Memoriaren museoak

16 de Noviembre 2013

Torturaren eta berradiskidetzearen inguruko film erdipurdikoa da The Railway Man (Un largo viaje). Eric Lomax (Colin Firth) torturatu egin zuen kenpeitai polizia sekretu japoniarrak 2. Mundu Gerran. Gainditu ezin duen trauma horren aterabidea ikusi uste du bere torturatzailea mendekatzeko aukera suertatzen zaionean. Baina urteak ez dira alferrik igaro. Bera torturatu zuen gizona museo bateko gidaria da orain. Ironia makurra: kenpeitai poliziak erabili ohi zituen tortura eta detentzio gune horietako batean gidari lanak egiten ditu, zer eta, tratu txar fisikoak eragiteko moduak nolakoak ziren turistei erakutsiz. Langabezian geratu den torturatzailea, behiala egin zituen torturen narratzaile eta lekuko bizi bilakatzen da, beraz, eta garai batean tortura gune izandakoa, erakustoki eta memoriaren gune. Nor torturatzaile bat baino egokiago tortura-aparailu makur horien funtzionamendua azaltzeko? Amaiera sinestezina izanagatik –“benetan” hala gertatu zela ohartarazten digute, baina hori da gutxienekoa: errealitateak ez bezala, fikzioak koherentzia eskatzen du– , badu filmak ideia interesgarri bat, zer pentsa ematen duena: Eric Lomaxek bere torturatzailea parez pare topatzen duenean, non eta hura gidari den lekuan bertan, torturatzaileak otzan-otzan eskaintzen dio bere burua, nahieran jipoi dezan. Ulertzen du egin zuenak ez duela barkamenik merezi eta bidezko deritzo tratu bera jasotzeari. Begia begi truk. Mina minaren ordain. Eric Lomax, ordea, hasiera batean berarekin erabili zituzten torturak eragiten saiatzen den arren (arrastaka kaiola bateraino eraman eta hura han giltzaperatuz, kasu), berehala jabetzen da ez diola urte luzetan irrikatu duen mendeku horrek inolako arindurik ekarriko. Alferrikakoa dela guztiz. 

Honenbestez, torturaren "errepresentazioa" hautatzen du torturaren ordez: museoko gelaz gela eta tortura-tresna batetik bestera eramaten du bere torturatzailea, baina ez benetan torturatzeko, ezpada antzezpenaren bidez egin ziotena gogorarazi eta berpizteko. Saihestu egiten dio min fisikoa, eta horren ordez memoria astintze ariketa bortitza eragiten, buruz buruko umiliazio guztiz pribatua –museoa itxita dago: biak bakarrik daude, beste lekukorik gabe–. Torturaren ordez, errepresentazioarekin saiatzen da trauma gaindiezinari aurre egiten. Torturatzailea, museoko gidari bilakaturik, derrigortua dago egin zuena behin eta berriro gogoratzera eta horrekin bizitzen ikastera. Torturatuak, bere aldetik, une hura berpiztuz eta torturaren errepresentazioa torturatzaileari pairatuaraziz sublimatzen du nolabait bere mina. 

Arteak balio ote duen? Horratx, erantzuna. Gertaeren lekura eta unera itzuli eta han exorzismoa gauzatzeko balio lezake. Antzezpenaren bidez. Horixe egiten du Lomaxek, eta horixe lortzen zuen Fernando Guzzoni txiletarraren Carne de perro filmak ere. Kasu hartan, langabezian geratu den torturatzaile txiletarra genuen protagonista, eta Pinocheten diktadura garaian torturatua izan zen aktore batek (Alejandro Goic) jokatzen zuen bere rola. Etsaiaren larruan sartzen zen eta hura ulertzen saiatzen, modu ezin literalagoan. “Ez nuen lortu ez hura ulertu eta ez barkatzea, baina bederen saiatu nintzen”, adierazi zuen aktore hunkituak antzezpen ariketa katartiko horren ondoren.  

Txilen, Santiago hiriburuko Villa Grimaldi detentzio zentroa bisitatzean, zaila da film hauekin ez gogoratzea. Aisialdirako lekua zena tortura gune bilakatu zuten bertan. Beldurgarria ere bada aisialdiaren eta krudelkeriaren arteko bizikidetza nola gauzatzen zen ikustea: egunez plisti-plasta ibiltzeko igerileku zena atxilotuak itomenaren mugara eramateko toki  bilakatzen zen gauez. Hunkigarriena, dena den, Monumento Rieles izenekoa da: kubo ilun bat, itsasoko hotsak jasotzen dituen leku ttipi bat, Quintero badian urpean aurkitutako errail zati herdoilduak gordetzen dituen gelatxoa. Izan ere, atxilotuak lokartuarazi ondoren, errail zatiak lotzen zizkieten bizkarrean zakuen barruan sartu eta helikopteroetatik itsasora jaurtitzeko. Errailez gain, zaku zati txikiak ere badaude izpi doiekin argitutako erakustokian. Baita alkandora bateko botoia ere. Minaren arkeologia, urpean topatua. 

The Railway Man filmean Birmania eta Tailandia bitarteko trenbidea egitera derrigortzen zituzten presoak, bortxazko lan derrigortuetan. Txileko Santiagon, hiru hamarkada beranduago, errail zatiak erabili zituzten presoen gorpuak ur-azalera ez zitezen. Trenbide horien eta berehala burura datozkigun beste zenbaiten bidez konta liteke XX. mendeko historia. 

Territorios gehigarrian