bitarteko portaera baztertzen dugu, gorantz begiratzeari uzten diogu apurka-apurka, ez dugu jada metro geltoki batera sartzean zalantzarik egingo, kadentzia aproposa geureganatuko dugu, erritmo onean goaz. [...] azkenerako, Bartzelonak, Londresek eta Parisek, zakurrak bagina legez bezatzen gaituzte”.

Denboraren makina direla ere esan liteke: hiri batzuk beti etorkizuna kortejatzen ari direla dirudien bitartean (Tokio), beste batzuk iragana ohoratzen dute taigabe (Erroma). Hiriaz hitz egitean, gehiago mintzatu beharko genuke denboraz, eta gutxiago arkitekturaz. Ariketa polita dateke koloretako kronogramak egitea, situazionistek ohi zutenez, hirian ordu gehien pasatzen dugun guneekin, beti ere, pasatako denbora hori geure borondatez edo borontearen aurka igaro dugun zehaztuz, kasurik kasu. Hiriko mapa guztiz ezberdin bat sortuko litzateke hartara. Hainbat leku difuminatu eta desagertu egingo lirateke, beste batzuk itsasargien indarraz distira egingo luketen bitartean. Existitzen da txoko bat inork ez badu bisitatzen sekula? Eta ez bada inor inoiz oinez pasatzen bertatik? Sailka ditzagun tokiak beste modu batera: bakarrik paseatzeko guneak, lagunekin egotekoak, konpainia bilatzekoak, behin baino egon ez zaren lekuak, gomendatu bai baina nekez bisitatzen ditugunak... Galdetzen badidate zer den hiria, erranen dut hiri horretatik erraz alde egiteko aukerek egiten dutela hiria eder. AHTaren eztabaida oraindik pil-pilean dagoelarik, Donostia eta Bilbo gauerdian lotuko lituzkeen diligentzia baten zain jarraitzen dugu askok. Hori gertatu bitartean, gaueko hamarretan kalabaza bihurtu eta itzali egiten zaizkigu auzo hiriak.

Turismoa dela edo barrioetako giroa dela, kexatu egiten gara usu, bizi garen lekuak aldatu egin direlako, ia beti txarrerako, nonbait. Ez da deus berria, Baudelaire flâneur handia gauza beraz aienatzen baitzen: “hilkorron bihotza baino are azkarrago aldatzen da hirien itxura”. Kontua hau da: hiria herentzian jasotzen dugun zerbait izan arren, guk geronek bertan bizi eta aldez edo moldez eraldatzen dugunean, ez dugula jada geurea bailitzan sentitzen, beste sasoi bateko haren oroimena –haur edo gazte ginenekoa, oro har– geureagoa zaigulako. Guk geuk parte-hartzen dugun hiriaren ondoan maileguan jasotako beste hura hobesteak, malenkonia antzu batera garamatza beti.

Aspaldiko lurrin iragarki hark zioen legez, hiri batera iristean ere, lehen inpresioa da geratzen dena. Ez dezagun gutxietsi lurpeko autobus geltoki estu batera iristearen edota zabalgune ireki eta argiztatu batera iristearen arteko aldea. Ez da gauza bera hitzordua Victoria Station-en edo Atxuriko geltokian egitea. Ez dezagun gutxietsi lagun baten bila tren-geltokira joan eta  itxarongela ttipiegia delako oharkabean pasatzea ezinezkoa suertatzen zaigun hiri baten deserosotasun itogarriak geure izaeran duen eragina.

Inditexen dendek hiri erdigunean dituzten metro karratuen eta hiritar kopuruaren arteko hiruko erregela ere bada hiria. Tunel kilometro baten prezioa azaldu beharrean, trenbide azpiegituraren zentimetro baten kostua argitzen duen alkate arduratsua. Hiria da, esate baterako, zeure lagunak edo zeure nobelako protagonisten nortasuna udan bainua hartzeko hautatzen duten hondartzaren arabera definitzea. “Idazleak hiri konplexuekin obsesionatzen dira, hiri horietan bizi diren gizon-emakume konplexuak ulertzea delako haien obsesio”, dio Suketu Mehtak La vida secreta de las ciudades saiakeran. “Zer da hiria bertan bizi den jendea baino?”, itauntzen zigun jada Shakespearek. Galdetzen badidate zer den hiria, erranen dut telebistarik gabeko tabernak direla. Porrot egin duten negozioen inbentarioa. Hiria, bere dendak adina, bere lokal itxiak dira: horietako bakoitzaren paretik pasatzen zarenean irudimenaren bidez zabaltzen dituzun liburu-denda imajinarioak, non, argitu beharrik ez dago, zeure gustuko liburuak baino ez liratekeen salduko.

Territorios gehigarrian