Graffiti literarioa ERB MON graffitigilearekin elkarlanean

Paisajea azpititulatzen

Euskarriari buruz hitz egiten dugu papera edo formatu elektronikoa beste aukerarik ez balego bezala. Horratx hemen hirugarren bidea, idazle bati gutxitan emana zaion luxua: paisaje hiritar bateko hormetan ipuin bat idaztea. Jendearen ahozkotasuna hormetan idatzitako hitz eta esaldietatik bertatik probokatzea. Auzo bat irakurgarri(ago) egitea. Izan ere, Eibarko Txonta auzoan osteratxoa ematea aski baita jabetzeko zer irakurria asko zeukala auzoak Erb Mon bere muralak egiten hasi aurretik ere. Desgaraiko zenbat geruza sedimentatu, zenbat mezu sekretu eta zenbat kode zintzilik jarritako erropatan: leopardo larruzko edredoiak, barruko arropak, superheroi etxekotu proletarioak salatzen dituzten Spidermanen pijamak...  Zenbat ate herdoildu. Zenbat tailer eta tailer izandako. Zenbat leiho, leiho izateko bokazio hutsean geratu zirenak. “Utzikeriaren bidezko preserbazioa”, hala deitzen diote nonbait Detroiten behialako bere funtzioak galdu arren aldez edo moldez joandako garaien eta asmoen intentzioa eta itxura zaharkitua mantentzen duten leku horietan gauzatzen den “kontserbazioari”. Utzikeriak ordezkatu du formola. Txernobilgo hiri perimetro hustua dateke beste adibide bat, are muturrekoagoa: denbora izoztuta geratu da, baina materiak usteltzen darrai. Mendiari itsatsitako txaboletan postapokalipsia atzeman genuen, dena galduta dagoenean “ahuntzak mendira” egiten dueneko kontzientzia desesperatua. Eguberri sasoitsuan ibili ginelako han agian, baina ez zen batere zaila paisaje hartan Belengo estalpe postnuklear bat irudikatzea. Leku aparta baita Txonta birjaiotzeko, musikarako, performance edo kale antzerki ekitaldietarako; hala begitandu zitzaigun, plato natural indartsua. Botere publikoek askotan ahantzi ohi dute hori: kultura ordutegiak ere badirela, lokalak doan uztea, edo jada badiren lekuak hornitzea kultur mamiz, ez soilik –eta ez hainbeste– kultura garatzeko eraikinak egitea.

Paretak koadernotzat hartzea da Erb Monen asmoa. Oinezkoak bere joanean topatuko dituen esaldien bidez harilkatzea testua eta kontestua, irudiak eta ikonoak. Inguruari darion enigma hitz hauen bidez kontraesatea edo azpimarratzea. Eraikinak libreki azpi-titulatuz, agian. Bere kabuz hitz egiten zuelako jada paisajeak. Ipuin efimero bat besterik ez da gure hau. Oihu bat edo aldarri bat. Hasierako txinparta izan nahi lukeena. Txontak printza bat behar zuelako hasteko, txinparta bat baino ez.


Bedi eta ikusiko.


2014ko urtarrila

DSCN8970 copia45.jpg