4 3 2 1

Irailak 09, 2017

Idazle askorekin gertatzen da: iristen da sasoi bat munduaren laginak paper gainean jasotzeari gutxi iritzita, garai oso bat, belaunaldi bat edo giza izatearen esentzia bera konplexutasun ororekin jaso nahi izaten dutena; bizi puskak aski ez eta, bizitza osoaren epifania lerro artera ekarri. Eskertzen da anbizioa. Emaitzaz haratago, osotasun besarka ezin hori besarkatzen saiatzea bera da interesgarria, ikustea nola egiten dion aurre bakoitzak besarkada ezinezko horri, zer sartzen duen zakuan eta zer kanpoan utzi –dena jaso nahi duena hankamotz geratzen baita beti; miresmena eta errukia, biak sorrarazten dizkigu tarteka–. Halakoxea da Paul Austerren azken eleberria. Ia mila orrialdetan barrena, pertsonaia beraren (Ferguson) lau avatar ezberdinen bilakaera aletuko zaigu, euren haurtzaro, nerabezaro eta lehen gaztaroa kontatuz, 1947-1970 urteen bitartean, AEBen historia astindu zuten gertaerak oso aintzakotzat hartuta (Kennedyren hilketa, Newark eta beste hainbat hiri sutan jarri zituzten gatazka arrazialak, hippien loraldia, Vietnameko gerra...).

Bizitza osoa liburu hau idazteko prestatzen aritu dela aipatu zuen Austerrek nobela aurkeztean. Egiaz, bere obsesio guztiak eta bere liburu guztien zantzuak daude bertan: tximistak jota hiltzen den lagunaren enegarren aldaera, zine mutuari oro har (eta Laurel & Hardy bikoteari, zehazki) aitortzen dion eragin sendatzaile katartikoa, idazlea idazle bihurtzeko bere buruarekin borrokan, keinu metaliterarioak, beisbola, judutarren idiosinkrasia lauso bezain uka ezina, diruak edo dirua lortzeko kalkuluak protagonisten bizitzan duen pisu narratibo kasik narritagarria... Fergusonen destolestearen konbentzio fantastikoa albo batera utzita, liburu errealista dela esan liteke (Austerren nobelarik errealistena, beharbada), eta zoriaren pisua aski neurtua dagoela beste liburu batzuekin alderatuz gero: “jendeak zoria esaten dio, baina ezustekoak gertatu egiten dira; ez da kasualitate kontua, fikzioaren mekanika baizik”.

Ezin bestela izan, Fergusonen ametsa idazle izatea da avatar guztien kasuan. Avatar bakoitzak bere bidea hautatuko du, ordea: kazetari sartuko da bat, amerikar-bat-Parisen estereotipo hemingwaytarrean murgilduko beste bat... Berritasunik aipatzekotan, pertsonaien iniziazio sexualari eta haiek bizi duten nahasmen sentimentalari eskainitako orrialdeak aipatu behar, harreman homosexualetan arreta berezia jarrita. 60etan unibertsitate ikasle diren pertsonaien gaztaroa kontatzen zaigun heinean, idealismo dosirik ere ez zaio eleberriari falta, Trumpen Amerika honekiko hain ezberdina zatekeen herrialde baten aldeko borrokaren isla barne (irakurri ahala, saihestezina da ibilbide luzeagoa emanez gero Ferguson hauek izango luketen etorkizunean pentsatzea).

Nobelistaren tempoa eta eskala ez dira ipuingilearenak, eta mila orrialdetako koteak ahalmentzen du geruza bidezko idazketa, alubioi gisako sedimentazioa, horrek dakartzan abantaila eta arriskuekin: bizitza oso bateko intendentzia diruditen zerrenda luzeak, datuen pilaketa galgarik gabea, gertaera historikoen kronika, adarkadura ugari, xehetasunak “taxonomikoki” jorratzeko aukera, bide posible guztiak agortu nahia... Bere hastapenetan hainbat ipuin –“gehienak ikaragarri txarrak”, bere hitzetan– idatzi ei zituen Austerrek, baina deigarria da sekula narrazio laburren bildumarik ez argitaratu izana,  Smoke filmaren abiapuntu izango zen Auggie Wren-en gabonetako ipuina hartan bere gaitasuna agerian utzi zuen arren. Horren ordez, nobelen barruan eskaintzen dizkigu Austerrek hariarekin zerikusirik ez duten istoriotxoak; zenbaitetan sinopsi garatu gabeen mailan laga ditu, zertzelada gutxi batzuekin arrasto iradokitzailea utziz irakurlearen memorian. Beste batzuetan aldiz, zergatik uka, arantzatxoa sentitzen dugu, gaingiroki aipatzen dituen ipuin zirriborro horiek gehiago garatu ez dituelako egilea madarikatzeraino. Arina eta bizia izan da beti Austerren idazmoldea, eta oraingoan ere halakoxea da, gertaera, datu eta deskribapen pilaketan duen fedeak beti nobelaren alde egiten ez duen arren. Ez da erraza, bestalde, mila orrialdeko eleberri bat ixtea, eta amaiera koherentea den arren, digresio anekdotiko eta bitxi samarra hautatu du azken errematea emateko.

66 urterekin hasi zen Auster nobela idazten, bere aita hil zen adin berberean. 70 dauzka orain, Fergusonek izango lukeen adina, hain justu.  “Ezinegona sortzen du zeure aita sekula izan zena baino zaharragoa zarela jakiteak”. 4 3 2 1 den atzerako zenbaketaren ostean, zer idatz lezake hurrena idazle batek? Mundua besarkatzen saiatu ondoren, eskala ttipiko mundutxoetarantz itzuliko ote da bere arreta? 

Territorios gehigarrian